Etor daitekeenaren zirriborroa

Mundu posible, alternatiba eta utopien etorkizuna irudikatu eta ipuinen bidez fabulatu egiten du 'Zirriborroak eta gero' proiektuak. Dagoeneko hiru ale argitaratu dituzte, denak Araban kokatuta, eta badituzte beste batzuk martxan

16.05.2020 | 20:43
Maite Cabellerok ilustratu du Danele Sarriugarteren fabula

Azala sormen espazioak sustatzen du Zirriborroak eta gero ipuin laburren bilduma. Idoia Zabaleta proiektuaren kudeatzaileetako batek azaldutakoaren arabera, gero eta gehiago dira erantzun indibidual eta kolektiboa ematen ari direnak krisian dauden bizitzaren erronkei; ekologia, ekonomia, hezkuntza, osasuna, zain-tza, kultura eta desberdintasun sozialak, besteak beste. "Erantzun horiek dira etorkizunaren zirriborro gisa izendatu ditugunak, utopia zehatzak, prototipoak, alternatibak".

2017an partaidetza-prozesuetan aditua den Arantxa Mendiharati eskatu zioten lurraldearekiko begirada berritzaile, kritiko eta poetikoak batera zezakeen proiektu bat asmatzen laguntzeko: "Berak ekarri zigun beranduago Zirriborroak eta gero proiektuan garatuko zenaren hazia". Izan ere, arte eremutik kanpo ere, bere hastapenetik, Azalak inguruneko lurraldean eragina izan zezakeen proiektu batean bilakatu nahi izan duela azaldu du kudeatzaileak.

Proiektuaren helburu nagusia alternatibei ikusgarritasuna ematea da. Horrez gain, kontra-narratibak, hitz berriak eta irudimen berritzaileak abian jarri nahi ditu: "Proposatzen duguna da dauden alternatibei buruz fabulatu dezatela idazleek, kontaera espekulatiboak sortu ditzatela, ikusteko urruti geratzen den etorkizun batean zer gertatuko litzatekeen, baldin eta aukera berri horiek hedatuko balira". Horretarako, prozesu bat jarraitzen dutela azaldu du Zabaletak.

PROZESUA Lehenik eta behin, idazleak aukeratzen dituzte Arantxa Mendiharat, Ixiar Rozas eta Idoia Zabaletaren artean. Azken alean, ekonomia eta ingurumen politiketan ikerlaria den Unai Pascualek ere lagundu du.

Horren ostean, idazleari lurralde bakoitzeko -orain arte, Araba-alternatiben zerrenda bat eskaintzen diote, berak aukeratu dezan zeini buruz idatzi. Orduan egiten dute Futurible saioa, talde batean irudimena lantzeko, lehertzeko eta parteka-tzeko jokoa. Bertan parte hartzen duten pertsona guztiak bizitza bizigarriagoa den etorkizun batean proiektatzen dira, eta horretarako, alternatiba bakoitzaren lan-eremuaren arabera, egoera utopiko bat finkatzen dute.

Taldeka, egoera berri horretara iristeko moduari buruz espekulatu, eta kausa-ondorioen katearen inguruko istorio bat asmatzen dute, ondoren besteen aurrean kontatzeko: "Espekulazioa, fikzioa, antzerkia eta performatibitatea erabiltzen ditugu bertan. Irudimenak lagunduko digu gaur egun jada martxan dagoen etorkizun hori hobetzen edo, gutxienez, alaitzen", dio Zabaletak.


Horren ostean lana bakartiagoa da, testuaren idazketa bera. Ondoren egingo dituzte itzulpena, grabazioa, zuzenketa (Amaia Apalauza), ilustrazioak (Josune Urrutia, Gorka Olmo, Maite Caballero eta Raisa Alava), diseinu eta maketazioa (Ibon Saenz de Olazagoitia), inprenta (Gráficas Dosbi), banaketa (Noiz), webgunea (La Debacle) eta komunikazioa (Teklak). Hortaz, prozesua luzea dela azaldu du kudeatzaileak, eta lan talde handi batek egiten duela posible ale bakoitza.


ORAIN ARTEKOAK Dagoeneko, hiru ipuin argitaratu dituzte. Katixa Agirrek Loratze perimetroa idatzi zuen 2019ko martxoan, Errekaleor fabulatuz. Iban Zalduak, aldiz, Gerrarako Eusko Label Armak fabulatu zituen, eta 2020ko urtarrilean idatzi zuen Bisita bat Arma Museora izeneko ipuina. Azkenik, Luminica Ambiental fabulatu du Danele Sarriugartek, eta Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan? ipuina argitaratu du 2020ko otsailean.

Jada argitaratu direnez gain, badituzte beste ipuin batzuk martxan. Zaintza auzo-sareak fabulatzen dituen ipuina idazten dabil Karmele Jaio, ekaina aldera argitaratuko dena. Hurrengorako, Belen Gopegui idazlea gonbidatu du taldeak, eta Araba Errioxako Moredako "La equidad" kooperatibari buruz fabulatuko du.


BIZIA BIZIGARRIAGOA EGITEN Fabula bakoitzeko 2.000 liburuxka banatu dituzte Araban, baina WhatsApp eta Telegram bidez ere jaso daitezke. Horrez gain, proiektuaren webgunean ere eskura daude. Kudeatzaileak dioenez, jasotako erantzunak positiboak eta esker onekoak izan dira: "Fabula bakoitzaren sormen prozesua mamitsua da, eta guretzat eragingarria da ikustea nola etorkizunera proiektatutako fikzioaren bitartez, orainaldiari buruz hausnartu dezakegun. Komunikazio lanik eragingarriena zein den asmatzen gaude, ipuin hauek jendearen belarri eta ahoen bitartez hedatzeko".

Zabaletak dioenez, Arabako lurraldean gutxienez hamabi aleetako bilduma egitea da euren ametsa, izan ere, proiektu ederra eta berritzailea dela azpimarratu du: "Gustatuko litzaiguke ere lantzen gauden gaiei buruz masa kritiko bat lortzea eta eztabaida zabaltzea". Datozen aleak argitaratu ahal izateko, diru laguntza sendoak lortu nahi dituzte: "Hala balitz, baliteke Zirriborroak eta gero beste lurraldeetara eta mundu osora zabaldu ahal izatea, erronka nagusia bizia bizigarriagoa egiten laguntzea baita".