Zu eta biok. Jon, Ainhoa eta hirurok. Mimi, Lide, Aitziber eta Iraitz. Nerea. Itsaso eta Anartz. Pertsonak. Gure bizitzan laguntzen digutenak, partaide eta bidelagun direnak, negarra sortzen eta ekiditen dutenak, bakoitzaren izaeran eragiten dutenak, babesten gaituztenak, irribarreetan murgiltzen gaituztenak, gure gorputza osatzen dutenak. Pertsonak gure bizitzen sostengu dira, eta hauek gabe ez gara deus. Arkitekturan ere berebiziko garrantzia dute, protagonistak dira, edo izan beharko lukete.

Horretarako diseinuaren erdigunean kokatu behar dira, beraien beharrak entzun, aintzat hartu eta asetzeko helburuarekin. Normalean erabiltzaile gisa identifikatzen dira, anitzak eta unibertsalak, baina aldiri berean bakarrak. Sinplifikazio honek eta gizarte heteropatriarkal batean kokatzen garela kontutan hartuta, prototipo batera eramaten gaitu. Diseinu gehienak gizaki unibertsal batean oinarritzen dira, a.k.a, erdi-goi mailako gizon zuri eta heterosexualean. Sinplifikazio honetan oso erraz ezabatzen dira pertsonak, eta beraien premiak.

Diziplinan pairatzen ari garen deseraikuntza motelak bestelako proiektu interesgarriak ahalbidetzen dituela ikus daiteke. Honakoa pertsonen beharretik eta beharretara bideratutako proiektua da, eta behark estudioaren sinadura darama. Euskal Herriko arkitektura estudio handietan hamar urtez lan egin ostean, 2009an Beñat Saratxagak eta Gentzane Goikuriak behark plataforma sortu zuten. Beraien ikuskera behaketatik abiatzen den arkitektura da, premietan oinarritua eta beharrezkoa dena soilik planteatzen saiatzen dena. Pentsamolde honetan oinarrituz, arkitektura isil bat planteatzen dute, mimoz egina, beharren xehetasun txikieneraino iristen dena eta beti, elementuen oreka bat topatuz.

Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu komunitarioaren hazitokia izateko helburua du eta proiektua eskualde osoan garatzeko tresna integrala izango da. Ekonomia Sozial Eraldatzailearen adibide bat da. Hau da, ekonomia bizi-tzaren zerbitzura jartzen da, bizitza ekonomiaren zerbitzura jarri beharrean. Premietatik eratorritako proiektua da, gertuko komunitatearen babesarekin eta ingurua eraldatzeko asmoa duelarik. Hasieratik, arkitektoek programa betetzeaz gain, proiektua erabilera eta eraikuntza aldetik jasangarriena izatea bilatu dute.

Xede hau lortzeko, proiektua moldagarritasun eta itzulgarritasun irizpideetan oinarritu da. Diseinuak aurrekontu estu bati erantzuten dio eta faseka egiteko aukera zabalik utzi da, momentuko beharren eta baliabideen arabera. Horren adibide dira jorratutako soluzio konstruktibo erraz, azkar eta estandarizatuak. Faktoria kontsolidatuz doan heinean bestelako esku-hartze batzuk pentsatu dira, denborarekin ezarriko direnak eta etorkizuneko beharrei erantzungo dietenak. Proposamena ahal den itzulgarriena izaten saiatu dira. Horrela, proiektua kokatzen den pabiloiaren egituran eragina ahal dena murriztu da eta hartu diren diseinu erabakietan islatu dute. Modu honetan proiektuaren berkonfigurazio total eta partzialak ahalbidetzea lortu dute arkitektoek.

Komunitatean dauden beharrei erantzuteko hiri-egitura bat planteatzen dute, bere baitan eremu ireki eta itxiak uztartuz (publiko-pribatu). Horrela intimitate gradu desberdineko konfigurazio espazialak sortu dira, hainbat interakzio eta erabilera ahalbidetzeko asmoz. Egileen hitzetan, matrioska estrategia gauzatu dute, egungo eraikinean eraikin txiki batzuk sartuta, eta horretarako prefabrikatutako egurrezko etxolak ezarri dira. Hauek lanerako geometria sinpleko modulu bat dute abiapuntutzat, eta funtzio bakoitzerako forma moldatzen da.

Eskakizunei erantzunez, programa bi solairutan planteatzen da, erabilera anitzak uztartuz eta oreka espazial bat lortuz. Banaketa honek eta etxolen sistemak espazioaren irakurketa errazten dute, dena oso intuitiboa izatera ahalbidetuz. Erabilera pribatuagoak (Aiaraldea komunikabidea, bulegoak€) goiko solairuan daude eta behekoan aldiz gune publikoagoa da, bere plaza, agertoki, jolas gune eta espazio berdeekin. Espazioaren kalitate espaziala zaindu da, argiaren eta materialen arteko kooperazioa jorratuz. Lanketa hau fatxadaren trataeran ere ikus daiteke. Faktoria ez da bere barnean ixten, ingurua eta jendartea eraldatzeko xedea baitu, bisibilitatea eta erakargarritasunaren alde kanpora zabaltzen da.

Benetan proposamen arkitektoniko ederra eta proiektu interesgarria. Pertsonen beharretatik errealitatea eradaltzeko arkitektura bat.