Iraultzari emandako bizitza Louise Michelen miran

Iraultzaile anarkistak Victor Hugori idatzitako gutun eta olerkiak euskaratu dituzte, Parisko Komunaren 150. urteurrena ospatzear dela. Amaia Lasarenak dira itzulpenak eta hitzaurrea, Nora Arbelbiderena hitzartzea

25.01.2021 | 20:17
Amaia Lasa arduratu da Louise Michel euskarara ekartzeaz.

Anarkista iraultzailea eta Parisko Komunako kide nabarmenetakoa izateagatik da ezaguna Louise Michel (1830-1905). Irakaslea, pedagogoa, emakume "bizkorra eta trebea", "teoria eta praxia bat eginda bizi zen feminista", definitu du bere hitzak itzuli dituen Amaia Lasa Alegriak. Idazle eta poeta gisa, aldiz, ez da horren ezaguna, nahiz eta gazte-gaztetatik argi izan zuen bere dohain guztien artetik idaztea zuela maiteena. Nerabe zela, 30 urte nagusiagoa zen idazle handi eta ospetsu bati gutunak bidaltzen hasi zen, Victor Hugori, alegia, eta, honek, kasualitatez edo ez, erantzun egin zion.


Eskutitz bidez 29 urteko elkarrizketa luzea mantendu zuten. Bere erantzunen arrastorik ez da aurkitu, Michelen bizitza gorabeheratsuaren ondorioz - kartzela eta erbestea tartean - galdu egingo ziren. Michelen gutunak ez, ondo gorde ziren, inoiz Hugori kartak erretzeko eskatu bazion ere: "Ez dut idatzi dudan guztia berriro irakurri nahi, baina erre gutuna nire konfidentziak zuretzat bakarrik direlako, izuturik, nire buruari galdetzen diot nitaz zer pentsatuko duzun, baina dena kontatu nahi izan dizut hausnarketarik gabe. Barkatu nire zabarkeria eta zorakeria guztiak."


Miresmenetik idazten zion, jainkoari gisara. Behin baino gehiagotan adierazi zion horregatik lotsa eta damua, baina idazten jarraitu zuen, eta Hugok erantzuten. Zorionez, ez zion jaramonik egin gutunak erretzeko gurariari; baina, tamalez, Michelek berak erantzundakoarekin soilik irudikatu dezakegu bien arteko hartu-emana eta iraultzaile gaztearen urteetako garapena.


TRESNA UGARIDUN LIBURUA

Erbesteko gutunak Victor Hugori du izena lanak, baina korrespondentzia denak ez ziren deserrikoak izan. Liburuan atalka sailkatu dituzte, garai bakoitzean Michel zegoen lekuaren arabera: Haute-Marneko gazteluko gutunak 1850-1861, Montmartreko gutunak 1862-1870, Gutunak Versaillesko eta Auberiveko kartzeletatik 1871-1873 eta Kaledonia Berriko erbesteko gutunak 1874-1879.


Amaia Lasa Alegria poeta getariarrak itzuli ditu Michelen gutunak. "Gozamen handia izan da bera ezagutzea eta euskaratzea", aitortu du. Izan ere, lanaren ideia Katakrak argitaletxeko kideek luzatu zioten. Duela bi urte Rosa Luxemburgen presondegiko gutunen itzulpena kaleratzeko argitaletxe bila zegoela egin zuen topo etxe nafarrarekin. 2018an argitaratu zuten Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti, hain justu Alemaniako Iraultzaren mendeurrenean. Harrera ona izan zuenez, aurten ospatzear den Parisko Komunaren 150. urtemugaren atarian Louise Michelen gutunok plazaratzea otu zitzaien, eta Lasari luzatu zioten ideia.

Gutunen aukeraketa Xavière Gauthier historialari eta filologoak editatutako bilduma batetik abiatu zuten, baina liburuak ez ditu gutunak soilik jasotzen, Louise Michelen olerkiak, testu politikoak eta aldarriak ere bildu dituzte, bere ibilbide ideologiko eta politikoa islatu guran. Gutunak eta frantsesezko edizioaren sarrera Lasak ekarri ditu euskarara, poemak eta aldarrikapenak Katakrak argitaletxeko Hedoi Etxartek.


TESTUINGURUAREN GARRANTZIA

Louise Michelen figuraren kokapen biografiko, historiko eta politikoak pisu handia du lan honetan. Vroncourt-la-Côteko gaztelu batean jaia, ama bertako zerbitzari eta aita gazteluko jabeen seme zituen, baina haurdun geratu bezain pronto aitak baztertu egin zituen ama-alabak. Kontrara, garaiko jokabide burgesengandik aldenduz, gazteluko jabeek babestu egin zituzten.


Testuinguru horretan, "heziketa kultua eta berezia" jaso zuen Louisek, Lasaren hitzetan. "Dohain askoko emakumea zen, marrazkigintzan eta musikan trebea, baina beti izan zuen argi idatzi nahi zuela", goraipatu du. Aitona-amonak hil zirenean gaztelutik bota zituzten Louise eta Marie Anne ama, eta familiaren deitura erabiltzea eragotzi zieten. Ordura arte Louise Demahis gisa sinatzen zuen neskatilak Michel abizena hartu zuen, eta amaren familiarengana mugitu ziren biak.


Irakasle ikasketak egin zituen, baina eskola publikoan lan egiteko inperioari zin egin behar zitzaionez uko egin eta pedagogia askatzailearen aldeko eskola bat zabaldu zuen 1953an. Artean, bazebilen idazle izateko bere desioaren bila, eta 1950ean, 20 urte baino ez zituela, lehen eskutitza bidali zion hainbeste miresten zuen Victor Hugo idazleari.


1871ko martxoaren 18an Parisko Komuna aldarrikatu zutenean Louise Michel buru-belarri murgildu zen borrokan. Bi hilabete pasa besterik ez zituen iraun langile klasea buru zuen antolakuntza formak, Versalleseko tropek gogor jazarri eta menpean hartu zuten arte. Michelek hiru urte eman zituen Frantziako espetxeetan eta hamar Kaledonia Berriko erbestean, beste komunakide batzuekin batera, baina kanakekin altxamenduaren alde lerratu zen iraultzaile bakarra bera izan zen. Lasak aipatu bezala, teoria eta praxia ezin bereizi eman zuen Louise Michelek bere bizitza, iraultzari eman zion, eta liburu honek bere askatasun miraren zati bat dakar euskarara.

noticias de deia