Baloreak berreskuratzeko gau beldurgarria

Halloween festari alternatiba emanez, Gau Beltza ospatzeko proiektua garatu du Euskaltzaleen Topaguneak. Euskal Herriko baloreetan oinarritutako festa da bultzaten duena, eta gero eta gehiago dira berau ospatzen duten herriak

04.11.2020 | 20:55
Arrasaten betidanik dute Gau Beltza ospatzeko ohitura

Urteko gaurik beldurgarriena da urriaren 31. Arimen Gaua batzuentzat, Gau edo Gaba Beltza beste askorentzat.

Halloween festaren zabalkundeari alternatiba eman asmoz, Gau Beltza berrasmatzeko apustua egin du Euskaltzaleon Topaguneak. Aitziber Onaindia da proiektuaren arduraduna eta, azaldu duenez, asko zabaltzen ari den festa da Halloween, batez ere gazteen artean. "Arrotza egiten zaigun arren, Euskal Herrian halako festa bat ospatzeak badu zentzua, jatorriz, naturaren zikloei lotutako festak egiten zirelako hemen ere". Dena den, argi utzi du Gau Beltza ez dela euskaratutako Halloween festa. "Halloween unibertsala da, eta gurea tokian tokikoa. Gure ohituretan jarri dugu begirada, eta balore konkretu batzuk ipini ditugu erdigunean".

Hala, Euskal Herriko errituetan oinarritu eta, gizarteak aldaketak izan dituen bezala, Gau Beltzaren ospakizun eta ohiturak garaiotara egokitzeko lanean ari da Topagunea. Euskal Herrian zer egiten zen ikusi eta aztertuta, interesgarri iruditu zaiena baliatu dute: "Azken batean, gaur egun indartu nahi ditugun baloreak sustatuko dituen festa bat egitera goaz, ohitura zahar batetik abiatuta". Hain zuzen, euskara, komunitatea, gazteen parte-hartzea, naturarekiko harremana, berdintasuna, genero rolekin apurtzea eta tokian tokiko izaera bultzatzea da Gau Beltza festak sustatu nahi dituen baloreak.

Gazteak erdigunean Horregatik, herritik eta herrian antolatzeari garrantzia eman diote. Kasu batzuetan euskara elkarteak izan dira bultzatzaileak, edo ludotekak, gaztelekuak zein herriko eragileak. Beste kasu batzuetan, badira arimen gaueko festan interesa duten herritarrak. Denei zuzendutako proiektua da Topagunearena. "Horrek egiten du ezberdin Gau Beltza herrietan, nork antolatzen duen arabera, jaiak izaera bat edo beste hartzen duelako". Hala ere, baloreak eta esentzia denetan berdina dela nabarmendu du Onaindiak, eta komunitate osoari zabaldu nahi diote, gazte zein heldu. "Egia da guk gazteen presentzia indartu nahi dugula, erdigunean jarriz, jaiak antolatzearen ardura beraiei emanez. Hala ere, denok erakartzen gaituen festa da".

Aurten bigarren ikastaroa eman dute eta, iazko zein aurtengo partehartzaileak zenbatuta, guztira 26 herri izan dira formazioa hartu dutenak. Hain zuzen, nork bere herrian Gau Beltza ospatzeko proiektu bat sortzea zen helburua.