Urtetan egindako lan sakon eta mardula hartu, eta eduki hori plazaratzeko forma berri bila jardun da Euskaltzaindia denbora luzez. Horren emaitza da Euskara Ibiltaria erakusketa. Akademiak ondutako Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) hizpide hartu, eta euskararen aldakortasuna herritarrengana hurbildu nahi izan du Euskaltzaindiak, hizkuntza aniztasuna modu dibulgatzailean aurkeztuz.

Euskara, Euskaltzaindia zein Euskal Herria bezalaxe, erakusketa dinamikoa izan da Euskara Ibiltaria, eta gutxienez esposizio beraren bi aldaera aurkeztu dira. Beasainen jarri zuten lehen bertsioa, 2015ean. Ondoren, Portugaleten, Bilbon, Baionan eta Iruñean geldialdia egin zuen erakusketaren bertsio "estatikoak", eta 2019an heldu zen aldaketa. Betiko edukia, baina manera berria.

Izan ere, 2019an 100 urte bete zituen Euskaltzaindiak, eta era horretan euskararen akademiak edukiari "beste buelta bat" emateko nahikoa motibo bildu dituela uste du Amaia Jauregizar Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren teknikariak: "Aurreko erakusketa estatikoa zen, panelen bidez aurkezten zen informazioa; oraingoan ia ez dago panelik edo informaziorik zintzilik". Erakusketa ez da berria hortaz, baina bai jendearengana hurbiltzeko bidea.

GAIKA ANTOLATUA Bertsio gaurkotu honetan atalka eta gaika egituratuta dago erakusketa, eta bisitaria erakusketaren parte aktibo bihurtzeko prestatua dago. Molde berria Bilboko Euskal Museoan jarri zuten lehen aldiz, 2019ko martxoa eta ekaina bitartean. Orduan egin zen nazioarteko dialektologia kongresuarekin batera aurkeztu zuten Euskara Ibiltaria-ren 2.0 bertsioa. Ondoren, Bermeon izan zen, ekainetik irailera arte, eta orain heldu da Donostiara. Azaroaren 29an inauguratu zuten erakusketa San Telmo museoan, eta otsailaren 13ra arte dago ikusgai. Bisita doakoa da.

San Telmok, gainera, erakusketaren aitzakian euskara ardatz duten beste hainbat ekintza ere prestatu ditu erakusketak iraun arteko epean. Euskara hitzez hitz, ahoz aho jarduera sorta izan zuten azaroaren 29tik abenduaren 4ra bitarte, eta ekintza andana egin zituzten: Ainhoa Larrañagaren kontzertua, Erraiak eta Margolariak dokumentalen proiekzioa edota bertso emanaldia, besteak beste. Ondoren etorri zen Joxe Azurmendi euskal filosofoaren pentsamendua ezagutarazteko egindako kongresua, abenduaren 11tik 13ra bitarte. Eta pasatakoaz gain, beste zenbait jarduera egingo dituzte urtarrilean eta otsailean zehar. Urtarrilaren 31n Jon Ostolaza eta Andoni Egaña bertsolariak arituko dira kantari, kasurako. Bestalde, lau familia tailer prestatu ditu museoak. Esaterako, Hitzak Irudi tailerra eskainiko du Maushaus arkitektoak urtarrilaren 11n, eta Abezedario tiritijario tailerra gidatuko du Juan Kruz Igerabide idazleak, otsailaren 8an.

BOST GAI, BOST ZENTZUMEN Erakusketan, moduluka antolatuta dago espazioa, eta orotara bost alorren bueltan banatu dituzte edukiak: lekuak, materialak, argiak eta soinuak, natura eta bizitza. "Gai bakoitzari kolore bat dagokio: urdina, lekuak atalaren kolorea da; gorria, materialak; marroixka itxura du argiak eta soinuak guneak; naturak kolore berdea du; eta, azkenik, morez jantzita dago bizitza atala", zehaztu du Jauregizarrek. Gune horietan, euskararen hizkuntza atlasak irudikatzen dituzten mapak dira nagusi, baina denetan dago berezitasunen bat. "Bost guneetako lautan pantaila bat dago, ordenagailu bat eta bakoitzean gauza ezberdin bat egin behar da", eman du jakitera teknikariak.

Euskarri birtualek lau ariketa proposatzen dizkiote bisitariari, erakusketan dagoenaren eta esperientzia bizitzera doanaren arteko elkarreragina sustatuz. Batean, atlasa sortzeko baliatutako 145 inkesta puntuak ikusten dira, eta klik eginez gero, mapan begi bistan dagoen informazio guztia entzungo du bisitariak. Bigarrena, berriz, multimedia eduki bat da, entzuteko eta ikusteko: "Adibidez, marigorringo hi-tzari buruzko mapa azaltzen da, eta klik eginez gero hasieran ikusten da mapa nolabait erdi biluzik; apurka marigorringo etiketak jarriz doa maparen alderik alde, harik eta marigorringoari dagokion informazio osoa izan arte". Hirugarrenean lau bandeja daude, eta horietako bakoitzean irudi bat dago; erdian, aldiz, karta multzo handi bat. Jokalariak karta multzo horretan irakurtzen duena bandejetako irudiekin harremanetan jarri behar du karta guztiak bukatu eta sailkatu arte. Laugarren jolasa puzzle bat da, eta ikusleak mapa osatu beharko du piezaz pieza.

Pantaila bidezko jolas eta ariketez gain, urrats bat gehiago eman du Euskaltzaindiak bisitariaren eta erakusketa osatzen duten elementuen arteko interakzioan. Parte-hartzea erabatekoa izan dadin, bost zen-tzumenak martxan jartzeko aukera eskaintzen du erakusketak. "Ikusteko gauzez gain, badago zer entzun, zer ukitu, zer usaindu eta zer dastatu ere", dio Jauregizarrek. Horrela, erakusketa bisita esperientzia berezi bihurtu nahi izan du Euskaltzaindiak, Euskararen Herri Hizkuntzen Atlasa tresna gozagarri bihurtuz. "Esperientzia berezi bihurtzen da bisita, nork bere modura egiten duena; aurreko erakusketan ez zen hori gertatzen, edukia bertan zegoen, hormetako paneletan, eta kito".

ATZETIK DATORREN BIDEA Aurretik aipatu bezala, San Telmo Museoan ikusgai dagoenaren ernamuina hizkuntza atlasa izan da; aspaldi egindako ikerketa lan mardula. 1987tik 1992ra bitarte, Euskaltzaindiak egindako grabazioek osatzen dute atlasa, hizkuntza informazio erraldoiz osatutako elkarrizketak dira. Bost urtetan zehar 319 berriemaile elkarrizketatu zituen Euskaltzaindiak, Euskal Herriko 145 inkesta puntutan; orotara, 5.000 ordutik gora ordu ditu grabatuta Akademiak. Informazio uholde hori kudeatzea lan nekeza dela ohartarazi du Jauregizarrek, eta zabala izanagatik ere hasieratik markatu behar izan zirela irizpideak: "transmisioa eten ez den tokietan egin ziren elkarrizketak, eta horregatik azterketan ez dira ageri, adibidez, Bilbo edo Nafarroako hegoaldea; eta Araban ere inkesta puntu bakarra dago". Horrenbestez, erakusketan ezta ere.

Izan ere, ikerketa proiektu tekniko bat herritartzeko saiakera moduko bat da erakusketa bera, arduradunaren esanetan: "Erakusketak muga lausoa egiten du adituaren eta aditu ez denaren artean; Euskaltzaindiak ahalegina egin du, zientifikotasuna galdu gabe, hau da, edukien izaera galdu gabe, arlokoa ez den jendearentzat hizkuntza atlasa ulergarri eta gozagarri izan dadin". Saiakera horren emaitza da San Telmon bisitatu daitekeena, teknikariaren ustetan. Orain arte, atlasa zabaltzeko egindako ariketa liburukiak ateratzea izan da, tokian tokiko euskararen aldakortasunaren berri emanez. Horrela, 2009tik gaur egunera hamar atal argitaratu ditu Akademiak, eta asmoa da hamaikagarrena udaberrian plazaratzea.

KONTZIENTZIA ARIKETA Molde berriak erabiltzeko asmo irmoa erakutsi du Euskaltzaindiak oraingoan, eta ohiko erakusketaren mugak guztiz gainditzen ditu esposizioak. Helburua garbi du teknikariak: "askotan ez gara ohartzen gure hizkuntzaren aberastasunaz eta erakusketa gure hizkuntza egoeraren argazkia gizarteratzeko baliabide berri bat da, liburukiak baino didaktikoagoa".

Horrela, kontzientzia ariketa bat egin nahi dute, euskararen aniztasuna herritarren eskura jarriz. Are, fisikoki bisitatu daitekeen eduki guztia bere horretan jarri du Euskaltzaindiak eskuragarri bere webgunean. "Euskara Ibiltaria-n ikus daitekeen eduki guztia webgunean dago, eta hori ere garrantzitsua da; bisitak nolabaiteko balio erantsia duen arren , eduki berbera sarean ere badago, edonoren esku". Atlasa sortzeko grabazioak ere eskura ditzakete herritarrek, nahi izanez gero.

Otsailaren 13ra arte egongo da ikusgai erakusketa San Telmon, eta ondoren, martxoan, baliteke Arabara mugitzea beronen bertsio eraberritua.