Nire azken gaua da herrialdean eta poltsikoan dudan guztia xahutu nahian nabil. Bihar bertan gurutzatuko dut Tisa ibaia, Danubioren bigarren ibaiadar luzeena, eta hau egitearekin batera Errumanian barneratuko naiz. Une horretan bertan eskuartean dauzkadan txanpon eta paper diruek hutsaren hurrengoa balioko dute. Astebete daramat Ukraina bizikletaz ezagutzen eta oraindik ez daukat oso garbi nola deitzen den bertako txanpona, zirilikoz idatziriko hitzak ez baitit gehiegi laguntzen. Poltsikoan dudana zenbatuta, platerik garestiena, postrea eta garagardo bat eskatzeko beste dudala ikusi dut. Gaur bapo afalduko dudala dirudi. Zenbat zuku ateratzen zaien lau eurori Europako bazter hauetan!

Ez dut oso argi zer eskatu dudan afaltzeko. Zerbitzaria eta biok elkar ulertzen ahalegindu gara, baina ez bata ez bestea ez gara oso jaioak animaliak imitatzen, ez barazkiak marrazten paperezko mahai-zapian. Azkenean, erdi etsita sukaldera sartu da. Hamar minuturen bueltan zerbi-tzaria eta bere iloba agertu dira, azken hau arnasestuka etxetik korrika etorri ostean. Itzultzaile lanak egiteko ekarri dute, ingelesez apur bat dakien bakarra baita.

12 urteko neskato gazteak bere ametsa moda ikasi eta Parisen lan egitea dela esan dit. Beno, zalantza duela, agian Milan nahiago duela. Gaztea dela eta oraindik ez duela zertan erabaki behar. Bere pentsamenduetatik lurreratu eta begietara zuzen begiratu nau, ea zer jakin nahi dudan galdetuz aurpegi serioz, ukrainar guztien ordezkari moduan bere ardura zuzena aurrez aurre duen turistaren zalantzak argitzea balitz bezala.

Maramures ea zer den galdetuta, bere aurpegi serioa ume aurpegia izatera itzuli da. -Ez dakit-. Maramures hitza behin baina gehiagotan irakurri izan dut, baina ez zait oso garbi geratu zeri egiten dion erreferentzia. Izan ere, gerora ikasi dut, Maramures hitzari beste hitzen bat itsatsi behar zaiola erantzun zuzena jasotzeko. Alegia, Maramures eskualde historikoa, Maramures konderria, Ukrainiako Maramures topa ditzakegula mapetan. Denak gauza an-tzekoak baina xehetasunetan desberdinak, eta noski ume batek azaltzeko ez hain errazak. Australiar bati Euskadi, Euskal Herria, Nafarroako erreinua, EAE, Pays Basque eta Basque Country-ren arteko berdintasun eta desberdintasunak azaltzea bezalako zeozer da.

Goizean goiz Tisa ibaia gurutzatu eta mundua koxka bat ulergarriago egin zait. Azken astean kale seinale guztiak zirilikoz ikusi ostean, orain alfabetoa latindarra da eta hizkun-tza erromantzea. Ez dut errumaniera menperatzen, baina informatii turistice-k zer esan nahi duen jakiteko nahikoa bai. Esan didatenez, globalizazio garai honetan tradizioa bizirik mantentzen duen eskualdea da Maramures. Hala ere, kultura bizia ospatzeko, heriotzetik hastea gomendatu didate.

S?pân?a herriko hilerrira gerturatu naiz. Hilerri bixi hau, heriotzak gure kulturan izan ohi duen tristuta eta goibeltasunetik urrun, irudi bitxiz eta kolore biziz margoturiko lorategi baten antza dauka. Bertako Stan Ioan P?tra? izeneko zurgina, bere ezagutzak eta ikuspegi artistikoa lantzen hasi zen egurrezko hilarrietan eta bere herrikidei agur omenaldi pertsonalizatu eder bana utzi zien, urdin kolorezko gurutze-eskultura forman.

Maramuresen barrena kilometroak egitea, berde kolore anitzeko paisai menditsu batean barneratzea da. Zelaiak eta basoak, han hemenka errekaren alboan agertzen diren herritxoekin tartekatzen dira. Bertako biztanleek paisaia oparo hauei etekina ateratzen jakin diete eta ofizio batean maisuki nabarmendu izan dira, zurgintzan. Edozein herri txikitan topa daitezke mimoz eginiko zurezko lanak, izan etxeko leiho txikiak, izan lursail edo etxalde batera sartzeko ate monumentalak. Elizek puzleak dirudite, teilatu ilun ikusgarrien azpian ezkutaturik.

Tradizio estatikotik harago, badira telebistak saltzen duen modernitateari muzin eginda, 'betikoak' ei diren jantziak erabiltzen jarraitzen dituztenak ere. Leku gehienetan bezala baina, herrixketako emakume edadekoak izan ohi dira, duintasun guztiarekin, zapia buruan, belaunak ondo estalita mantentzen dituen gona beltza eta kolore apaleko alkandora janzten dituztenak.

Dena dela, lurralde batek etorkizuna izango badu, gazteriaren nondik norakoaren araberakoa izango da. Errumanian, Europa mendebaldeko herrialde aberatsagoetara izan ohi da gazteen norantza. Kanping batean, bertako gazte batzuekin berriketan egoteko aukera izan dut, garagardo batzuk edan eta errumaniako rap musika entzuten genuen bitartean -munduko onena zalantzarik gabe!- Iacob-en arabera. Etorkizuna Errumanian ala atzerrian ikusten duen galdetuta, besaurrea luzatu du harro, Maramureseko egur-lan baten tatuaia erakutsiz. -Maramuresekoak gara gu, egurrez eginiko bihotza dugu. Sustraiek gure lurrari atxikita mantentzen gaituzte-. Ea bada ekonomia globalaren ekaitzek ez duten zuhaitza errotik ateratzen.