Apirilean argitaratu du Kaserna taldeak bere lehenengo lana: Gelditu da denbora. Gaua estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu dute (Fruiz, Bizkaia), 2020ko abendua eta 2021eko otsaila bitartean. Diskoaren diseinuaz Mirene Gonzalez arduratu da, eta Kostako Vibes eta Tiro Pun Ekoizpenak aritu dira bideo musikalak sortzen. Guztira zazpi kidek osatzen dute taldea: Markel Fuentes (ahotsa), Iker Arana (gitarra), Urtzi Moreno (baxua), Beñat Armentia (teklatua), Kimo Soundz (DJa), Mikel Fernandez (saxoa) eta Bittor Meabek (bateria). Horietako batzuk ibiliak ziren lehenago beste proiektu batzuetan, izan ere, Mr. Pongo proiektutik sortutako taldea da Kaserna.

Taldekide bakoitzak bere ibilbide propioa du. Azaldu dutenez, batzuentzat lehen musika taldea da hau, besteak, aldiz, ibilitakoak dira aurretik hainbat proiektutan. Dena den, musika eskoletan hasi ziren trebatzen gehienak, instrumentuak jotzen ikasten eta euren bidea egiten. 2017an, hainbat lagun batu eta ska reggae oinarriak zituen Mr. Pongo taldea sortu zuten. Gerora, taldekide batzuk joan eta beste batzuk etorri, taldeak garapen musikala izan zuen, estilo berriak probatuz. Hortaz, 2020an ikusi zuten jatorrizko proiektuak ez zuela "zerikusi handirik" orduan egiten zuten musikarekin: "Mr. Pongo osatu zuten kideekiko errespetuz jokatzearren, aurreko proiektua amaitutzat eman eta zerbait berria aurkeztea erabaki genuen".

MR PONGOTIK KASERNARA

Kaserna taldea izan zen sortu zuten hura. Dena den, sorrera baino, "beste proiektu baten jarraipena" bizi izan dute musikariek. Azaldu dutenez, kide berrientzako ere ez da "hutsetik sortu den zerbait": "Ibilbidea zuen talde batean sartzea izan da, nahiz eta kanpora begira hasiberri moduan aurkeztu garen".

Taldearen izenari dagokionez, esanahi bikoitza duen hitza aukeratu dute: Kaserna. Alde batetik, kuartela edo guardetxea esan nahi du, bestetik, etxola edo borda. Hortaz, diotenez, "berba bakarrak esanahi kontraesankorrak ditu, alde batik errepresioa, isolamendua eta biolentzia, eta bestetik, maitasuna, babesa eta komunitatea".

Taldea osatu eta urtebetera, lehenengo diskoa argitaratu dute: Gelditu da denbora. Guztira zortzi abestiz osatuta dago eta teklistak, sintetizadoreak eta pianoak sartu dituzte, baita abestiak "izugarri aberasten" dituen saxofoi bat ere.

Estiloari dagokionez, rock eta hip-hopa izan dituzte oinarri, nahiz eta beste estilo batzuekin ere ausartu diren: reggae, funk, elektronika, pop€ Izan ere, diotenez, ez da erraza euren musika estiloa definitzea.

Proiektu berrian, Markel Fuentes abeslariak eta Kimo Soundz DJak ekarritako hip-hopa oso nabaria da: "testu luzeak, errimak, hitz jokoak, erreferentzia politikoak, sozialak, historikoak, kulturalak€". Horrez gain, disko honek beste zutabe bat duela azaldu dute: rocka. "Musikaren pisua ohiko rock formazioak darama, hau da, gitarra, baxu eta bateriak".

Taldeak transmititu nahi dituen mezuei arreta ipinita, bereziki kapitalismoaren kontrako mezuak ageri dira beraien letretan, "sistema honek forma hartzen duen problematika desberdinen bitartez". Horrez gain, inperialismoaren kontrako kantak ere badituzte, euren hitzetan: "hedabide tradizional-nagusiek zer mezu erakutsi eta zer mezu ezkutatzen duten, poliziaren oldarkeriaren kontrako kantak, edota bizi estilo ultra-azeleratuaren aurkakoak".

Taldeak "disko borobila" irten zaiola azaldu du, letretan lan handia egin dutelako kideek eta oso "harro" daudelako lortutako emaitzarekin. Lan horren adibide dira abestietan azaltzen diren erreferentziak. Diotenez, modu "nahiko zuzenean" kontatzen dituzte erreferentzia horiek, horien bitartez beste gai batzuk jorratzeko asmoz. Dena den, mezu eta ideia horiek nabarmentzen diren arren, badira bestelako gaiak aurreneko disko honetan: "Musikari izatearen zirrara kontatzen duen kanta bat daukagu, eta lagunarteko jai giroa goraipatzeko beste bat, adibidez".

ETORKIZUNARI BEGIRA

Arreta datozen garaietan jarrita, taldeak baditu helburu batzuk. Bereziki, osasun-krisia dela eta zaila dela badakiten arren, Kaserna zuzenean aritzeko jaio dela adierazi dute. Hortaz, horretarako itxaropena dute. Momentuz, euren lan berria ezagutzera ematen dihardute, eta elkarrizketak egiteaz gain, bideoklip batzuk sortu dituzte. Irailak 11 kantarena izan zen lehena, eta orain gutxi estreinatu dute Esna abestiarena ere.

Lanak Creative Commons lizentziapean banatzen dituztela azaldu dute, eta ondorioz, edonork deskargatu, kopiatu eta banatu ahal dituela modu askean. Hortaz, interesa duenak Taupaka elkartearen webgunean (taupaka.eus) aurkituko du disko berria deskargatzeko edota erosteko aukera.