Eraman zituztenak joan dira, baina etorri direnak hemen dira. Itzuli dira; beti egon dira. Emakumeak dira, eta orain arte ere, hala izan dira. Batzuentzat sorginak; beste batzuentzat sortzaileak. Aipatu gabekoak, baina existitzen direnak. Horiek dira, egiaren berri eman nahi dutenak. Ezkutuko nortasun bat zutenak, ezkutatutako historia bateko protagonistak direnak.

XV. eta XVIII. mendeen artean egindako zaurien orbainak dira egungoak; itxi gabeko zaurien arrastoak. Orduan erre zituzten milaka emakume, baina itzali ez diren sugarrak dira oraingoak. Sorgintzat zituzten orduko emakumeak; emakume izate hutsa zen sorginaren deitura hartzeko arrazoi nahikoa askorentzat; ahaldunduta egoteagatik ziren sorginak, boterea edukitzeagatik, borrokatzeagatik, estereotipoetatik urruntzeagatik, jakintsuak izateagatik, maitatzeagatik, laguntzeagatik, aurrera egiteagatik, sortzeagatik edo sortzen laguntzeagatik, libre izateagatik, ezarritako ordenari men ez egiteagatik, beraien gorputzaren jabe izateagatik.

ERRETAKO EMAKUMEEI OMEN

Sorginkeria egotzita hil zituzten emakume horiek; 250.000 emakume, datuei erreparatuta. Eta horiek omendu nahi izan dituzte, 42 artistaren lanak bildu eta Sorginak! erakusketan ikusgai jarrita. EmPoderArte emakume artisten nazioarteko elkarteak sustatuta jarri dute ikusgai eskulturak, pinturak, ikus-entzunezkoak etabarrak jasotzen dituen erakusketa Durangoko Arte eta Historia Museoan, eta azaroaren 1era arte bisitatu daiteke. Erakusketa polita baino adierazgarria da, benetako istorioaren igorle.

Pepa Santamaria EmPoderArte AIMA elkarteko presidenteak erakusketan ikus daitekeenaren eta ikusiko ez denaren aurrerapena egin du: “Erakusketa honetan, ez duzue ikusiko emakumerik erratz gainean igota; bai, ordea, adineko emakume nekazarien tratu txarren salaketa. Ez duzue ikusiko, halaber, emakume satanikorik umeak bizirik kozinatzen; bai, ordea, Espainian urtero gertatzen diren 50etik gora hilketa matxistengatik amorratuta dauden emakumeak. Ez dago akelarre satanikorik; bai, ordea, Eliza katolikoak sorginkeria leporatu zieten milaka emakumeren torturan, sexu-sadismoan eta hilketa krudeletan izandako parte hartzeari buruzko erreferentziak”.

Silvia Federiciren Caliban eta Sorgina liburua hartu dute oinarri teoriko erakusketako lanen egileek. Artista horien guztien ondotik, gonbidatu gisa da Goiuri Aldekoa-Otalora durangarra. Azken horrek Moxalen (Hannot Mintegia musikariaren proiektua) abesti bati jarritako irudiak eraman ditu museora. “Abestia entzun nuenean sorginak, sua eta horrelakoak etorri zitzaizkidan burura. Hortik abiatuta, ibilbide bat egitea bururatu zitzaidan, ilunetik argira doazen emakumeak, emakume indartsuak, berpizten doazenak, eta duten indarraz konturatzen direnak, hainbeste urtean zapalduta egon ostean”.

BENETAKO ISTORIOA HELBURU

Erakusketaren helburua “batez ere, sorginen benetako istorioa zabaltzea eta jendea istorio horretara gerturatzea” dela azpimarratu du; izan ere, “gaur egun oso indargabetuta dagoen istorioa” da. “Euskal Herrian eta Europan emakume asko erre zituzten beraien kabuz bizia egiteagatik. Asko nagusiak ziren, emaginak ziren, eta askok eta askok belarren erabilpenaren ezagutza zutenez, jendearen osasuna zaintzen zuten eta baita abortu eta jaiotzak kontrolatu ere. Modu horretan, eliza eta gizonezkoen ikuspegitik gogor egin zieten, sarraski bat egin zuten”. Ela Rabasco da erakusketako beste artistetako bat. Mihisean inprimatutako argazki digital bat egin du, eta hori ere ikus daiteke museoan jarritako erakusketan. Lanari laguntzen dion testuan ondo argi azaldu da Rabasco: “Sorginek sendabelarrak ezagutzen zituzten, gorputza nolakoa zen bazekiten, ezagutza medikoak zituzten. Eskuz prestatzen zituzten sendagaiak; gaur eta atzo. Lehen sorgin esaten zitzaien, egun farmazialariak dira”.

Artista asko dira erakusketan parte hartu dutenak, eta lan asko dago ikusteko. Horien guztien artean bakarra aukeratzea zail egiten zaio bisitariari, eta baita Aldekoa-Otalorari berari ere. Baina bada bat durangarraren arreta bereziki bereganatu duena: Elisabet Roldán Rojoren Mulier. Egileak berak azaltzen duen bezala, obra “esplizitu” bat da; alegia, ikusleari bere ondorioak libreki ateratzeko aukera ematen diona. Telazko zapiekin egindako lana da. Gurutziltzatutako emakume bat du oinarri, eta artelanaren bazter batean, suaren zantzuak ageri dira, erreduren irudi. Lotura azkar bezain sinplea bilatu du artistak; emakume izate hutsagatik erailtzen baitzituzten erreta.

Ordutik, ekintza horiek ez direla egungo gizakiarenganaino ailegatu salatu du durangarrak. “Historiak ezabatu egin du, eta ez dago horretarako eskubiderik. Eskolan ez digute sekula istorio hori kontatu; soilik erakutsi dizkigute Errauskineren ipuinak bezalakoak. Holokaustoaren pareko sarraskia izan zen, oso grabea, eta inon ez digute halakorik erakutsi. Behintzat, azkenaldian jendea badabil ipuinak egiten, ikerketak egiten, geratu ziren paper gutxiak bilatzen. Guztia desagerrarazi zuten”. Bestalde, sorgin hitzaren kutsu negatiboa da ezagutzen dena, Aldekoa-Otaloraren ustez; alegia, sorgina oraindik ere pertsona zatar eta okerrarekin irudikatzen dela dio. Baina sorginaren esanahia eta irudia, bere ustez, bestelakoa da: “Sorgin hitzak berak dio, sortzen duen edo sortzen lagun-tzen duen pertsona da”.

Modu horretan, erakusketa hau baliatu nahi dute baita hausnarketa egitera gonbidatzeko, jendeak ingurukoen artean horri buruz hitz egin dezan: belaunaldiz belaunaldi istorioa kontatua izan dadin. XV eta XVIII. mendeetan kokatzen den sarraski hura, baina, ez du hain urruti sentitzen Aldekoa-Otalorak; izan ere, modu batera edo bestera sarraskiak jarraitzen duela uste du: “Gaur egunera arte, gure plazan erretzen ez bagaituzte ere, beste era batera erretzen gaituzte, alboratuta edo irainduta, esaterako. Eta ez dut pentsatu nahi beste herrialde batzuetan oraindik ere hiltzen dituzten emakumeengan, horiek ere erre zituzten emakumeen kopurura doaz eta”.

EMAKUMEEN AHALDUNTZEA

Tokian tokiko sarraski horien amaiera iritsiko den ez dakien arren, feminismoa hori lortzeko indarrez lan egiten ari dela jakin badaki. Azken urteetan egindako indarrek, gainera, patriarkatua oso urduri jarri duela argi dauka. “Gizonezko batzuk hasi dira berdintasunaren aldean jartzen, baina asko eta asko oso urduri jarri dira eta horrek berea ekarriko du. Gu ere, dena den, indarrez beteta gaude”. Eta indar hori izan du historian emakumeak. Beti egon dira andre indartsuak gure artean. Gizarteak, baina, zapaldu egin ditu emakume horiek. Bere etxeko esparrutik ateratzea galarazi die, eta, ondorioz, horietako asko esparru horretan geratu dira. “Hortik atera diren emakumeak ere egon dira, eta badira, baina gutxi dira, eta horiek edo erre edo alboratu egin dituzte”. Gaur egun arte, behintzat, hala izan denaren ustea dauka artista durangarrak. Dioenez, emakumeari asko kostatu zaio ahalduntzea, eta guztiek batera kalera ateraz gogor egitea.

Eta ahalduntze hori da, hain zuzen, erakusketaren bitartez lortu dutena. Energia askoren topagune da Sorginak!; helmuga bera daukaten energien bilgune. Leku berera begiratzen duten begien elkargune, edertasunari baino esan nahi dutenaren garrantzia ematen diotenen gune. Hemendik aurrera, Marta Lage de la Rosaren adierari jarraiki: “Suak piztuta jarrai dezala, betiereko ohorea emakumeen memoriari”.