Musika

Koplak, herri musikaren eduki

Koplen generoa eta estetika ezagutaraztea helburu, ‘Koplariak’ ikuskizuna ondu dute Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek. Kopla zaharrak eta berriak bildu dituzte hitzaldi kantatu batean. Bilboko Arriaga antzokian izango dira astelehenean

13.02.2020 | 18:22
Korrontzi taldeko Agus Barandiaran bidaia-lagun izango du Amurizak, trikitriarekin musika jarriz.

Koplen generoa eta estetika ezagutaraztea helburu, ‘Koplariak’ ikuskizuna ondu dute Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek. Kopla zaharrak eta berriak bildu dituzte hitzaldi kantatu batean. Bilboko Arriaga antzokian izango dira astelehenean

Koplen espiritua eta estetika gozaraztea". Horixe da Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek esku artean duten Koplariak lanaren funtsa. Hitzaldi musikatu baten bitartez, koplen generoa eta estetika ezagutarazi nahi dute. Hori modu didaktikoan egin dute, baina giro arina eta alaia sortuz. Agus Barandiaranek dioenez, Koplariak ez da hitzaldi soil bat izango, publikoak eurekin batera abestuko baititu koplak.

Bizpahiru urte daramatza bikoteak lanean Korrontzirekin disko bat ateratzeko, Amurizaren koplei musika jarriz. Harremana estutu eta lan potoloa egin ostean, pentsatu zuten egindako lana hitzaldi batera eramatea aukera bat izan zitekeela, jendeari erakutsiz zer ziren trikitixaren inguruan sortutako kopla zahar horiek. "Generoaren ustezko aditua naizela emanik, koplei buruzko hitzaldi kantatu bat egitea proposatu zidan Agusek. Niri ideia gustatu zi-tzaidan, baina baldin-tza batekin: ez jartzea konplikazio musikalik, ni ez bainaiz musikaria, eta adina ere ez baitaukat abentura dudazkoetan sartzeko. Ez, ez! -esan zidan Agusek-. Gauza sinple bat egingo dugu. Eta horrelaxe gatoz", kontatu du Amurizak.

ONDARE ON BAT

"Oso zaharra" da koplen generoa, Amurizaren hitzetan: "hizkuntza guztietako generoa da kopla, batez ere, ahozko literaturetan". Azaldu duenez, Euskal Herrian idatziz jasotako ahozko edukiak ez dira oso antzinakoak; horregatik, Bizkaiko kopla zaharrak deiturikoak, XIX. mendetik aurrerakoak dira. "Zorionez, jasotzeko kontzientzia eta biltzaileak ugaritu ziren, eta horregatik daukagu ondare on bat". Zeri edo non kantatuz? Kopla tradizionaletan, gehienbat erromerietan. Baita eske-egunetan ere: Gabonak, Eguen zuri eta Santa Ageda, besteak beste. Gaur egun, kantarien errepertorioan ere asko sartu den generoa da koplarena.

Hitzaldi musikatua ontzeko, azken hamarkadetan sortutako koplak bildu dituzte, irizpide nagusia kalitatea izanik, betiere. Kopla-generoaren barruan, ale eta sorta politak edo arrazoiren batengatik esangura-tsuak direnak hautatu dituzte. Kopla kantatuak direnez, entzuteko gustagarriak izatea ere baloratu dute.

Azken hamarkadetan kopla berri asko sortu izan dira, baina kopla zaharrak deiturikoak askoz lehenagokoak dira, Amurizak jakitera eman duenez. "Nik neuk Bizkaiko bertsogintza I Izengabeak izeneko liburua idatzi nuen 1995ean, eta bertan badira bi milatik gora kopla zahar. Horietatik hautu bat eginez, Bizkaiko kopla zaharrak diskoa egin nuen Tapia eta Leturiarekin, Betibizi Kepa Junkerarekin, eta laster, esan bezala, Korrontzik berak grabatuko du beste bat".

HERRI MUSIKA

Koplariak emanaldiaren bidez, kopla zaharrak eta berriak herri musika baten edukia izan direla erakutsiko diete entzuleei Amurizak eta Barandiaranek, eta neurri handi batean, oraindik izaten jarraitzen dutela. Letrak egiteko molde polit bat izanik, musika mota bat ere eskatzen dutela esan daiteke, baina, oro har, kopla-testuekin (beste edozein testurekin bezala), edozein musika mota sor daiteke.

Honela azaldu du Amurizak: "Kopla, funtsean, ahapaldi mota bat da, eta ahapaldi sorta batek poema bat osatzen du. Poema horrekin, musikalki, nahi duzuna egin dezakezu, betiere, koplaren espiritua ezabatu gabe". Eta Barandiaranek gehitu du: "Gure emanaldiaren funtsa, hain zuzen, horixe da: koplen espiritua eta estetika gozaraztea".

Testuak ondo ulertzea ezinbestekoa izanda, jantzi musikal handiegirik gabe kantatuko dituzte koplak, "berbak erdi estalita geratu ez daitezen". Batez ere, a capella abestuko dutela kontatu du Amurizak, sarrerak eta tarteak trikiti edo panderoarekin jantziz, edo oso azpiko akonpainamendu sotilarekin.

ARRIAGAN

Jada Iruñean, Gasteizen eta Donostian izan da Koplariak, eta astelehenean Bilboko Arriaga antzokian taularatuko dute, 19:30ean. Orain arte, jendeak ikuskizuna gustu handiz hartu duela komentatu dute bere egileek. "Emanaldia zer izango ote den erdi ezjakinean datorrenak ere sorpresa on bat hartzen duela esango nuke. Doinuak eta hitzak politak izanik, eta koplagintzari buruzko informazioa era ordenatuan eta kantatuan gozatu ahal izanik, nori ez zaio gustatuko, ba?", egin du galdera Amurizak. Erronka bakarra, nahi duten hori transmititzeko gauza izatea dela diote.

Eskaeraren arabera, prest daude emanaldi gehiago egiteko ere. Hitz onak baino ez dituzte bata bestearentzat: "Ni neu, Agusen eskutik (eta bera kotxe-gidari dela), prest nago, formatu xume honetan, emanaldi batzuk egiteko. Gainera, Agus Barandiaran bezalako izen batek ematen duen itzal eta konfiantza baten azpian, arrakasta bermaturik dagoela esango nuke", dio Amurizak. Barandiaranen esanetan, "erronka handia" izan da Amurizarekin lan egitea, "erreferentetzat" baitu.