Identitatearen zama hotzaz

'Hotz industriala' bost ipuinez osatutako bilduma argitaratu berri du Julen Belamunok. Pertsonaien nortasunaren inguruko gatazkak eta ezkutuko ezinegona du ardatz azpeitiarraren hirugarren liburuak

13.06.2020 | 20:04
Julen Belamuno idazlea aurkezpen egunean.

Maiatzaren 29an aurkeztu zuen Julen Belamunok bere azken lana Leire Lopez Susako editoreak lagunduta. Aurkezpena sarean egin zuten eta entzungai dago argitaletxearen Youtubeko kanalean. Liburu berriaren xehetasunak azaldu zituzten pantaila aurrean, ipuin bateko eta besteko istorioak lotzen dituen elementu konstanteez, pertsonaiek gordetzen dituzten sekretuez, zein tentsioez aritu bitartean.

Azpeitiarrak bigarren ipuin bilduma du hau. 2015ean Ukabilak eta loreak argitaratu zuen, ipuin sorta hura ere. 2016an Gaueko zaintzailea eleberria ekarri zuen. Idazlearen estilo pausatua eta pertsonaiak osatzeko trebezia nabarmentzen da guztietan. Elkar argitaletxearekin kaleratutakoak dira lehen bi lanak, azkena, ordea, Susarekin atera du. Hotz industriala bost ipuin luze samarrek osatzen dute. Orotara, 216 orrialde.

Pertsonaiak gidari

Istorioek ez dute gai edo giro bertsurik, horregatik, ipuin liburua baino, bilduma deitzea nahiago du Belamunok. "Badaude guztietan errepikatzen diren ezaugarri batzuk, baina, hala ere, ipuinak independenteak dira", azaldu zuen aurkezpenean. Guztiak pertsonaia nagusien inguruan eraiki ditu azpeitiarrak, askotan hauen pentsamenduen inguruan. "Protagonistak beste norbaitekin duen harremanak mugitzen du kontakizuna eta horren bitartez azaleratzen da duten ezinegona", aurreratu zuen Leire Lopez argitaletxeko editoreak.

Idazleak pertsonaiei eman die garrantzia, euren ezkutuko alde gatazkatsuari. Itxuraz gauza arruntak gertatzen zaizkie, baina gertaera xume bat aski izango da kontakizuna martxan jartzeko. Lankide baten komentario nekagarriak, espero gabeko eskutitz bat, zuhaitz baten inguruko ezusteko eskaera, protagonistaren antz handia duen ezezaguna, ahaztutako pintore baten koadro batzuen aurkikuntza.

Esan daiteke ipuin guztietako pertsonaiek zama bat dutela bizkarrean, askotan lehendik gertatutako zerbaitek eragindakoa edo ahaztu nahi duten zerbaitek sortutakoa. "Kontakizunak gatazka batean harrapatzen ditu eta irakurlea geruzaka joango da zama horren berri izaten, apurka-apurka, istorioan gero eta sakonago murgilduz", azpimarratu zuen editoreak.

Askotan identitatearekin lotuta dago sentitzen duten ezinegona. "Beste norbait izateko gogoa dute, nortasuna zama sentitzen dute eta horrekin hausteko gogoa gailentzen da". Horregatik ipuin askotan errepikatzen da pertsonaia nagusiaren ispilu egiten duenaren figura, paralelismoa.

barneko zama kanporatzea

"Egurrezko banku batean eserita dago Lezeta, auzoko plaza bakarretako batean, inguruan dituen platano erdi biluzietatik eroritako hosto ihartuen zirimolei begira." Horrela hasten da liburuari izenburua ematen dion ipuina. Protagonistak hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, eta nekatzen hasia da lankide baten isekak eta adarjotzeak jasateaz, emakume gazteago batekin duen harremana dela-eta.


Bigarren ipuinean aspaldi Alemaniara alde egin zuen gizon baten istorioa kontatzen du. Arrastorik utzi gabe joatea lortu zuela uste zuen, baina egun batean herrikide baten eskuti-tza jasoko du eta harreman horri tiraka iraganeko ihesaldiaren arrazoiak azaleratzen joango dira.


Hirugarrenean bi artista elkartuko dira. Horietako bat belarriko minez farmazia irekitzeko zain dago, beste espaloian gizon dotore bat ikusten duenean. Bere antz handia dauka, bere ispilu antzeko bat da. Itxaron bitartean, bikotekide ohiarekin izan zuen harremanaren gainbehera gogoratuko du.

Hurrengoa emakume batek kontatzen du. Etxe bat erosi berri du senarrarekin batera, eta honek lorategia eta lursaila aldatzeko duen proiektu baten ondotik sortuko da gatazka. Egun batean, aurreko jabearen semea hurbilduko zaie, lursailean dagoen zuhaitz bat ez botatzeko eskatuz. Bere amaren errautsak bertan daude lurperatuta. Pixkanaka, emakumearen bizitzako hainbat korapilo azaleratuko dira.

Azken ipuina da luzeena, 65 orrikoa. Aurrekoek ez duten suspense kutsu bat ere badauka, koadro batzuen egilearen bila hasiko baita protagonista. Antso Jakituna Fundazioko teknikaria da, eta ustekabean aspaldi ahaztutako pintore baten gaineko ikerketan murgilduko da.

leiho berri bat

Nolanahi ere, protagonistak ataka estuan egonagatik, kontakizunek ez dute bukaera ilunik, ezta zoriontsurik ere. "Azkenean leiho berri bat irekitzen da bizimodu berri bati ekiteko", azaldu zuen idazleak. Istorio bakoitzak bere ezaugarriak dituen arren, bereziki ipuin denak lotzen dituena Belamunoren idazkera estiloa da. Editoreak azaldu bezala, esaldi luzeak erabiltzen ditu idazleak, xehetasunei arretaz erreparatuz. "Erritmo pausatuaren bitartez, narratzaileak pixkanaka eramaten du irakurlea pertsonaia murgilduta dagoen egoeraren argazki oso bat sortzera", nabarmendu zuen Lopezek.