EGUNEROKOAN bizi dituzten gaiak dituzte hizpide Idoia Torregarai (Usurbil, Gipuzkoa, 1974) eta Mirari Martiarena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986) umoregileek Luze edo Motz ikuskizunean. Hain zuzen, feminismoa eta euskara uztartzen dituzte, eta o-raindik ere ezkutuan dauden "emakume kontuez" aritzeko aprobetxatzen dute aukera, hala nola menopausiaz edo masturbazioaz. Haien arabera, umorea tresna "egokia" da "genero kontuak" deseraikitzeko, eta, baita horiei buruz barre egiteko ere. Are, andreek umoregintzan izan beharreko presentzia ere gogoan izan dute.

Bitxia da ikuskizunaren izenburua. Zergatik hautu hori?

-Mirari Martiarena: Frontoi batean ikusi genuen irudia da, eta emanaldi hau sortu aurretik argi genuen izenburua hori izan behar zela. Ikuskizunean jorratzen ditugun gaiak hizpide, nolabait nahi genuen pentsarazi ea gizarte bezala zenbat gaitan goazen luze, edo, doazen batzuk, eta zenbatetan gelditzen garen, edo, diren, motz.

Horretarako, zenbait gai lantzen dituzue, feminismoa eta euskara lagun.

-Idoia Torregarai: Hiruko ardatz bat dago: umoretik, genero gaiak eta euskara, oraindik zer esan badagoelako. Uste dugu umorea tresna egokia dela genero kontuak deseraikitzeko, horietaz barre egiteko eta pentsarazteko. Beraz, erabaki genuen ildo horiekin jarraitzea, eta, egun ere horrela jarraitzeko dugu, "emakume kontu" horietaz barre egiten eta konpartitzen.

Zeintzuk dira kontu horiek?

-M.M.: Batez ere guk egunerokoan bizi ditugun gaiak, edo bizitzako garai ezberdinetan bizi ditzakegunak; esaterako, hilekoa jaisten zaigun unea. Andreok bizi ditugunak. Eta ohartzen gara horiek plazaratzean gizonentzat oso ezezagunak direla; guretzat hain normala dena gizakiaren erdiak ez daki zer den. Harridurazko aurpegia izan ohi dute sarritan.

-I.T.: Saiatzen gara bigarren mailakoak diren gaiak azaleratzen, era horretakoak baitira oraindik ere andreen kontuak. Ez dute zentralitaterik, eta, beraz, pentsatu genuen erdigunera ekarri eta guk hitz egin behar genuela horiei buruz. XXI. mendean gaude, baina horrelako gaiek, hala nola emakumeen masturbazioak eta sexu grinak, tabua izaten jarrai-tzen dute.

Hautu kontziente bat da, beraz.

-M.M.: Bai, eta argi genuen. Hala ere, jendeari oraindik gogorra egiten zaio oholtza baten gainean bi emakume hain gizonezkoena izan den umorea egiten ikustea, eta, gainera, horrelako gaiak lantzen aritzea. Ez da ohikoa edo jendea ez dago horretara ohituta.

Zein izan ohi da publikoaren erantzuna?

-I.T.: Jende asko hurbiltzen zaigu saioa bukatzean, eta, emakume askok eskertu egiten digute eginiko lana, nolabait bazelako garaia publikoki egia hauek esatekoa.

Gai hauek umoretik lantzeak beraien normaltzea al dakar?

-M.M.: Bai, normaltasuna, eta baita presioa kentzea ere; azkenean, umoreak eta barreak hori lortzen du. Badu gaitasuna zerbait kontatzeko, tentsionatzeko, baina, barre egitean askatzeko. Bada erreminta bat gogorrak zaizkigun gauza horiei aurre egiteko, azal gogor hori leuntzeko.

Eta deseraikitzeko?

-I.T.: Baita. Sarri, ez dugu pentsatu ere egin gai hauek badutela maila publikoki hitz egiteko, hori erakutsi digutelako; esan digute intimitatean gorde behar direla. Gizarte hau oraindik oso motz dago horri dagokionez, eta ikusten duguna da mundu hau gizonezkoen neurrira eginda dagoela, beraien begietatik; hori nabarmen gelditzen da gure saioa ikustean.

Beharrezkoa al da emakumeek sortutako umorea egitea? Eta emakumeentzat?

-M.M.: Emakumeek egitea bai, baina, gu bi emakume izanda ez du esan nahi emakumeentzat egiten dugunik bakarrik, nahiz eta jendeak hori pentsatu sarritan. Gure publikoaren kopururik handiena hala da, eta, asko maite ditugu, baina gizonezkoentzat ere bada. Gizonezko umoregile baten kartela ikustean inork ez du zalan-tzan jartzen edozein joan daitekeenik; beraz, zergatik jartzen da zalantzan bi emakumerena ikustean? Hor ere motz gelditzen gara, eta bide luzea dugu egiteko.

-I.T.: Esaten da feminismoan betaurreko moreak jartzen direla; guk, jartzen ditugu moreak eta umoreak. Hori gure marka bat da.

Egun, zein da umoreak duen joera?

-I.T.: Umorea anitza da, eta hori ona da. Umore mota asko dago. Betidanik, edo, aspaldidanik, egon da, euskaraz. Badago tradizio handi bat umoreari lotuta, hala nola antzerkia eta bertsolaritza. Egia da gerora Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi dela stand-up comedy edo bakarrizketa formatua, eta azken urteetan boom bat egon dela. Baina umoreak aukera asko ematen ditu; oso plastikoa da, eta, zorionez, euskaraz gero eta zabalagoa da aukera. Umorea ondo pasatzeko egiten da, plazererako; gero eta gehiago egon, hobe.

Zuen kasuan, hau bigarren ikuskizuna da. 'Bakean dagoena, bakean utzi' da lehena.

-M.M.: 2017aren amaieran eman genuen lehen pausoa, baina gero forma ematen hasi ginen 2018ko otsaila aldera. Ibilbide emankorra izan da, eta ia berrehun plaza egin genituen. Hor oraindik ere barre egiten dugu, eta gai gara gauza berriak sartzeko. Sekretuaren zati bat hori da: guk ondo pasatu eta barre egin bitartean hor jarraituko dugu. Azken emanaldi honekin ere ia urtebete egin dugu, eta oraindik barre egiten dugu. Biziak dira bi emanaldiak.

Pertsonalki, nola amaitu duzue umorezko bakarrizketak egiten?

-I.T.: Mirari eta biok aspalditik ezagutzen gara, eta zuzeneko konexioa izan dugu hasieratik, batez ere umorea biziera bat bezala ulertzen dugulako. Bagenituen bizipen batzuk ere berdintsuak, eta baita umorea egiteko modua ere. Gerora, urte batzuk pasatu ostean, orain sei urte inguru, Mirarik zuen irratsaio batera gonbidatu ninduten, eta bertan galdetu zidaten ea zer nuen egiteko. Erantzuna izan zen Mirarirekin monologo bat egitea. Hor hasi ginen tiraka. Umore bikiak gara.

Zein eragin du zuengan umorea elkarrekin egiteak?

-I.T.: Erraza da; naturalki atera-tzen da. Badakigu zerk eragingo digun barrea; batzuetan, umore telepatikoa daukagu. Harreman mota bat ere bada, ez erromantikoa, baina bai umoristikoa eta maitasun handikoa.

Naturalki ateratzen zaizue, beraz, umorea egitea, baina, oro har, erraza al da?

-M.M.: Gu ja entrenatuta gaude txorakeriak esateko. Bizitzan umorea zure ardatz izatea erabaki bat da, hautu bat, eta, beraz, beti betaurreko horiekin joanez gero, errazago sartzen zara dinamika horretan. Badakizu noiz egon behar duzun serio, baina tentsio momentuetan txiste bat botatzeak ere arindu dezake traba hori. Hori erabiltzen jakitea beste erreminta bat da bizitzarako.

-I.T.: Batzuetan esaten da drama egitea errazagoa dela umorea egitea baino, eta arrazoia oso sinplea da: drama batekin denok identifikatzen gara oso azkar, denok izaten dugu enpatia, gizakiok hori konpartitzen dugulako, baina umorea ez da horren automatikoa. Barrea egin arazteko, partekatu egin behar dira erreferen-tziak pertsonekin, eta denok ez ditugu patroi berberak. Baliteke albokoari grazia egitea eta niri ez. Umorean, barre egiteko, behar dugu zerbait izan komunean zuk eta nik.

Beraz, umoregileak zarete?

-M.M.: Hasieran, esaten nuen bakarrizketak egiten nituela, hobby bat bezala, baina ja behin aurrera egin ahala esaten dut umoregilea naizela, umorea egiten dudalako. Onartu behar zaio norbere buruari ere gai zarela umorea egiteko, eta beste edo-zein lanbide bezala izendatu dezakezula.

-I.T.: Hori oso emakumeena da gainera; iruzurgilearen sindromea. Guk hasieran hori ere eduki genuen, baina dagoeneko ahaldunduta gaude. Iraultza egiten dugu oholtzara igotzean; umorea egitean ere iraultza bat egiten dugu, gizonezkoena izan delako; eta, gainera, generoari buruz hitz egitean hirugarren bat dago. Guk gure bidea eginda daukagu, eta umoregileak gara.

Bideak ahalduntzeko balio izan dizue?

-M.M.: Zalantzarik gabe, eta publikotik jasotako berotasunari eta babesari esker ere zure buruarengan sinetsi dezakezu. Emanaldiak ditugu, baina era guztietako bakarrizketak eta ekitaldiak aurkeztu ditugu.

Eta ba al daukazue aurrera begirako asmorik?

-I.T.: Orain ikuskizun honekin luze nahiko genuke egon, eta nahi dugu pandemia aurreko erritmoa berreskuratu eta Euskal Herritik bira handi bat egin. Hala ere, argi dagoena da oraindik Mirarirekin sinatuko nukeela beste hainbeste urtetarako kontratua.

-M.M.: Zergatik jarri epe muga bat? Umoregile sortzaileak gara, eta, beraz, hau bukatzean beste zerbait sortuko dugu.