EÑAUT Gaztañaga (1984) zazpi urte zituenean hasi zen pianoa ikasten eta hamar bat urterekin hartu zuen gitarra. Berehala sortu zuen lehen musika taldea eskolako lagunekin: Amets gaizto. Ordutik talde asko izan ditu: Hilobitik, Azido… 2001ean Grises proiektua hasi zuten. Egun, sei disko grabatu dituzte jada. 2019an Ezpalak taldea sortu zuten eta aurten bigarren lana grabatu dute: Kolpatuz topatu. Momentu honetan, azken disko horren aurkezpen kontzertuekin dabiltza buru belarri. Horrez gain, Gaztain Estudioetan egiten du lan Gaztañagak ekoizle gisa. Nahiz eta arte ederrak ikasi, soinua ikasten ere hasi zen bere kabuz eta Estanis Elorzaren laguntzaz mundu horretan gehiago murgiltzen joan zen, 2011n Zestoan bere estudioa ireki zuen arte.

Abesti bat:

Lehengo urtean grabatu nuen Madeleine taldearen ‘Bestalde eza’. Abesti ederra!

Musika talde bat:

Talde gutxi ezagutzen ditut Rodeo talde zestoarrak bezain beste entsegu eta lan egiten dutenak. Nire miresmen eta errespetu osoa duen taldea da Rodeo.

Liburu bat:

‘La chica del grupo’ (Kim Gordon); Sonic Youth taldeko abeslariaren liburua da. Azken aldian musikari ezberdinen liburu asko irakurri ditut eta hau interesgarrienetako bat iruditu zait.

Antzezlan bat:

Oraintxe estreinatu berri den ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’.

Telesail bat:

‘Killing Eve’ izan zen berrogeialdian gustura ikusi nuen telesailetako bat… Hiru denboraldi kaleratu zituzten eta laugarrenaren zain nago gogotsu.

Kultur espazio bat:

Etxetik gertu dugun Sanagustin kulturgunea (Azpeitia). Bertan bikain programatzen dituzte kontzertuak, antzerkiak, zinea, etab.