Antzokietatik, pantaila handitik baita pantaila txikitik ere ezaguna egin dakioke jendeari Eneko Sagardoyren (Durango, Bizkaia, 1993) aurpegia. Gaztea izanagatik ere, antzezleak mila eta bat proiektutan parte hartu izan du eta mila eta bat pertsonaia gorpuztu ditu bere ibilbidean, kera eta tasun askotarikoak: Altzoko Handia, Alex (Hondar ahoak), Said (Goenkale), Luis (Soinujolearen semea), Merina Gris taldearen 90 bideoklipeko protagonista€ Orain ere badabil, eta gainera, antzokiak eta errodajeak tartekatzen. Etorkizunerako ere badu nahikoa lan, etortzear diren lanak iragarri baititu Sagardoy nekaezinak.

Horrelako elkarrizketetan ohikoena izaten da galdetzea ea zertan dabilen elkarrizketatua. Zure kasuan, ordea, errazagoa izan daiteke zuzenean zertan ez zabiltzan galdetzea. Ez al da hala?

-Nik ere izaten dut sentsazio hori batzuetan. Zenbat ate ditudan zabalik! Horrekin ariketa bat egitea gustatzen zait eta orri batean honako hauek apuntatzen ditut: zer proiektutan nabilen, zer proiektu ditudan aurrerago, zeintzuk etor daitezkeen€ Batzuetan, ez dakit nire burua ordenatzeko eraginkorra den, edo kontrara, antsietate gehiago eragiten didan€ Izan ere, paper horietan ikusten ditut aurre egitea tokatzen ez zaizkidan hainbat proiektu. Baina gustatzen zait hain ezegonkorra den lan honetan, gutxi gorabehera bada ere, datozen hilabeteetan zer etorriko den planifikatzea. Eta une honetan, Maitasunaren itxiera an-tzezlanaren birarekin, Paul Urkijoren hurrengo pelikula izango denarekin eta estreinatu berri den Artxipelagoa fikziozko podcastarekin nabil.

Azken bi urteak zailak izango ziren zuen ikus-entzunezko eta antzerkigintzako alorretan. Gutxika, berriz, martxa hartzen ari dela ematen du. Are gehiago, lanez gainezka zabiltza. Uste duzu zorte kontua dela edo egindako lanaren emaitza da?

-Ez da justua bakarrik zorteari errua botatzea, edo bakarrik ahaleginari. Bata gabe, ez dago bestea. Ez zait batere bidezkoa iruditzen esatea ordu askoren eta lan askoren emaitza dela nire lana. Ni besteko lana eta gehiago ere bai egin duen jendea badago, eta ez du nik izan dudan zortea izan. Edo besterik gabe ez zaie garai egokia tokatu, profil batzuetarako. Gurea fisikoak erabat baldintzatutako lana da. Beraz, nik uste zorteari eta lanari gehitu behar zaiola hirugarren faktore hori: zer itxura duzun. Bai onerako eta baita txarrerako ere. Egia da azken faktore hori gero eta lausoagoa dela eta horren alde egiten ari garela, fisiko batek ahalik eta pertsonaia gehien egin ahal ditzan. Estereotipoek eta kanonek hor jarraitzen dute, hala ere.

Azken urteetan streaming plataformak direla-eta, ikus-entzunezkoek protagonismo handia hartu dute aisialdian, eta etengabe ekoizten ari dira telesailak, pelikulak€ Nabaritu al duzu gorakada hori? Aldatu egin da lan egiteko modua?

-Ukaezina da boom handi baten aurrean gaudela. Orain dela urte batzuk pentsaezina izango litzateke zenbat lan egongo zen telesailen ekoizpenean. Lehen kate generalistak baino ez zeuden. Orain, panorama erabat bestelakoa da, zenbat plataforma eta zenbat kate daude? Nire inguruan, telebistan eta zineman ari-tzen diren ezagun asko ditut, alderdi teknikoan zein aktore moduan. Haiengan ikusten dut nola lanez lepo dauden, nola lanei ezetz esan behar dieten. Etxebizitzen burbuilarekin ere alderatu izan dugu. Nik zortea izan dut plataformekin lan egiteko aukera asko izan ditudalako. Gero, agian, beste bide batzuk hartu ditut, baina korronte hori hor dudala jakiteak lasaitzen nau. Hala ere, zeharka ere begiratzen diot eta uste dut uneren batean eztanda egingo duela. Ez da sanoa jasotzen ari garen gainprodukzioa. Irudiez eta narratiba oso frenetikoaz kutsatuta gaude, eta horrek eragina du bai kontsumitzaile gisa eta baita pantailetatik haratago ere. Irudimena hipotekatzen ari gara. Irudiei interpretazioa emateko genuen gaitasuna apaldu dugu, nolabait.

Apirilean aurkeztu zenuten arren, orain ari zarete 'Maitasunaren itxiera' antzezlanaren birarekin, Miren Gaztañagarekin batera. Nola egin diozue aurre berriz erronkari?

-Udaberrian aurkeztu eta saio gutxi batzuk baino ez genituen egin. Udan, antzokiak itxita egon ohi dira eta udazkenean biratxoa egitean pentsatu genuen. Hiru hilabeteko bira izango da bakarrik, izan ere, oso emanaldi exigentea da guretzat. Bikote baten haustura antzezten dugu, eta gogor xamarra da. Bakoitzak ordubeteko bakarrizketa dugu, eta beraz, ordubeteko entzunaldi bat ere bai. Zaila da fresko eta bizi mantentzeko, eta ordu asko kendu dizkigu eta kentzen dizkigu. Bira laburrak, beraz, horretan buru belarri egoteko aukera ematen zigun. Gogo handiz gabiltza egia esan, denbora luzez egin nahi genituen obra, zuzendaria eta idazlea direlako. Miren eta biontzat lan hau elkarrekin egitea amets bat betetzea da. Gainera, aktore moduan asko ikasi dugu, beldur asko gainditu ditugu eta eremu berrietara iritsi gara. Lan gutxirekin gertatzen zait, baina antzezlan hau egin eta gero esan dezaket aktore moduan gauza askoz gehiago egin ditzakedala: baliabide gehiagorekin eta ausartago sentitzen naiz.

Ez da Gaztañagarekin lan egiten duzun lehen aldia. Zer moduz moldatzen zarete tandemean?

-Mirenekin lan egitea da atmosfera oso sano batean lan egitea, oso elkar zainduta sentitzen garelako eta askatasuna dugulako gustatzen zaizkigunak eta gustatzen ez zaizkigunak esateko; bizitza konpartitzen duzun pertsona batekin lan egitea, bere alde on zein txarrekin; asko ezagutzen dudan pertsona batekin lan egitea ere bada, eta asko esker-tzen da hori gure lanean. Gainera, ezagutu dudan talentu handieneko aktorearekin ari naizela esan dezaket. Intuizioz egiten du, animalia eszeniko bat, eta oso sakonera egiten duena. Bere bizitza eta lana gertutik bizi ditu eta, esan dezaket hortaz oholtza gainean apurtzeko bikotekiderik onena dela.

Era berean, 'Irati' pelikularen errodajean zabiltzate asteotan. Zer aurreratu dezakezu filmari buruz?

-VIII. mendean kokatutako istorioa izango da. Eneko Aritzaren papera egiten ari naiz, eta fedeari buruz hitz egiten duen filma da. Hain zuzen, nire pertsonaiak kristautasunaren eta paganotzat jotako sinesmenen arteko krisia bizi du. Aitaren gorpua bilatu beharko du eta lan horretan Irati izeneko neska basatiaren laguntza izango du. Hainbat gauzekiko ikuskera irauliko dizkio neskak.

Bestalde, estilistikoki ikaragarria izango den filma da. Ez dugu horrelakorik inoiz ikusi. Azpimarratu nahiko nuke, halaber, Edurne Azkaraterekin lan egitea zer plazer izaten ari den, ona delako bai pertsona modura, bai aktore modura. Zeresan handia emango du ziur. Paulekin berriz lan egitea itzela da, konfiantza osoz aritzeko erraztasunak jartzen baititu. Errementari-tik lagun bihurtu den tipo zoro eta ausart bat da. Oso pozik, beraz, eta batez ere, asko disfrutatzen.

Bestetik, 'Artxipelagoa' estreinatu berri duzue, EITB-Podkastentzat ekoitzitako en-tzunezko fikzioa. Bertan ere antzezle aritu zara, baina ahotsa jartzen, oraingoan. Zer moduzko esperientzia izan da?

-Oso podcastzalea naiz, eta proposamena oso interesgarria iruditu zitzaidan, izan ere, lehen aipatu ditudan gainesposizioari eta erritmoei kontra egiten dielako. Irudirik gabe, barne-biltzera behartzen zaituen lana da, zure artxipelago propio hori sortzera. Esperientzia hori, gaur egun , ikuslea sortzaileen sentiarazi dezakeen esperientzia da. Talde bikaina egon da atzean: Santi Salvador, Oier Aranzabal, Juan G. Andrés€ Lan handia egin dute. Aitziber Garmendiarekin lan egitea tokatu zait, eta esango nuke pantaila handian geroz eta gehiago ikusiko dugun aktorea dela, sekulako lana egiten ari baita.

Gaiak ere badu bere jokoa, utopia ikaragarria sortu duten arren, gaur egunera ekarri daitekeen istorioa kontatzen delako, eta sumendiaren gaiarekin, are gehiago. Horrek ere lagundu egiten du istorioan murgiltzen. Oso gustura aritu naiz, benetan. Ea honek euskarazko fikziozko podcast gehiago ekartzen dituen.

Zinema, telebista, antzerkia, orain podcasta ere bai€ Ba al dago oraindik egin ez duzunik eta arantza kendu nahiko zenukeenik?

-Arantza baino, bulkada sentitu izan du aspalditik beste aldean jarri eta zuzentzeko. Eta hain justu, datorren urtean Sumendi eta Galapan ekoiztetxeekin nire lehenengo laburmetraia zuzenduko dut. Beldurrez eta errespetuz, baina aldi berean, itxaropentsu. Urte hauetan guztietan hainbeste zuzendari hain desberdinekin egon eta gero, zerbait eman didate. Hori datorren urtean izango da beste proiektu batzuekin batera. Momentuz, orain nagoen proiektuetatik oinak gehiegi altxatu gabe. Nahikoa daukat astean zehar VIII. mendean egotetik asteburuetan bikote baten apurketara pasatzera.