Tenpora taldearen hirugarren diskoa da Berriro asma nazazu; duela zazpi urte hasi zen ibilbideko hirugarren geltokia da, taldekideen esanetan. Zazpi kantu bildu ditu Tolosaldeako boskoteak lan berrian. Abesti batetik bestera kontraste handia dagoen arren, oro har, ñabardura asko dituen diskoa dela azaldu dute taldekideek, esperimentazioaren ondorio gisa. Azken lan hori apirilean argitaratzekotan bazeuden ere, itxialdiak nahasketa lanetan harrapatu zituen, eta udazkenera sartzekotan kaleratu behar izan zuten diskoa. Bost kon-tzertu eskaini dituzte abuztuaz geroztik, eta data gehiago iragar-tzekotan daude.

Elene Arandia da Tenporako abeslaria, eta, azaldu duenez, hirugarren diskoan igarri dute taldearen joste musikala "erabatekoa" dela. Izan ere, ongi ezagutzen dute taldekideek elkar. Arandiarekin batera, Tenpora osatzen dute Juantxo Zeberiok (teklatua), Itsaso Etxebestek (baxua), Beñat Barandiaranek (gitarra) eta Hasier Oleagak (bateria.) "Tenporari zerbait eskaintzen badiogu denbora da, eta hori nabaritu egiten da", adierazi du Arandiak. Gauzak horrela, soinuari dagokionean, zenbait aldaketa izan dira. Abeslariaren hitzetan, "kakotxen artean" bada ere, disko iluna da Berriro asma nazazu. Dena den, Arandiak erantsi du abesti batzuk "argiagoak" direla eta letra batzuk, berriz, "naif-agoak". Nahastea eta probatzea dute gustuko, eta horren ondorio da lanaren emaitza: "Soinua geroz eta gehiago ari gara lantzen, eta esperimentatzen ere bagabiltza", nabarmendu du. Gauzak horrela, Arandiak azaldu duenez, oso talde "organikoa" da. "Gutako bakoitzak modu batera sentitzen du musika", adierazi du, eta horri men eginez lortu dute diskoak duen soinu berezia.

Gainera, Arandiak adierazi duenez, abestiak sortzerako orduan askatasun osoa dute. Estrofa eta estribillo egitura jarraitzen duten hiru minutu inguruko abestiak egin izan dituzte, eta zazpi minutuko kantak sortzeko moduan ere bada Tenpora. Hori dela eta, ez zaie etiketarik jartzea gustatzen. "Adituek komentatu izan dute jazz eta pop estiloetan katalogatu daitezkeela gure kantuak, baina badituzte beste hainbat eragin; rock-a eta folk-a, esaterako", adierazi du.

Hitzen garrantzia Hori bai, Tenporaren musika arretaz entzutekoa dela uste du Arandiak. Izan ere, letrei garrantzi berezia ematen diete, eta horren erakusle da abestien hitzak idazteko izan ohi dituzten kolaborazioak. Kantu batzuk eurak egindakoak diren arren, ohiko kolabora-tzaile bezala aritu dira Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoro. "Asko gusta-tzen zaigu beraien lana, eta sentsibilitate berezia daukate musikarako", azpimarratu du Arandiak. Canoren eta Linazasororen ekarpenez gain, izan dute beste kolaboraziorik Berriro asma nazazu diskoan; eurekin lan egiteko enkargua egin diote Leire Bilbao idazleari, eta bi abestitarako letrak idatzi ditu ondarroarrak. "Oso interesgarria da emakume baten ikuspuntua sartu ahal izatea", uste du Tenporako abeslariak. Hain gustura gelditu dira Bilbaoren ekarpenarekin, ezen diskoaren izenburua haren testu batena den. "Musikari ematen diogun garrantzi bera ematen diogu letrari", gaineratu du Arandiak.

Askotariko gaiak lantzen dituzte abestietan. "Hor ikusten da idazle bakoitzak ze joera daukan", adierazi du. Arandiaren azalpenen arabera, denboraz hitz egiten duten letra asko dituzte, baita maitasunaz eta bizitzaz aritzen direnak ere. Horretaz aparte, gaurkotasunarekin lotura estua duten hitzak ere badituzte; besteak beste, errefuxiatuen gaia jorratu dute. "Ez dugu ezer konponduko Lampedusaren edo Lesbosen inguruko kantu bat egiteagatik, baina saiatzen gara artearen bitartez taldearen kezkak islatzen". Izan ere, Arandiaren aburuz, oso garrantzi-tsua da entzuleari hausnarraraztea.

Kolaborazio ugari Musikari dagokionean ere izan dituzte kolaborazioak. Lehenbizikoz hariak sartu dute euren lanean. Et Incarnatus hirukotea arduratu da horretaz. Horrez gain, Ruben Salvador izan dute tronpetan eta Gonzalo Fernandez de Larrinoa tronboian. Xendarineko Ahizpek ere kolaboratu dute diskoan. Gainera, estreinako aldiz hori ere, ekoizle bat izan dute; Aitor Etxebarria, hain zuzen ere. Besteak beste, soinuari ematen ari ziren garran-tzia zela eta jo zuten horrengana. Gainera, Etxebarriaren estudioan grabatu dute diskoaren zati bat. Hala ere, gehiengoa Azkaraten (Nafarroa) egin zuten, Katarain eta Mamia estudioetan. "Estudioko lanaz geroz eta gehiago gozatzen dut, eta disko honen grabaketa oso aberasgarria izan da", azaldu du Arandiak.

Dena den, abeslariaren ustez, zuzeneko taldea da Tenpora. Hori dela eta, Arandiak azaldu duenez, emanaldietan ikus-entzuleek sorpresa hartzen dute: "Normalean diskoa gustatzen zaienei kontzertua are gehiago gustatzen zaie, eta espero dugu ezagutzen ez gaituztenentzat ere gustagarria izatea". Orain horixe dute buruan Tenporakoek, eta datozen aste zein hilabeteetan emanaldiak eskaintzeko asmotan dabiltza. Udaberri parterako hitzartuta dute jada kontzertua ematea Txillida Lekun, pandemia dela eta, atzeratu egin behar izan baitzen. Hitzordu horri beste data batzuk gehitzea espero dute.