"Nire ibilbidean garrantzitsuak izaten diren gauzak bildu ditut, lankideak, musikariak baita pertsonaia mitologikoak ere"

'Aztarnak' diskoa kaleratu du Marina Beheretchek Ezekiel Kolektiboarekin batera. Musika klasikoa eta herrikoia uztartu dituzte lan berri honetan, soinu bereziz beteta

09.05.2022 | 18:31
'Aztarnak' da Marina Beheretche biolin jotzailearen lan kolektibo berria.

Marina Beheretchek (1985, Baiona) ibilbide luzea dauka bibolin jotzaile bezala. Ikasketak Baionan hasi zituen eta gero, urtebetez Donostiako Musikene kontserbatorioan egon zen. Horren ostean, Okzitaniako Tolosako kontserbatorioan egon zen zortzi urtez. Bertan, Ganbara orkestraren parte zen eta 2015etik aurrera Iparraldeko Orkestrarekin jotzen ari da. Beti gustatu izan zaio musika estilo ezberdinak nahastea, musika klasikoa eta herrikoa uztartzea. 2009. urtean 'Lau Sasuak' diskoa argitaratu zuen, bertan jada nahasketa horiek antzematen ziren. Oraingoan, 'Aztarnak' diskoa atera du Ezekiel Kolektiboa lagun duelarik. Arantxa Lannes artistak ere parte hartu du proiektuan, diskoaren azala eta liburuxka egiten, eta oholtza gainean obra artistiko bat ere ondu du.

Mitologian eta kondairetan murgiltzen zara lan honetan, nola izan da bidaia, diskoa sortzeko bidaia?

Gogoa izan nuen nire inguruan biltzea nire ibilbidean garrantzitsuak izan diren musikariak eta asko gustatzen zaidan gai baten inguruan lan egitea. Horrela hasi nintzen obra batzuk biltzen, konpositore garaikideen lanak, ezagutzen ditudan konpositoreen obrak, eta pixkanaka, tresna herrikoiak eta tresna klasikoak uztartzen dituen obrak biltzen dituela ohartu naiz. Gainera, denek bazuten mitologiari lotutako zerbait, eta horrela sortu da 'Aztarnak'. Ni txikia nintzelarik, gainera, Uztaritzeko ikastolan nintzen eta beti Tartalo eta halako pertsonaiak aipatzen genituen. Nahi izan dut nire ibilbidean garrantzitsuak izan diren gauzak bildu, bai lankideak bai musikariak baita pertsonaia mitologikoak ere.

Musika estilo ezberdinak nahasi dituzu diskoan, nondik jaio da nahasketa horiek egiteko grina edo interesa?

Niretzat bi munduak biziki inportanteak dira. Ttipitatik murgildu naiz herriko musiketan, aritu naiz dantzaldietan eta plazetan dantzariekin, baina kontserbatorioan ere ibili naiz klasiko musika jotzen. Bi mundu horiek ez dira sekulan elkarrekin biltzen eta niretzat inportantea da jendea elkartzea eta musika horiek uztartzea. Denek gauza berdina egiten dugu, musika, eta plazera eman, orduan zergatik ez.

Aurretik ere 'Lau Sasuak' lanean musika klasikoaren eta herrikoiaren nahasketa egin zenuen, Vivaldiren 'Lau urtaroak' obra klasikoa moldatuz.

Bai, lehen proiektu horretan ere nahi izan nuen musika horiek nahasi. Bai musikariek elkarrekin lan egin zezaten, bi mundu horietako musikariek, baita publikoak nahasteko ere. Egia da publiko batzuk bakarrik dantzaldietara joaten direla edo plazetan dantzatzera eta beste batzuk elizetan edo gela handietan musika klasikoa entzuteko. Beraz, hori ere zen helburua, bi publiko horiek elkartzea.

Musika estiloez gain, arte diziplina ezberdinak elkartu dituzue. Horretan Arantxa Lannes ezinbestekoa izan da ezta? Zer da zehazki berak egin duena?

Bai, Arantxa Lannes ari da proiektu honetan. Berak irudikatzen ditu musika eta musikariak. Nire lankide hori, ikastolan kide izan zena ere, nire ibilbidean oso inportantea izan da. Bere marrazteko estiloa gai honetatik biziki hurbil dago, mitologiari hurbil, eta asko maite nuen. Bazuen zerbait errateko proiektu honetan, beraz galdegin nion diskoren azala eta liburuxka irudikatzeko. Gero gurekin ari da kontzertuetan ere performance bat zuzenean egiten. Proiektuari zerbait bisuala ematen dio eta iruditzen zait gaia gehiago aberasten duela.

Beste konpositoreekin lan egin al duzu obrak sortzeko garaian?

Bai. Nik nire aldetik bi obra sortu ditut, fandango bat 'Aitari' deitutakoa eta arin-arin bat, eta moldaketa bat egin dut ere, aurreskuaren moldaketa bat tango moduan. Gero beste konpositore batzuei galdegin nien haiek konposa zitzaten obra batzuk edo jadanik konposatuak zituztenak diskoan sartzeko. Haiekin lan egin dut eta begirada bat eman dute obren gainean. Peio Çabalettek, adibidez, bere 'Hegalda' obra ez zen sekulan joa izan eta orain berriz moldatu du diskoan sartzeko. Joel Merah-ren kasuan, 'Amalur' obra disko honetarako idatzi du. Nathalie Biarnes-ek bere 'Eki Noix' obra jadanik konposatua zuen eta nik 2019an egina nuen Baionako kontserbatorioko ikasleekin.

Gogoa izan nuen obra hori berriz hartzeko, txalapartak eta sokak nahasten ditu eta oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Frederic Gaillardet-ek 'Agur jauna' kantu oso famatua moldatu zuen, nire aitak eskatu zion moldaketa hori duela sei-zazpi urte, eta ez nuen sekula sortarazi obra txiki hori eta une ona zela antzeman nuen. Beraz, horrelako obra oso desberdinak nahasi ditut diskoan, batzuk sorkuntzak dira, beste batzuk jadanik taulan edo eszenan izanak dira, eta zinez obra guztiak asko-asko maite ditut.

Kontzertuak ematen ari zarete?

Jada egin ditugu zenbait kontzertu, bai. Eman genuen bat abenduan, egonaldi bat egin genuen gero martxoan eta Parisen ere izan ginen apiril hasieran. Apirilaren 12an diskoren aurkezpen ofiziala egin genuen Zuberoan. Oraingoz ez dugu kontzertu berririk baina zinez espero dugu programatzaileak edo antolatzaileak gogoa izanen dutela taldea gonbidatzeko.

noticias de deia