Telmo Esnal, zinemagilea

Telmo Esnal: "Ez dakit polifazetikoa naizen edo 'Urtzen' jolas bezala hasitakoaren emaitza izan den"

Itxialdian ondu zuen 'Urtzen' lana Telmo Esnalek. Urari eta planetari buruzko kritika egin eta hausnarketarako bide eman nahi du zuzendari zarauztarraren dokumentalak

26.05.2021 | 08:34
Telmo Esnal zinemagilea

Pablo Azkueren Ur ipuinean oinarritutako Urtzen pelikula da Telmo Esnal zarauztarraren azken lana. Hausnarketa egitera gonbidatzen duen saiakera antzeko bat, pantaila handira eramana. Hiru urtetan hiru lan aurkeztu ditu zinemagileak, eta proiektuak badituen arren, momentu honetan pausatzeko beharra duela aitortu du. Urtzen pelikulak iradokitzen duena, hain zuzen.

Zinemagintzan ibilbide luzea duzu.

-Bizi oso bat. Andoainen ikasi nuen eta bukatu eta berehala hasi nintzen lanean. Lehenengo promoziokoa naiz.

Film laburrak, pelikulak eta, oraingoan, saiakera bat daramazu pantaila handira.

-Niretzat denak dira pelikulak. Batzuk fikzioak dira, beste batzuk dokumentalak, eta agian dokumentalen artean badaude desberdintasunak. Baina, esan bezala, niretzat denak pelikulak dira. Istorio bat kontatzen dute eta emozioak sentiarazteko tresnak dira.

Formatu desberdinak lantzen dituzu eta, o-raingoan, lan edo grabazio desberdinekin sortutako filma da landu duzuna.

-Bai, hala da. Itxialdiak harrapatu gintuenean aspaldian baztertuta nuen proiektuari heldu nion. Pablo Azkueren Ur ipuina irakurrita neukan, eta horrekin zerbait egiteko asmoa banuen, baina zer egin ezin asmatu nengoen. Itxialdian ipuinaren parte bat kontatzeko modua topatu nuen, ipuin osoa ere ez baita islatzen pelikulan. Batez ere, hausnarketa egitera gonbidapena da, itsasoari eta kon-tzientziari buruzko hausnarketa bat.

Nola mamitu zenuen 'Urtzen'?

-Interneten bidez eta une hartan heltzen zi-tzaizkigun hainbat gauzarekin collage an-tzeko bat egin nuen. Ikerketa lana egin, pasarte batzuk berriro grabatu eta aurretik grabatuta nituen irudiak berrerabili nituen. Musika lehenagotik sortuta zegoen, Pascal Gaigne eta Alos Quartet-ek pasatutakoak. Esan daiteke birziklatutako pelikula bat dela.

Itxialdian sortu duzu pelikula. Proiektuari beste momenturen batean helduko bazenio emai-tza bera izango litzateke?

-Ez, ziur ezetz. Itxialdian pentsatu eta gero egindako zerbait izan balitz ere, emaitza desberdina izango litzateke.

Zein ukitu edo berezitasun eman dio itxialdiko bakardade momentuak?

-Bakardade momentu horrek hausnarketarako momentu asko eman zizkidan. Alboratuta genituen gauza asko egin genituen itxialdian, eta bidea eman zigun ohartzeko azkarregi bizi garela. Dagoeneko ahaztu zaigu, baina momentu hartan sentsazioa zen dena azkarregi zihoala, eta etena egitea garran-tzitsua da. Hori da mezua, azkarregi goazela eta geratu egin behar dugula.

Hori da pelikulak bultzatzen duen hausnarketa?

-Bai. Beste ikuspegi batzuk erakusten ditu, bai heziketari buruz, ekonomiari buruz... Testigantza asko biltzen ditu, gainera. Pandemiarekin ez du zerikusirik. Pandemia aitzakia hutsa da pelikulari hasiera emateko. Itxialdia hartu nuen hausnartzeko, badaudelako gogoeta dezente, interesgarriak eta mardulak, urak gugan eta planetarengan duen eragina azaltzen dutenak. Bai gu eta baita planeta ere %70ean ura gara, eta horrek sekulako eragina dauka. Planetako ura eta guk barruan daukagun ura berdina da. Itsasoak gero eta kutsatuago daude eta gu ere kutsatuago gaude. Gu ur hori garelako. Itsasotik gora, lainoetara, euri edo elur bezala eror-tzen da eta berriro ere itsasora doa. Beraz, ziklo horren barruan dagoen ura, gure gorputzean dagoena ere bada.

Ura da elementu bat, eta dokumentala da beste elementu bat hausnarketarako, kritikarako eta kontzientzia pizteko. Nola pizten du urak kontzientzia hori?

-Kritika ere badago, bai, arduraz hartu behar dugulako zer egin eta zer ez. Oinarrian Pablo Azkueren ipuina dago, baina teoria nahikotxo daude gure barruko ura itsaso bat dela esaten dutenak. Azkuek berak esaten duenez, urak batzen gaitu eta lurrak banatu. Guk mundua beti ikusi izan dugu lurretik, inoiz ez itsasotik eta, horrekin lotuta badaude nire ustez oso interesgarriak diren hausnarketak. Pelikulan ere azaltzen dira, Xabier Alberdi historialariarena, kasurako. Horien arabera, %70 ura gara baina arrazoiak bila-tzen ditugu %30 horretan. Gainera, mundu honetako gatazka guztiak lurra eta jabetzagatik eman dira. Uraz ere jabetzen ari dira baten batzuk, baina zaila da hori egitea, jario bat duelako urak. Nire ustez, hor dago gakoa. %70 ura gara baina beste %30ari errepara-tzen diogu. Planeta ere %70ean ura da, hori ez da kasuala.

Greenpeacek ematen duen Lurra saria jaso duzue Zinemaldian.

-Bai, eta pozik hartu genuen. Gurea bezalako pelikula baten-tzat hartu dezakeen saririk onena dela esan dezakegu. Egia da pelikula ikusi duen jende gehiena gustura atera dela eta hunkituta ere asko. Horrek ere badu bere esanahia.

Zure ibilbidean askotariko lanak egin dituzu, eta 'Aupa Etxebeste'-rekin Goya sarietarako izendapena ere jaso zenuten. Nola baloratzen duzu orain arte egindakoa?

-Egin ditudan pelikula gehienek sariren bat badute. Baina aspaldi, laburrak egiten genituenean, ohartu nintzen askotan jaialdi batean saria eman eta hurrengoan pelikula hartu ere ez zizutela egiten. Sarien kontua oso subjektiboa da, epaitzen duen taldearen arabera. Argi dago sariek prestigioa ematen dutela eta ateak irekitzen dituztela, baina, egia esan, ez diet sariei kasurik egiten. Egia esateko, askoz gehiago betetzen nau ezagu-tzen ez dudan jendeak kalean ikusi eta eskerrak emateak. Hori gertatu zait azken egunotan, eta hori bai bada saria, ezagutzen ez duzun jendeak eskerrak emateko beharra sentitzea.

Laburmetraiak, lan luzeak... Edozein formatutan sentitzen zara eroso?

-Bai, egia da komedia egiten eta Dantza bezalako pelikulak egiten ere eroso sentitzen naizela. Urtzen egiten ere oso eroso sentitu naiz. Dokumentalarekin beldur apur bat ere banuen, baina pixkanaka-pixkanaka egin dut. Pelikulen muntaia egiten ere soltura hartu dut, nire etxean egin dut eta, bakar-bakarrik. Ausartago izateko aukera eman dit, eta dokumentalak ere ematen du askatasuna fikzioan egin ez daitezkeenak egiteko.

Kontatu nahi duzun horren arabera formatu bat edo beste aukeratzen duzu?

-Nik uste dut proiektuak berak agintzen duela zer egin. Ez da aldez aurretik dokumentala egitea erabaki dudala. Ur aspaldi irakurri nuen, apunteak hartu nituen, Azkue elkarrizketatu eta grabatu nuen, baina zertarako grabatzen nuen jakin gabe. Azkenean dokumentala egin dut, baina garai hartan ez nekien zein forma hartuko zuen pelikula honek. Egia da ipuinaren filosofia dela pausatzeko tartea hartu behar dugula, eta Dan-tza pelikula bezalako fikzioa egin izan banu ez litzatekeela oso koherentea izango. Kontatzeko aukeratu dudan modua bada koherentea mezuarekin. Hori garrantzitsua da niretzat.

Formatuei dagokienez, beraz, polifazetikoa zara.

-Ez dakit polifazetikoa naizen edo jolas bezala hasitakoaren emaitza izan den.

Esperientziak ere laguntzen du horretan.

-Bai, eta gauza asko eta desberdinak egin ditugu. Esperientzia daukagu, eta baita zorte ona ere. Intuizioa ere izaten da askotan. Asier Altunarekin ere lan asko egin ditut, eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Azkenengoz Agur Etxebeste egiten aritu ginen elkarrekin, komedia egiten. Helburua argi daukagu eta elkarrekin gabiltzanean badakigu pelikula dela protagonista, ez gu.

Zure ibilbidean kultura, euskal jendea, gizarteko arazoak islatzen dituzu, berezko ikuspuntuarekin, umore beltzaren ukituarekin. Zein asmorekin?

-Bai, beti pentsatu izan dut komedia egiten genuenean hausnarketarako eta gizarte kritika egiteko egin behar genuela. Baina ez dut argi oso kontziente garen edo gure umorea ez ote den. Beti erakarri nau, gure umorea hori da. Agian Urte berri on, amona! pelikulan bazegoen intentzio bat, jendeari gaizki pasaraztekoa. Pelikula ondo hasi eta gaizki bukatzea zen nire intentzioa. Kritika bat ere badu, pelikularekin barre egiten dugulako baina, zertaz ari gara barre egiten?

'Urtzen' zinema aretoetan ikus daiteke oraindik, ezta?

-Bai. Pandemiaren laugarren olatuak bete-betean harrapatu gaitu eta Donostiako aretoetan izan den arren, dagoeneko kendu dute. Hala ere, herriz herri dabil orain pelikula eta jendea gustura ateratzen da zine aretotik. Egoera larria da, eta pelikularen berezitasunak gehitzen badizkiogu ba nahiko zaila izaten ari da proiektatzea. Herrietako zinema aretoetara eraman nahi dugu, eta horretan ari gara. Baina ez dago gure esku bakarrik. Zarauzko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan dugu pelikula egiteko, baina telebistarena edo Eusko Jaurlaritzarena ez. Eskatu ere ez dugu egin, pelikula egin den moduagatik laguntzak eskatzeko baldin-tzak ez genituelako betetzen. Proiektua egitean eskatu behar dira laguntzak, gero pelikula egiteko. Urtzen-en kasuan, pelikula egin dut lehenengo eta bukatuta egon denean saiatu gara finantziazioa lortzen.

Etorkizunera begira, proiekturik al duzu esku artean edo buruan?

-Beti dago proiekturen bat, baina, momentu honetan, ezer zehatzik ez. Dantza eta Urte berri on, amona! segidan egin nituen eta atseden hartzeko beharra nuen horien ostean. Baina pandemia eta etxeko itxialdia heldu ziren segituan, eta Urtzen egin dut tarte honetan.

Gelditzea, hori da 'Urtzen' pelikulak dakarkigun mezua.

Bai, gelditzearen edo atseden hartzearen garrantzia. Gauzak baditut esku artean, baina orain geldialdia egiteko edo bestelako lanak egiteko beharra daukat.

noticias de deia