Peru Arregi eta Xabi Urkia, Ondra taldeko kideak

"Gure musika oso intentsoa eta oso dramatikoa da"

Kontrasteetan murgilduta, doinu lasaiak eta gogorrak tartekatuz agertu da plazan estreinakoz Ondra taldea. 'Su Itzaletan' lehen diskoa kaleratu dute

01.03.2021 | 10:53
2018an sortu zen Ondra taldea eta aurten atera dute lehen diskoa donostiarrek.

Soinu ilunek ezaugarritzen dute Ondra taldearen musika; tarteka, baina, argitzera ere egiten du donostiarren musika lanbrotsua: "Rock and drama", taldekideen hitzetan. 2018an hasi zen taldearen lehen txinparta pizten, eta 2021 pandemiko honetan lehertu da emaitza: Su Itzaletan lehen diskoa kaleratu du laukoteak. Xabi Urkia (gitarra) eta Peru Arregi (gitarra eta ahotsa) taldearen esen-tziaz eta ibilbideaz jardun dira.


Lehen aldia, Ondra taldearen estreinako diskoa argitaratu duzue. Nolakoa izan da plazara ateratzea?

- Peru Arregi: Musikari bezala atera dugun lehen diskoa da eta egia esan asebeteta sentitzen gara. Lan galanta egin dugu. Ez da besterik gabe jo-tzeko elkartzen den lagun talde bat. Esan izan dut proiektu serio bat egin dugula, eta goxo-goxo landu ditugu abesti guztiak.


2018an sortzen da Ondra, 2021ean gaude. Denbora hartu duzue prozesua egiteko. Hasieratik garbi zenuten astiro egin nahi zenituztela gauzak?

- Xabi Urkia: Bai, hasieratik. 2018an batu ziren Peru eta Iker (bateria jo-tzailea). Gero batu ginen Leyre eta ni. Nahi genuen abesti bakoitza oso-oso gustukoa izatea, borobila geldi-tzea. Horregatik, filtro asko pasa ditugu, denborarekin joan gara lantzen, guztiok pozik egon arte. Pentsa-tzen genuen kaleratzea diskoa maia-tza-ekaina inguruan, baina pandemiak atzeratu zuen.

- P.A.: 2019 bukaeran erabaki genuen diskoa grabatzea. Bizpahiru kontzertu eman genituen, eta esan genuen: "Zerbait nahi dugu, behintzat lan bat eduki prest". Galgari eman eta hasi ginen maketa grabatzen eta ordura arte landutako abestiei azken zer-tzeladak ematen. Iazko otsaila bukaeran hasi ginen grabatzen, eta justu instrumentala grabatzen bukatu genuenean etorri zen itxialdia. Ahotsak geratu ziren grabatu gabe. Itxarotea erabaki genuen, baina une baten esan nuen: "Hau bukatu egin behar dugu". Lokalera joan nintzen grabatzera: kubikulu bat egin nuen eta hortxe grabatu genituen ahotsak. Esperientzia interesantea izan zen.


Talde serioa zaretela esan izan duzue. Zer da talde serio bat?

- P.A.: Kakotxa artean da serioa.

- X.U.: Azken finean da helburu ba-tzuk edukitzea. Ez izatea bakarrik larunbatetan garagardo batzuk hartu eta musika pixka bat jo, beste barik...ez da afizio hutsa.


Halere, bakoitzak ibilbide propioa izan du musikalki, eta estilo ani-tzetatik zatozte. Zein da emaitza?

- X.U.: Bai, bakoitza gatoz estilo batetik. Leyre (baxu jotzailea) metaletik, Iker (bateria jotzailea) hardcoretik eta gero guk entzuten dugu rock klasiko anglosaxoia tankerako zerbait. Baina argi geneukan gustatuko li-tzaigukeela gure identitatea izatea intentsitate ezberdinak tartekatzea, doinu leunetatik pasatzea soinu pisutsuetara. Eta horiek tartekatzea.

- P.A.: Nik beti bizi izan dut talde honetan kantatzeko eta jotzeko estiloa barrokoegia zelaren sentsazio hori. Garrasi asko daude, distortsio asko daude... eta gero, bat-batean lasaitu egiten da. Intentsitate hori eduki dugu beti. Intentsitate hori nabaritzeko momentu lasaiak egon behar dira, kontrastea egin behar da. Modu naturalean gertatu den zerbait izan da.


Hain justu 'Su Itzaletan' da diskoaren izenburua. Binarismoaren ideia horrekin jolasen segitu duzue, kontrastearen bidez sortzen.

- P.A.: Dena da intuitiboa. Nik idazten ditudan letrak ere intuitiboak dira, ez da aurretik definitutako zerbait. Su Itzaletan deitzen da sentsazio hori ematen zidalako. Su Itzaletan sortzeko prozesu intuitibo horren barruan irudi batzuk eta sentsazio batzuk etorri zitzaizkidan burura eta horrek gidatu nau. Su itzaletan da adibidez leize baten barruan suak egiten dituen itzalak; normalean buruaren errepresentazio bat bezala. Hainbat irudi ikusten dituzu itzaletan eta letrek transmititzen dute krisi existentzial sentsazioa. Amorrua dago musikan, haserrea. Baina, baita ere argi baten bilaketa. Iluna da, baina nik pentsatu nahi dut gauza optimista bat dela aldi berean.

- X.U.: Azalean ere ikusten da nola dagoen erdibituta tonu argi eta ilunen artean. Ez dugu egin behartuta, baina agian nahi gabe guztia egin dugu horrela, bitan banatuta.


Iluntasuna aipatuta, talde dramatikoa zaretela diozue. Zergatik?

- P.A.: Lokalean entseatzen atera diren melodiak ez dira izan oso argi-tsuak. Beti atera da modu naturalean, beti da oso intentsoa eta oso dramatikoa, eta horrek ere definitu du gure estiloa. Rock and drama!

- X.U.: Niri errazagoa egiten zait era dramatikoan sortzea musika. Baina...erne! Egunerokoan ez gara dramatikoak, alaiak gara! Soinua da pixka bat dramatikoa.


Taldea sortuta eta diskoa aterata, zer sentitzen duzue?

- X.U.: Poz handia. Lehengo helburua lortu dugu. Orain egin behar duguna da lana tope eta ahal den heinean ereindako fruitu horiek ere jaso. Ahalik eta zuzeneko gehien eman.

- P.A.: Pena da ez dugula eduki benetan gure lana ezagutzera emateko aukerarik. Pena da ateratzea diskoa eta ez edukitzea kontzertu batzuk iragarri eta emateko. Baina, era berean, beste prisma batetik ikusita: Hara, disko bat atera dugu!

noticias de deia