Feminismoa, emakumeen egunerokotasuna, terminologia, egoera ezberdinak€ Dena batu eta komedia erabilita, 55 minutuko obra an-tzezten dute Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe aktoreek. Me too du izenburu an-tzezlanak, eta izenburuak argi uzten du istorioaren nondik norakoa. Catherine Deneveuren paperean sartzen da Andonegi, eta JaneFondarenean Aierbe. 55 minututan, eta garrantzirik kendu gabe, tragikoak izan daitezkeen gaiak eta egoerak modu komikoan erakusten dituzte, "barre egitea ere garran-tzitsua delako".

"Gu hiltzen ari direla, kontxo". Catherine Deneuveren paperean Tessa Andonegi, eta Jane Fondaren azalean Ainhoa Aierbe. Me too obra dute esku artean, feminismoari buruzko obra, baina "ondo ulertutako feminismoa" da islatu nahi dutena. Emakumeek egunerokotasunean pairatzen dituzten hainbat egoera antzezten dituzte, "modu komikoan". Tessa Andonegiren pertsonaia mizkina da, eta serioegi hartzen ditu gauzak, modu dramatikoan. Ainhoa Aierbek antzezten duena askoz 'inuxenteagoa' da. Biek ala biek, fikziotik aparte, errealitatearen isla ere badira. Antzerki obraren protagonista dira biak, eta diotenez, kolektiboetan beti topatu daitezke halako pertsonak. Horietako ba-tzuk barre egiteko gauza ere ez dira, "eta guretzat garrantzitsua da barre egitea".

El patriarcado es un juez que nos juzga por nacer errezitatuz hasten dute antzezlana, Txilen sortutako El violador eres tú ereserki feministari keinu eginez. Obraren oinarrian salaketa ere badagoelako. "Salatzen da matxismoa, heteropatriarkatua, gizonek zenbait egoeratan nola ikusten duten emakumea, zer egitera behartuta gauden emakume bezala edo etorkina eta emakumea izateak zer suposatzen duen". Egunerokotasunean bizi daitezkeen eta pertsonek modu inkontzientean barneratzen dituzten hainbat egoera eta jarrera taularatzen dituzte bi aktoreek. Era berean, jarrera inkontziente horiek salatu ere salatzen dituztela aipatu dute bi protagonistek. Badirelako egunerokotasuneko "detaile batzuk", gizarteak barneratuta dituenak: "Bai gizon zein emakume askok barneratuta daukagu hainbat jarrera eta hainbat komentario normalak balira bezala, baina ondo pentsatuz gero, ohartzen gara oso normalak ez direla. Beraz, antzezlanarekin adierazi nahi duguna da horiei buruz hausnartu, pentsatu eta agian buelta bat eman beharko geniekeela".

Antzezlanean, istorioa garatu bitartean, hainbat termino ere azaltzen dira, eta egoera ezberdinen bitartez, horien azalpena ematen dute Andonegiren eta Aierberen pertsonaiek. "Feminismoarekin lotutako hainbat termino definitzen ditugu, agian lehenengo gaizki adierazten ditugu, eta gero ondo. Izan ere, gaizki ulertu horiek ere gertatzen dira askotan gure artean". Eta horien adibidea ere eman dute: "Zer da heteropatriarkatua? Ea nork definitzen duen hori ongi. Ba egiten duguna da gure ustez termino horren definizioa den hori eman, baina gaizki baldin badago, horri buelta ematen diogu ostean". Istorioan zehar gertatzen diren egoeretan kokatzen dituzte terminoak, eta azpimarratu dute ez direla definizio hutsean gera-tzen: mansplaining, androzentrismoa, sororitatea€ Egunerokotasunean termino horiek modu desegokian praktikatzen direla diote, "guk ere baditugulako jarrera matxistak, oso sororoak ez direnak. Aipatzen genuen pertsonaia serio horrek ez du sororitatea praktikatzen bere buruarekin, adibidez".

Feminismoa, "borroka konplikatua" Antzezlanak irakaspen bat ere badakar, eta feminismoa ulertzeko modu asko daudela azaldu nahi dute. "Catherine Deneveuren pertsonaiak esaten duenez, badirudi gaur egun gizonezko batek atea nola irekitzen badizu ia-ia haurdun utziko zaituela eta gauzak ez dira horrela, bakoitzak bere iritzia izango du baina niri gustatzen zait atea zabaltzen didatenean", dio Aierbek. Jarrera matxistatzat jotzen den horren atzean, agian, heziketa mota desberdin bat dagoela aipatu dute, "eta ez zaio hainbeste garrantzirik eman behar. Muga bilatu behar da. Independenteak eta autosufizienteak gara baina, gizonak baino gizonago izan behar dugu? Zergatik ez onartu interdependentziak ere baditugula eta maitasunarekin egin daitezkeela gauzak?", galdegin du Andonegik.

Dena den, eta feminismoaren borroka konplikatua dela aitortu arren, modu barregarrian azaltzea garrantzitsua dela diote. Haien irudiz, jendearengana heltzeko beste modu bat da komediarena, eta gauza oso dramatikoak ikusten diren garaiotan, komediatik gauza serioei buruz hitz egiteko gogoa zuten biek. "Komediaren bidez gauza asko eta oso serioak kontatu daitezke, eta garran-tzia eman, gainera. Tresna bat da, baina ez diogu garrantzia kentzen dagokigun gaiari, noski. Modu horretara, jendeari momentu dibertigarri bat pasarazten diogu, eta aldi berean hausnarketarako bidea ere zabaltzen diegu".

Andonegiren esanetan, drama oso lotuta dago emakume izatearekin: "Hala da, tragedia asko bizi ditugu emakume bezala". Beraz, garrantzitsua ikusten du horren inguruko diskurtso dibertigarri bat eman ahal izatea. Aierbek gaineratu du emakumeek badutela estigma moduko bat, "ba ote dakigun komedia egiten. Planteatu izan da gizonezkoek erraztasun handiagoa dutela, eta guk ez dakigula gure buruaz barre egiten. Hori da gure erronka, eta erakutsi dugu badakigula gure buruaz barre egiten. Erridikuluak ere izan gaitezkela hainbat gairekin".

Aitor Gabilondo da antzezlanaren gidoilaria eta zuzendaria. Lehenagotik ere elkarrekin lan egin dute, eta Gabilondok lanean erabiltzen duen filosofia dute gustuko Aierbek eta Andonegik. "Bere ustea da ondo pasatuz lan egin daitekeela eta, gainera, emaitza ederra izan. Are gehiago, horrela ez bada ez duela lanik egiten, eta hori garantia bat da gure-tzat". Horrela, sortzeko gaizki pasatu behar delaren ustearekin apurtu nahi izan dute.

Komedia egitea, antzerkia egitea, terapeutikoa da bi protagonistentzat. Eta beraien an-tzezlana beste jende askorentzako ere terapia izatea nahi dute. Antzezlana prestatzen ari zirela, adineko emakumeen elkarteetara heltzea zen beraien asmoa: "Normalean adineko emakumeek ez dute terminologia ondo menperatzen, baina isilean sufritu dituzte hainbat gauza, matxismoak sorrarazitako egoera oso desatseginak. Gertatzen zena da egoera horiek ez zutela izenik, ez zuten tokirik adierazteko. Horregatik pentsatu genuen haiengana jotzea, haiengana iristea gustatuko litzaiguke".

15 minutuko lanetik obra luzera Mikroteatro formatuan eman zituen Me Too obrak lehenengo pausoak. 15 minutuko obra zen, feminismoari buruzkoa hori ere, eta Donostiako Farandula lokalean egin zuten formatu horretan lehenengo froga. Laugarren paretarik gabe nola funtzionatu zezaketen ikusi nahi zuten; hau da, publikoa ere obraren parte izanda. "Gu berez aktore klasikoak gara eta ez gaude horretara ohituta", azaldu du Andonegik. Gogoan dute publikoaren harrera ona izan zela: "Oso ondo pasatu genuen Farandulan, pentsatzen genuena baino hobeto. Beldur pixka bat bageneukan, nola aterako zen, baina uste dugu jendeak ere ondo pasatu zuela".

Mikroteatrotik obra luzea egin dute, eta azken horrek arrakasta gehiago duela uste dute; "aberatsagoa da, eta beste pertsonaia batzuk jartzen ditugu eszenan. Ulergarriagoa ere bada". Obra luzea ere, laugarren paretarik gabeko lana da, eta emanaldiak askotan publikoaren araberakoak izaten direla aitortu dute: "Interesgarria eta polita da hori; are gehiago, horrek egiten du emanaldi bakoitza bakarra. Hori da antzerkiaren magia". Elkar ondo ulertzeak ere laguntzen du, "inprobisazioan elkar laguntzen diogulako".

2020ko martxoaren 6an estreinatu zuten antzezlan luzea, eta martxoaren 14an behar zuten bigarren emankizuna, "baina martxoaren 13an konfinatu egin gintuzten". Pandemiak antzerkigintza asko mugatu duela aitortu dute. "Udal askok ez dute programatu nahi, beldur direlako. Beste batzuk uste dute kulturak izan behar duela errentagarria, eta hori guretzat absurdoa da. Kulturak ez du zertan errentagarria izan dirutan, bada rentablea beste gauza batzuengatik". Pandemia garaian kultura asko kontsumitu dela diote, eta osasungintza edo hezkuntza bezala hartu beharko litzatekeela uste dute. "Kultura aisialdia da, baina beste gauza asko ere bada. Hausnarketarako bidea ematen du, eta barrea eragiten badizu ez da bakarrik aisialdia; buruko osasunerako ere onuragarria da", gaineratu du Aierbek.

Aforo mugatua izateak eta maskararen erabilerak ere bere eragina izan duela uste dute. "Dena den, publikoa oso jatorra izan da, eta maskararen atzean ere gurekin egoten saiatu da. Konturatu gara jendeak zenbat eskertu duen pandemian egin dugun esfortzua, eta guk ere eskertu dugu beraiena. Izan ere, badago aretoetara joatearen beldur den jendea. Emozioen aldetik potentea izan da".

55 minututan, dramekin barre algarak eragiten dituzte Ainhoa Aierbe eta Tessa Andonegi aktoreek. Saioaren eta publikoaren arabera, gainera, emanaldi bakoitza desberdina eta berezia dela diote. "Espazioak marka-tzen du antzezlana nola doan, baita egun horretan dugun aldarteak, energiak edota zer nolako anbientea sortzen den. Oso misteriotsua da", aitortu dute. Hurrengo emanaldia abuztuaren 19an dute aurreikusita, Gasteizko Zabalgana Gizarte Etxean.