Mundu zabala kolpez txikitu zaigun garai hauetan, zaila egiten zait urruneko bidaietan ikusi eta sentitutakoari buruz idaztea. Hori dela eta, etxetik bertatik, nire izterren indarrarekin abiatutako bizikleta bidaietan erreparatzen egon naiz, etxeko egonaldi behartuko arratsaldeei zukua atera nahian. Euskal Herriko mapa handi bat dut etxean, eta bertan gure inguruetan bi gurpilen gainean egindako ibilbideak margotzen ditut. Helburu hausnartu bat ez bada ere, denboraz, urteen joan-etorriarekin, lurraldeko bailara eta herri guztiak bertatik bertara ezagutzea gustatuko litzaidakeela aitortu behar dut. Burutazio hau, inspirazio iturri izan da askotan, mapa baten aurrean nire burua kokatu dudanean. Atzamarra mapa baten gainean irristatzea, bidai baten lehen pausoa baita.

Gabonak, familia bilkura eta tripa ondo betetzeko garaia izateaz gain, zorte pixka batekin lanera joan beharrik gabeko egunak kateatzeko tartea ere izan daiteke. Hala, bizikleta hartu eta gertuko paisaietan barrena murgiltzeko garai ezinhobea da. Bai, eguraldia hortxe dago, borraska euritsu bat gure gainean noiz ezartzeko zain, baina uda zein negua izan, eguraldiaren menpe egonez gero, gure herrian jai duzu. Goretex-ak ez ziren soilik zirimiria dagoen ostiral arratsaldeetan lagunekin poteoan ibiltzeko asmatu, nahiz eta onartu behar den, oso baliagarriak direla horretarako ere.

Aurrez aipaturiko familiako bazkariak aurrez aurre egin du topo bizikleta buelta planarekin aurtengo Gabonetan. Amak gauzak garbi esan dizkit. -Ezin zaitut bazkarira etortzera behartu, urtean behin soilik egiten dugun bazkari eder, atsegin, goxo, maitakor eta ahaztezinera. -Bale ama, joango naiz. Planak zapuztuta, egongelako mapari begira jarri naiz, eta kalkulu batzuk egin ostean, beste aldarte batean erantzun diot: -Bai, azalduko naiz, gosetuta gainera.

TRENEZ HASITA Gipuzkoako hiriburu zaharrera trenez etorri naiz, Donostiatik Tolosara dagoen errepide aukerak ez baitzaizkit batere gustatzen. Herriz herri doan trena bizikletaren aliatu paregabea da. Tolosako erdigunetik irten eta Araxes errekan gora abiatu naiz. N-1 errepidearen burrunba atzean utzi, eta bost minuturen bueltan trafikorik eta zati zuzenik gabeko errepide lasaian nabil gustura. Bi ur botilaratu marka ezagunen lantegien ondotik igaro ostean, nire lehen ur mineral tantak izerditu ditut Azpirotzeko maldetan gora.

Lekunberri igarota, 'tz'-ren lurraldean sartu naiz. Maldan gora, hiru herri txiki ditut nire aurrean, Astitz, Oderitz eta Madotz. Lehenengora iritsi aurretik, Mendukiloko leizea markatzen duen bidegurutze batean desbideratu naiz. Negua eta asteguna izanik, interpretazio gunea itxita dago, nire kanpin denda ezartzeko leku ezinhobea. Basajaun, lamia eta leizeko herensugea izango dira nire lehen gaueko konpainia.

BAZTERRAK MIRETSIZ Goizeko ikuspegia "zeinen ederra den gure herria" oihukatzeko gogoa pizten duten horietakoa izan da. Madotz pasa eta goizaldeko lehen eguzki izpiek nire aurrean kokatzen den Andimendi argitzen dute, bien artean elur punturaino irabiatutako zuringoz beterik dagoelarik Sakana. Behelainoaren gainetik ikuspegia ederra den bezala, beraren barnean ibiltzeak hotza besterik ez dakar. Lanbroak gorputzean itsasten duen nagikeriarekin, ekialderantz jo dut, Arabako lautadaren bila. Apurka-apurka zerua argitzen joan da eta Arrizalan kokatzen den Sorginetxeko trikuharrira iritsi naizenean, gure arbasoek bezala, nire gorputzak atseden har-tzeko leku egokia zela iruditu zait. Nire kasuan, gau batekin nahikoa nuen.

Gasteizen familiarekin bildu, giharrak haragi eta itsaskiz indarberritu eta ohe batean lo egin ostean, prest nago ibilbidea jarraitzeko. Mapa "ofizialistek" diotenari muzin eginez, Trebiñuko orbanean barneratu naiz Zaldiaraneko portua igarota. Nire harridurarako, herriak, soroak eta errepideak topatu ditut, mapek dioten zulo beltza beharrean. Biztanlerik ordea ez dut ikusi, egia esan.

Errepide bazterreko azukre erremolatxa pilak nire konpainia bakarra direlarik, Ozioko gaztelura iritsi naiz. Behin telebistan ikusi nuen haitz batean kokaturik dagoen Nafarroako Erresumako gotorleku apurtu hau, eta noizbait bertan lo egingo nuela erabaki nuen. Pentsatu eta egin. Horretarako baina, lehenik eta behin sekulako malda duen aldapa bat igo behar dut. Herriko gizon batek -zorionekoa ni, norbait topatu dudalako- ondoko herrian dagoen Zabalateko gaztelua Arabako armarrian agertzen dena omen dela azaldu dit (baina Oziokoa askoz politagoa dela azpimarratuz). Gazteluraino bizikleta gainean igotzeko Indurain izan behar dela ere gaineratu du. Lasai asko egin dut lo horma sendoen alboan, nire burua Indurain II. nafar erregea izendatuta.

Egunsentiarekin batera, nire erreinua ekialderantz zabaltzeko irrika piztu zait, baina epopeia honek hurrengoan jarraitu beharko du, papiro honetan leku gehiagorik ez baita geratzen.