Pasai San Pedro eta inguruetako kale bazterrak grafiti erraldoi eta ikusgarriek jantzi dituzte azken urteotan. Nex sinadura daramate denek; hain zuzen, Nexgraff proiektua dago atzean. Aitor eta Nextor Otaño aita semeek sorturiko proiektua.

Nextor semeak aitortu du txikitatik margotu izan duela, ikastolan koadernoetan gelditzen ziren izkinetan hasi zen. Halako batean, Youtuben grafitiei buruzko bideoak ikusteari ekin zion eta oso gaztea zela egin zituen bere lehen grafitiak. 13 urterekin lagun batekin kamioietan hizkiak margotzen zituen, ezkutuan, presaka, gauez... gaiztakeria balitz bezala. Aitari, enteratzerakoan, ez zitzaion ideia asko gustatu, eta arazoak izan zitzaketela konturatu zen; hala, irtenbide bat bilatu nahi izan zuen. Espraiak maneiatzen ikasteko ikastaro batean eman zuten izena biek. Hain zuzen, etxetik datorkio zaletasuna Nextorri. Aitak ere atsegin du margotzea, baina gaztea zela margolari bezala bizia aurrera ateratzea zaila zela ohartarazi zioten etxekoek eta ingeniaritza ikastea erabaki zuen. Zorionez, semeak bultzatuta, zenbait urteren ostean berrekin ahal izan dio afizioari. Adierazi dutenez, proiektuan eta sorkuntzetan Nextorrek du pisu handiagoa baina muralak nolabait lau eskutara egindakoak dira.

"Ikastaroan, lehen aldiz, espraia probatu genuenean, kriston sentsazioa izan zen biontzat, emaitzak hain azkar lortu daitezkeela ikustea ikaragarria zen", adierazi du Aitorrek. Ikastaroa bukatu eta beraien bidea hasi zuten; badira jada lau urte Nexgraff abiatu zutela. Azaldu dutenez, errealismoa margozten dute, batik bat. Pertsonaiak, erretratuak, dira beraien espezialitatea. Normalean, argazkien arabera aukeratzen dute zer margotu. "Erabakiak estetikoak izaten dira". Irudi egoki bat aukeratu eta inprimatu egiten dute, hasteko. Hurrengo pausoa aukeratutako paretean erreferentziak markatzea izaten da, ostean bozeto bat egiteko. "Argazkia txikitik handira pasatzeko prozesua ez da erraza, baina nahiago dugu marraztu, huts egin eta zuzendu", adierazi du Aitorrek. Hau da, begi bidezko teknika darabilte. "Begia eta eskua entrenatu behar dira margolari on bat izateko", gaineratu du aitak. Herrian duten lokal batean entrenatzen dute kalera irten aurretik. Hiru metroko altuera duten paretetan egiten dituzte probak. Halaber, 13 urte zituela hasi zen Nextor eta 17 urte ditu egun. Oraindik bide luzea aurretik. "Espraien teknika oso zaila da eta ordu asko eskatzen ditu. Ordu asko eman behar dituzu kalean margotzen teknika fintzeko".

INPAKTUA HELBURU

Grafiti handiak dira beraienak. Deigarriak. "Murala zenbat eta handiago, gehiago errespetatzen da grafitigilea", azaldu du Nextorrek. Hain zuzen, jendearengan inpaktu bat eragitea da beraien helburua. Hasieran, inpaktua baino haserrea eragiten zuten herritarren artean. Grafitiek oro har, ez dute izen ona, bandalismoarekin lotu ohi dira eta ez da arraroa arazoak izatea. Aitzitik, aita semeek adierazi dute grafitiaren mundua oso zabala dela eta jendeak ezjakintasun handia duela gaiaren inguruan, ondorioz, aurreiritzi gehiegi dagoela.

Zenbaitetan, belaunaldi arteko talka izaten da aita-semeen artean ere, zer eta nola margotu erabakitzerakoan, baina nabari da beraien arteko dialektika bukaerako lanetan. "Grafiti bat egitea tentsio handikoa lana da, baina moldatzen gara", dio semeak. Adibidez, Estatu Batuetan grafitiak hip-hoparekin hertsiki loturik daude, eta hasierako aldi batean, Nextorrek Wiz Khalifa abeslaria margotu nahi zuen, aitak baina Euskal Herriko bertsolaritzarekin alderatu eta hemengo erreferentziei aipamena egiteko ahalkua eman zion. Egun, Kalifaren aldamenean Maialen Lujanbio ageri da.

Grafitigilearena, fisikoki lan gogorra dela diote Nextor eta Aitorrek: "Eskailera gora eta behera, kargak, altuera handiak, arriskuak", aipatu dituzte. "Grafiti bat margotzea koreografia bat egitea bezalakoa da, mugimendu zehatzak eskatzen ditu, behin eta berriz, gorputz osoak parte hartzen du", gaineratu du Aitorrek.

IRABAZLE ESTATU MAILAN

Afiziotik harago, Nextorrek Espainiar Estatuko grafiti lehiaketa irabazi berri du. "Nahigabean gertatu da", adierazi du gazteak. Pandemiak hala behartuta, sare sozialen bidez egin dute aurten lehiaketa eta 64 parte hartzailetatik bi grafitigile atera dira garaile. Berdinketa teknikoa. Nextorrek Dimitrius Platon murala sortu zuen, duela hamarkada bat koadernoko izkinetan margotzen zuen toki berean, hau da, Pasaia Lezo Lizeoko pareta bat izan zuen finalean eszenatoki. Hamasei orduz egon zen eskailera batera igota murala sortzen. Gauez bereziki, ederra da argian sinistea idatzi dute azpikaldean. Noizbait beraiek sinetsi zutelako.

Horrez gain, Nexgraff ekimenak enkarguak ere jasotzen ditu, horma irudiak zein pertsianak margotzea izaten dira eskari nagusi. Beti daude prest edozein proposamen entzuteko baina argi dute beraien espezialitatea zein den: mural handiak. Halaber, batxilergoa bukatuta, Arte Ederrak ikasi nahi ditu unibertsitatean Nextorrek. Grafitiaz gain, euskarri desberdinetan aritu nahi du, alor horretan formatu, teknikak ikasi, sortzaileak ezagutu eta artista giroan murgildu. Bizimodua sortzaile modura atera. Etorkizunean afizioa ofizio bilakatu eta hontatik bizi nahi luke.