Antton Telleria, umoregilea

Antton Telleria: "Sentsazioa daukat, orohar, nahiko umore atsegina egin dela euskal eszenan"

Zerbait esan eta ingurukoek barre egiteak beti sorrarazi dio AnttonTelleriari plazer handia, eta hori lortzeko igoko da taula gainera 'Nekatutak' bere lehen bakarrizketa aurkeztuta

24.03.2021 | 09:59
Apirilaren 15ean estreinatuko du bakarrizketa Telleriak.

Iragarri bezala, iritsi da: Antton Telleriak (Tolosa, 1993) berritasunak ditu. Irratian eta telebistan ez ezik, bestelako eszenatokietan ere badauka zer eskaini tolosarrak; oraingoan, behintzat, bere lehen bakarrizketa: Nekatutak. Apirilaren 15ean Gasteizko Jimmy Jazzen aurkeztuko du konfinamenduan idazten hasitako lan hori, eta hurrengo egunean, etxean, Tolosako Leidor aretoan. Herritarrak une goxoak pasatzera gonbidatu ditu, barre egitera, eta, era berean, txalo zaparradaz bere egoa elikatzera.

Iaz aurreratu zenuen bakarrizketa bat idazten zeundela. Eta, orain, iritsi da aurkezteko momentua. Taula gainera igoko zara 'Nekatutak' lanarekin barre eragitera.

- Idazten nengoela esan nuen momentuan nik ere ez nekien oso ondo zer ari nintzen idazten. Konfinamenduak albo batera utzita genituen gauza batzuei heltzera behartu gaitu, eta nik konfinamendua hastearekin batera erabaki nuen hasi egin behar nuela. Urte dezente neramatzan zaletuta, eta ikusle modura gauza dezente kontsumitzen, bai ingurukoak, bai Espainiakoak eta baita atzerriko beste komediante batzuenak ere. Irratian eta aritzen naiz nire gidoiak idazten, baina formatu honetan lehenbiziko saiakera zen, eta horretan hasi nintzen, ideia handirik izan gabe. Eta pentsatu nuen: "Idatzi egingo dut eta ikusiko dugu gero zer datorren". Kontua da Barre librea saioa hasi zela orduan, eta bertan parte hartzera gonbidatu nindutela. Hor hasi zen, nolabait, nire lehenbiziko bakarrizketatxoa egiteko aukera. Hori eginda, gehiago animatu nintzen; ikusi nuen bazegoela urratu nahi nuen bide bat, hasi nahi nuen bide bat. Ordutik, aukera ezberdinak izan ditut, ez ditut emanaldi pila bat eskaini, baina gauza dezente egin ditut irailetik abendura bitarte. Dena den, iritsi zen momentu bat gauza ezberdin asko ari nintzela probatzen, gauza bakarrean gehiegi finkatu beharrean. Hori horrela, abenduan pentsatu nuen: "Gelditu egingo naiz, ordubeteko ikuskizun bat prestatuko dut, eta horrekin aterako naiz".

Ideia askorik izan gabe hasi zinela esan duzu, baina bakarrizketa bat sortzeko, jakin egin behar da edo barrutik daramazun zerbaiten emaitza da?

- Badago bakarrizketa egiteko teoria edo gidaliburu bat, metodo asko daude idatzita, honek ere badauka bere zientzia. Askotan erabiltzen da matematikaren kontzeptua. Badaude formula batzuk, aplikatu daitezkeenak eta txisteak sor-tzeko, umorezko testuak sortzeko, zerbait idazten hasi eta azken momentuan bukaerako elementu bat sartzeko€ balio dutenak. Eta plano horretan, ni neu ez nengoen hain jantzia. Baina gero, egia da, ume-umetatik beti izan dudala, kontziente izan gabe, txisteak egiteko joera. Beti izan naiz alde lotsatia zeukan ume bat, baina, era berean, beti oso behatzailea izan dena, eta gutxi hitz egin arren, guztiari buelta txiki bat ematen saiatzen zena. Orain, atzera begira jarrita, jabetzen naiz izan dudala sen hori. Irratian, gainera, hori garatzen joateko aukera izan dut. Alde teorikoa oso ondo dago, baina, egia da, sena bezalakorik ez dagoela.

Barre eragitea ez da lan erraza. Negar eragitea baino zailagoa al da?

- Nik uste dut, eta barkatuko didate niregatik negar egin dutenek, errazagoa dela negar eragitea barre eragitea baino. Euskaldunok badaukagu dramarako joera hori. Kalitate handikoa ez den drama batek kalitate handikoa ez izanagatik ere, agian, badauka sentimendu triste horiek aterarazteko gaitasunik. Batzuetan, oso merke erosten diren sentimenduak direnaren sentsazioa daukat. Drama zoragarri eta indartsuak ere egin daitezke, baina nik uste dut errazagoa dela beti norbait modu horretan hunkitzea. Barre eginarazteko oso elementu inportantea da ezustekoarena; nolabait, jendearen atentzio horrekin jolastu beharra duzu, ezusteko hori baita jendeari barre eragiten diona. Eta ezusteko horiek sortzea nahiko lan zaila dela uste dut. Batzuk, noski, badaukate bere presentzia hutsarekin barre eragiteko gaitasunik, eta hori sekulako oparia da. Ez nuke esango nire kasua denik; ni beti izan bainaiz testua pixka bat landu eta horri esker irribarre ba-tzuk ateratzekoa.

Aldiz, Aitziber Garmendiak dio esperientziaz ikasten dutenak eta ikasita jaiotzen direnak daudela, eta zu azken horietakoa zarela.

- Asko gustatu zitzaidan Aitziberrek esandakoa irakurri nuenean, agian, espektatiba altuak ere sortuko ditu baina€ Berezkotik uste dut badaukadala zerbait, baina gero, noski, sen horri ere ikasi egin behar da forma nola eman, erabilera praktikoa nola eman, nola sistematizatu€ Konbinazio bat badela uste dut.

Umorea beharrezkoa dela uste duen horietakoa al zara?

- Nik uste dut beharrezkoa dela, bai. Gero, bada arrisku bat ere, norbere burua serioegi har-tzekoa. Espainian umore molde nahiko klasikoa ikusi ohi izan dugu, arina, eguneroko egoerei tiraka eginda ateratzen dena. Eta hori izugarria da, baina, aldi berean, AEBko komedianteen artean, esaterako, badago bizitzari buruz filosofatzeko espazio bat, helburu bakarra barre eragitea duena. Eta jende horrek barre eragiteko gaitasuna dauka gai oso indartsuei eutsita: erlijioa, giza harremanak€ Komediak badauka paper garrantzitsu bat, non beste esparru batzuetan esatera ausartuko ez zinatekenak plazaratu ditzakezun. Norbere iritzia ematea baino, gai bati bere ertz guztiak topatzea da; ikustea zerk eragiten digun deserosotasuna, zerk eragiten digun barre egitea€ Komediak gai bat hartu, hankaz gora jarri eta bueltak emateko aukera ematen du, eta nik uste dut zentzu horretan oso interesgarria dela.

Zure umoreari mugarik jartzen al diozu?

- Zalantzarik gabe. Mugez ari garenean jendeak aukeratuko duen gaiaz pentsatzen du: alegia, zein aukeratu eta zein ez. Baina nik gaia delakoa ere, hori baino lehen pentsatuko nuke: txiste hau egiteak merezi du? Ze nik, askotan, zilegitasuna hor aurkitu izan dut. Kontziente izan naiz gaiaren samurtasunaz, baina pentsatu dut: "Txiste hau hainbeste gustatzen zait, nire ustez txiste horren kalitateak zilegitasuna ematen dizula gai korapilatsu bat lan-tzeko". Eta hori da nik nire buruari aplikatzen diodan zentsura.

Inoiz lortu al duzu umorea egitea inor mindu gabe?

- Nire asmoa ez da sekula besteak txarto sentiaraztea, nire helburua jendeari barrea eragitea da. Baina, noski, ezin dugu espero mundu guztiari norbere umorea gustatzea; hori ekidin ezin den zerbait da. Nik ulertzen dut publikoa haserretzea, baina ez nazatela ni behartu beraiei barkamena eskatzera.

Zure umore moldeaz ere irakurri izan dugu inoiz, ez omen da hain sarria gurean€ Zein umore molde da, bada, zeurea?

- Sentsazioa daukat, orohar, nahiko umore atsegina egin ote den euskal eszenan. Beharbada, ez gara askorik lokatzetan sartzen, eta ez dago zertan lokatzetan sartu beharrik, baina niri, behintzat, gustatzen zait. Euskaldunak ere bagarelako pixka bat horrelakoak€ Lander Garrok aipatzen zuen elkarrizketa batean nola zeukan sentsazioa euskaldunak denok bizi garela frankotiradore bat etengabe guri apuntatzen egongo balitz bezala, pentsatuz "badaezpada ez naiz gehiago aterako hemendik€". Bada elkarrenganako presio hori.

'Nekatutak' lanaz gozatu aurretik, aurreratuko zenuke zerbait? Zertaz hitz egingo duzu?

- Bakarrizketak aukera ematen dizute etengabe ildoan mantendu beharrik gabe, gai batetik bestera salto egiteko, bloke ezberdinak josi eta elkar lotuz, eta hori asko gustatzen zait. Nekatutak bakarrizketan, nire bizitzan oso presente dagoen psikologiaren gaia aterako da, ez Barre Librea-n egin nuen bakarrizketa bera, baizik eta material berria izango duena. Hitz egingo dugu baita WhatsApp taldeez; badakit ez dela gai berritzailea, baina buelta bat eman diot, eta uste dut jendea txundituko duela. Betiko klasikoez ere ariko naiz: irakasleez, ertzainez€ Osaba ere izan naiz, eta horretaz ere hitz egingo dut. Denetik egongo da. Jendeari gustatzen zaio makarrismo puntu bat, argi dago; bada, goazen pixka bat betiko mugak haustera. Euskaraz ere posible da egitea, beste maila baten momentuz, baina helburua bada horrelako terrenoetara gerturatzea€

Orain arteko agerraldiekin alderatuta, momentu ezberdina izango da oraingoa: jendea aurrez aurre izango duzu. Urduri al zaude?

-Nik umore kabroi samarra badaukat, baina gero koldar samarra ere banaiz. Orduan, bi polo horiek elkartzen zaizkit, eta hortik nahiko koktel interesgarria ateratzen zait. Urduri nago, bai. Gainera, jendearen erreakzioa behar duen formatua da bakarrizketena. Jendeak barrerik egiten ez badu, honek ez du ezertarako balio, eta horrek bai sortzen dit bertigo puntu bat. Ez dago, gainera, bakarrizketari batek jasotzen duen feedbacka baino okerragorik. Antzezlan baten aurrean, esaterako, jendea ez badago bereziki entregatuta, gogorra da beti, baina aktoreak beti daude pertsonaian sartuta, babestuta. Baina, gure kasuan, hain da gardena jendearen erreakzioa... Modu berean, oso ondo ateratzen denean, sentsazioa zoragarria da.

noticias de deia