Soziologia ikasketak baditu ere, ez du inoiz soziologo modura lanik egin. Kazetaritzan eta literaturan aritu da beti Joxean Agirre (Azpeitia, 1949), nahiz eta, esaten duenez, "nahikoa aparte" ikusi dituen beti: "Urte askoan etxean bi ordenagailu izaten nituen, bata kazetaritzari lotutako lanak egiteko eta bestea literaturari lotutakoak. Kazetaritzaren eremua errealitatea da, eta literaturarena bizitzaren konplexutasuna, existentzia eta kontu potolo horiek". Iragan martxoan ikusi du argia bere azkeneko eleberriak: Nobela errealista bat (Elkar, 2020).

1984an argitaratu zuen bere lehenengo lana: Longa kapa beltza (Kriselu). Dena den, dioenez, beranduago aurkitu zuen bere estilo edo ahotsa, Elgeta (111 Akademia, 1996) eta Romain zen bere izena (Elkar, 2003) liburuekin: "Hasierako liburu horiek sekulako lotsa ematen didate, gustura erreko nituzke. Ondorengoek denek dute zerbait gustatzen zaidana". Izan ere, hainbat eta hainbat lan argitaratu ditu idazleak urteetan zehar.

NOBELA ERREALISTA BAT Loiuko aireportuan bezeroak jasotzen dituen taxi-gidaria da eleberriko protagonistetako bat. Halako batean, liburu bat idazteko enkargua jasoko du argitaletxe batetik. Izan ere, Agirrezabal idazlea (taxilariaren emaztearen maitalea) istripu edo atentatu ilun batean hil da, El Lobo espioiaz idazten ari zen nobela erdibidean utzita. Taxi-gidariak amaitu beharko du orain eleberri errealista hori.

Bere betiko ezaugarriak (sentsualtasuna, metaliteratura eta idazketaren dotorezia) mantentzeaz gain, hainbat hari aldi berean jorratu ditu Agirrek liburu honetan, gure historia hurbileko istorioak kontatu ditu, ironia dosi handia erabiliz. Dioenez, idatzitako liburuetan beretik asko ematen die beti narratzaileei. Azken eleberri honetan, bestalde, gehiago du beretik bigarren pertsonaiak, baita Agirrezabal izeneko idazle horrek ere.

Izan ere, hainbat ezaugarri dituzte liburuan azaltzen diren pertsonaiek: "Nire nobelako bi pertsonaia nagusiak koldar samarrak dira, besteen bizitzetatik elikatzen dira eta ekintzaileak miresten dituzte, baina ez dira gai gero gatazka handietan sartzeko, anti-heroi samarrak dira". Idazleak azaldu duenez, horrelako pertsonaiez beteta dago mende honetako mendebaldeko literatura.

MEMORIA ARIKETA Loiuko aireportuan lan egiten duen taxilaria obsesionatuta dago politikarekin, eta bereziki frankismoaren azken hamarkadetan politikan edo kulturan borroka egin zuten ekintzaileekin. Horien balentriak, pasadizoak eta gertakariak kontatzen dizkie gidariak bere bezeroei. Hortaz, nobelan zehar gure iragan hurbilari buruzko memoria ariketak egiten direla aipatu du Agirrek.

Dena den, gai nagusia literaturak gure gizartean duen "efikazia urria" edo "oihartzun eskasari buruzko gogoeta" dela azaldu du: "Narratzaileak uste du bere eskuetan karga politiko izugarria duen nobela inportante bat daukala, egilea hilda dagoelako eta inteligentzia-zerbitzuko agente batzuk inplikatuta daudelako. Hala ere, nobela argitaratuko du, eta ez da ezer gertatzen".

Eleberriaren bidez, beraz, hainbat ideia transmititu nahi dituela azaldu du idazleak: "Askotan pentsatzen dugu gure gatazkari buruzko kontakizuna egiteko orduan literatura ezinbestekoa dela eta agertu nahi izan dudan gogoeta da efikazia politikoa prentsak duela, eta ez literaturak". Horren adibide modura aipatu du Estatu espainiarreko "procés famatuaren" kontrako gatazka: "Idazleak buru-belarri ibili dira, baina borroka hori ez dute poemak edo nobelak idatziz egin, El País, El Mundo edo ABCren iri-tzi orrialdeetatik baizik".

ETORKIZUNARI BEGIRA 2020ko martxoan argitaratu zuen Nobela errealista bat, baina maiatzean egin du idazleak streaming bidezko aurkezpena, liburu-dendak ireki dituztenean. Agirrek azaldu duenez, osasun-krisiak eragindako itxialdia iritsi zenerako, hasita zegoen beste nobela batekin: Bizioak ez du barkatzen. "Itxialdian denbora gehiena horretan eman dut, gehiegi egia esan, eta ondoren ere egunero ordu batzuk horretan sartuko ditut, plan hoberik aurkitzen ez badut behintzat". Hortaz, ez dugu askorik itxaron beharko bere hurrengo lana irakurri ahal izateko.

Liburu artean

Joxean Agirre Odriozola (Azpeitia, 1949) euskal idazle eta kazetaria da. Soziologia ikasi zuen, Parisen, eta kazetari aritu da Egin eta Gara egunkarietan. Literaturaren arloan, lan hauek eman ditu argitara: Longa kapa beltza (Kriselu, 1984), Lehen triptikoa (1986),Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (Elkar, 1991), Elgeta (111 Akademia, 1996), Hitza hitz. Txillardegirekin solasean (Elkar, 1996), Osaba Txirrita (Bertsolari, 1998), Romain zen bere izena (Elkar, 2003), La lutte finale (Elkar, 2008), Zweifrauen (Elkar, 2011), Adiskide bat nuen (Elkar, 2013), Gizajoen katalogoa (Elkar, 2016), Goldsmithen ikaslea (Elkar, 2017), Ispiluak eta itsasoak: Maria Garrastazuren lehen bidaia (Elkar, 2018), eta Nobela errealista bat (Elkar, 2020).