Miren Gorrotxategi azpeitiarraren bigarren eleberria da Sotoan gordeak nobela beltza. Itzulpengintzan lizentziatua, turismo ikasketak egin zituen gero, eta euskara irakaslea da orain. Dioenez, hizkuntzarekiko erakarpena betidanikoa du: "Nire aita bertsolaria da, beraz, badugu literaturarekiko erakarpen hori". Duela 30 urte gertatutakoak eta familiako sekretuak izkutatzen ditu liburuak, 14 kapitulutan.

Bigarren eleberria eta nobela beltza. Zergatik genero hori?

- Saiatu naiz beste genero batzuk uki-tzen baina, azkenean, beltzera jo dut. Parean suertatu zitzaidan (H)ilbeltza bekaren oinarriak argitaratu zituztela. Lehiaketara aurkeztu eta irabazi egin nuen.

Eleberria nagusientzat zein publiko gaztearentzat da.

- Bai. 33 ezkil liburuarekin ere antzerako zerbait gertatu zen. Gaztetxoak ez nituen buruan, baina Batxilergoan institutu askotan irakurtzen den eleberria da. Sotoan gordeak irakurri duten nerabe batzuk ere ezagutzen ditut, eta gustatu zaie, uste baino gehiago.

Mahastietan kokatuta dago istorioa. Zergatik?

- Udak Errioxan pasatzen ditugu, eta gustuko dut mahasti lur horietatik paseatzea, ematen duten bakea. Baina inoiz pentsatu dut atzean tentsiozko bakea ere ezkutatu zitekeela. Hortik abiatu nuen istorioa. Txispa piztu zuena izan zen Guggenheimera Joana Vasconcelosen erakusketa batetara joan izana. Kolore leherketa bat zen hura eta pentsatu nuen kontraste hori baliatu nezakeela nobela beltzaren iluntasunari hasiera emateko.

Protagonista emakumea da, baita pertsonaia gehienak ere. Badu helbururen bat?

- Momentu honetan ni erosoago sentitzen naizelako izan da. 33 ezkil-ekin gertatu zitzaidan hasieran protagonista gizonezkoa zela, eta nobela idazten ari nintzen heinean, indarra hartzen joan zen Karmenen pertsonaia; agian, pertsonaia femeninoen bitartez errazago adierazi ahal nituelako pentsatzen eta sentitzen nituenak. Beraz, oraingoan hasieratik egin dut hautua.

Protagonistaren aita da mahastien eta upategiaren jabea, baina amak har-tzen du paper dominantea.

- Aita ia agertu ere ez da egiten. Nobela hiru garai ezberdinetan banatuta dago eta gaur egungoaren hasieran aita hilda agertzen da. Beraz, emakumea da indarra duena.

Protagonista eta bikotea. Homosexualitateak ere badu lekua nobelan baina anbiguetatea sor daiteke hasieran. Nahita egina dago?

- Bai eta ez. Lehenengo esaldian hitanoan, noka, hasten dira. Beraz, nobela hasieratik argi geratu beharko li-tzateke pertsonaia biak emakumezkoak direla. Hala ere, Alex izenak irakurlea despistatu dezake, eta askori gertatu zaie nobelan aurrera egin ahala konturatu direla biak emakumezkoak direla. Kasu horretan, agian, irakurleak egin beharko luke topo bere aurreiritziekin.

Istorioak hiru garai desberdin hartzen ditu. Errekurtso horrekin zer bilatu nahi izan duzu?

- Nire asmoa ez zen hala egitea. Nire lehenengo nobelan ere denbora saltoak zeuden. Oraingoan zerbait berria egin nahi nuen, baina istorioa sortzen ari nintzen heinean konturatu nintzen eskatzen zidala iraganeko kontakizunak txertatzea, jauziak egitea.

Askotariko kontuak daude nobelan, baita sorginak ere.

- Dokumentazio lanak askotan sorpresak ematen ditu. Vianako historiari buruz irakurtzen ari nintzela topo egin nuen Endregotoren pertsonaiarekin. Zugarramurdiko sorginekin erre zuten, eta hortik tiraka, kondaira gehiago ere bazeudela ikusi nuen; adibidez, juduek haurren odola eta bihotza jaten zutela Viana aldean, besteak beste.

Istorioan jokoa eman eta intriga sor-tzen du emakume sorginaren pertsonaiak.

- Bai, hori da. Azken batean, Endregotoren pertsonaia horrekin topo egin izan ez banu, ez dakit Evaren pertsonaia horrela transformatuko zen edo bestelakoa izango zen.

Korapiloa ez da azkeneraino askatzen. Erraza egin zaizu idaztea?

- Ez zait bereziki zaila egiten interesa mantentzearena, natural eta erraz atera-tzen zait. Hala ere, orokorrean prozesua nahiko gogorra izan da, eta agian konfinamenduak ere eragingo zuen. Denbora bai, baina buruan hainbeste kezka izateak eta egoera ezegonkorrak ez du laguntzen eta idazte prozesua ez zitzaidan samurra egin. Saiatu naiz antsietate hori pertsonaien bitartez adierazten. Norak badu barruan ezinegona, bere barruko zomorro hori, askotan arnasa hartzea eragozten diona.

Amaiera ere, polita izatetik dramatikoa da protagonistarentzat. Hala behar zuen?

- Bai, ez zuen eskatzen amaiera polit bat. Zenbait protagonista, hala ere, etorkizunera begira daude, itxaropentsu, nahiz ez ditudan eraman irakurleak nahiko lukeen bide horretatik.

Zure lehenengo nobelarekin 'Hil kanpaiak' pelikula egin zuten. Espero zenuen pantaila handian ikustea?

- Prozesua ikaragarria izan da. Bereziki gogoan dut grabazioan egon nin-tzen eguna Beran, Garizmendi bihurtu zuten baserri hartan. Agertokia eta pertsonaiak ezagutzeko aukera izan nuen: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Yon Gonzalez... Ikaragarria izan da nik buruan nuen ideia batetik halako muntaia sortzea, pelikula bat filmatzeraino.

'Sotoan gordeak' liburuak ere badu film baterako trama...

- Ez naiz ni izango hori erabakiko duena baina bai, gustatuko litzaidake pelikula bihurtzea.