Euskadin beti izan dugu harreman berezia mendiarekin eta mendian praktikatzen diren jarduera guztiekin. Gailurrak egin, bidexka ezkutuetan zehar ibili, edo horma zailenak igo. Berezkoa dugu mendizaletasuna, eta beti saiatu gara txikienen artean sustatzen, bai eskolaz kanpoko jardueren bidez, baita senide eta lagunen arteko planen bidez ere. Aspalditik antolatzen dira txangoak umeekin, gure inguruko mendi adierazgarrienak ezagutzeko. Baina, orain, beste jarduera bat ere badago. Eskalada.

Eskaladaz ari garenean, burura datorkigun irudia natur-gune handietako hormetan eskalatzen ari den jendearena da, hala nola, Naranjo de Bulnes izenekoan, Asturiasen, edota Aragoiko Mallos de Riglos deritzonean. Horiek dira, izan ere, eskalatzaile gehien erakarri dituzten puntuetako batzuk, zailtasuna eta edertasunagatik. Hala ere, eskalada hori baino gehiago da. Horretarako berariaz prestatuta dauden rokodromo edo boulderretan ere praktikatzen da. Eremu edo areto itxiak dira. Altuera desberdinetako hormak jartzen dira bertan, eta horietan gora eta behera ibil zaitezke, presen laguntzarekin. Baina badaude beste mota batzuetakoak ere. Esaterako, Ansioko rokodromoa tunel baten barruan dago eta Europako luzeena da, 65 lineal baititu.

Duela urte batzuk rokodromoak fama hartzen hasi ziren eta adin guztietako eskalatzaileen topagune bihurtu ziren. Hori dela eta, Bizkaiko Mendi Federazioak eskaladako eskola liga bat antolatzea erabaki zuen, txikienei aukera emateko eta bultzatzeko. Espezialitate hau Aldundiaren eskola kirolaren programan sartu zenean, haur gutxi animatu ziren. Hala ere, urteak joan ahala, eskalada indarra hartzen joan da. Zifrak ikustea besterik ez dago. Duela hiru urte, 60 haurrek hartu zuten parte. Hurrengo urtean, izen-emateen kopurua 90era heldu zen. Pasa den denboraldian 100 izen-ematera ere heldu ginen, eta aurten 130 izan dira, aurreikuspen guztiak gaindituta. Igoera hau oso adierazgarria da, kontuan izanda eskalada gutxiengoen kiroltzat hartzen dela. Haur gehienek beste kirol batzuekin uztartzen dute, jardunaldiak hilean behin izaten baitira. Aurten, lehiaketa azaroan hasi zen, Ondarroako kiroldegian. Bigarren jardunaldia pasa den larunbatean egin zen, Portugaleteko Ballonti merkataritza zentroko Climbat aretoan. Aretoa desberdina da gainerako boulderrekin konparatuta; izan ere, ez dago sabairik, berez. Gainerako eremuetan sabaia baxuagoa izaten da; kasu honetan, altuera handia har daiteke. Haurrek ezagutzen zuten lekua, baina ez diote garrantzia handiegirik ematen boulder bakoitzak daukan zailtasun-mailari. "Climbat askoz teknikoagoa da, beste batzuekin alderatuta. Indar handiagoa behar da. Hogei bloketan zatitu dugu, 1etik 20ra puntuatuta, eta koloreak eman dizkiegu. 1etik 5erako blokeak errazenak dira; 16tik 20ra bitartekoak, aldiz, zailenak. Gainera, nagusiek are zailago daukate; izan ere, zailenetan ezin dituzte esku eta oinak nahi duten lekuan jarri. Guk esaten diegu non kokatu behar dituzten. Haurrei gustatu egiten zaie hori, eta ez zaie asko axola zein rokodromotan dauden eta bakoitzaren ezaugarriak zeintzuk diren", azaldu dute federaziokoek. Denboraldi honetan berritasun bat dago: txikienek ez daukate sailkapenik.

Gainerako jardunaldiak honako data eta lekuetan izango dira: urtarrilaren 25ean Gernikako Santanape kiroldegian, martxoaren 14an Leioako Sakoneta kiroldegian, eta apirilaren 25ean Bilboko Piugaz aretoan. Federazioko kideek esan dute zaila dela lehiaketarako rokodromo egoki bat aurkitzea, segurtasun neurri egokiak eduki behar dituela kontuan izanda. Hori dela eta, arazorik ematen ez duen lokal bat ezagututa, bertan errepikatzen saiatu dira.

Eskola mailako txapelketen gauzarik onena da ikustea nola saiatzen diren haurrak zailtasunei aurre egiten. Teknikariek askatasuna ematen diete hasierako maila hautatzeko, eta hainbat saiakera dituztenez, ahaleginak egiten dituzte zailtasunak gainditzeko. Askok badakite zein maila duten eta ez dute arriskatzen, baina beste batzuk ausartagoak dira, eta Spiderman edo Spiderwoman balira bezala ikusten dituzu eskegita. Climbat aretoaren goiko alderaino heltzea erronka handia izan zen eskalatzaileentzat. Bertigoari eta erortzeko beldurrari aurre egin zieten.

Apirilean bukatuko da eskola liga, eta behin hori gertatuta, eskalatzaileek aire libreko horma bat eskala tzeko erronka izango dute, aurten klubean edo ikastetxean ikasitako guztia praktikan jartzeko. Aldaketa handia da, baina oso gustuko dute jarduera, eta ziur gogo handiz hartuko dutela.