Musika

Garai modernoetara egokitutako musika

Pop doinuak eta eguneroko bizitza oinarri, ekoizpen elektronikoa ardatz eta berritzaileak izateko guraria helmuga.

24.12.2019 | 09:55
Dupla taldea

Osagai horiek aletuz jaio zen, 2018ko neguan, Dupla bikote musikala. Bidea apurka egiten dabiltzan arren, gauza bat zuten garbi hasiera-hasieratik Gary Uriartek (Agurain, 1994) eta Beñat Oribek (Agurain, 1994): diskorik ez zutela plazaratuko. Euskarri fisikoa baztertuta, zuzenean ekin diote gailu elektronikoen bidez entzun daitekeen musika ekoizteari.

Asmoa bete dute. Formatu analogikoa zokoratu, eta guztiz digitala den musika sortu dute. Lehenbizi, bideoklipak egin eta Youtubera igotzen hasi ziren -Nahi dudana izango naiz, Celebrando etab.- eta igaro berri den Durangoko Azokan aurkeztu dute bost abestiz osaturiko lan kontzeptuala: Folklore. Duplatxusak izeneko euskarria baliatuta, QR kode bidez sakelakoan kantuak entzutea ahalbidetzen duen txupatxus itxurako formatua ondu dute. Dena den, molde berritzailea izanagatik, teknika ez dela berria zehaztu du abeslariak: "QR kodea nahiko zaharra da, baina ondo funtzionatzen du eta txupatxus itxura horretan eta espresuki musika salmenta bide bezala ez dugu beste inon ikusi", kontatu du Uriartek. Aitortu du, ordea, publizitate elementu gisa "nahiko ohikoa" dela.

Hautua ez da zoriaren ondorio izan. Uribe abeslariak azaldu du kontsumo ohituren aldaketa nabari dutelako hartu dutela erabakia. "Diskoak entzuteko dagoeneko ez dago aukerarik, streaming bidez entzuten dugu musika". Horrela hasi ziren musika elektronikoa sortzen eta estetikoki nahiz mezu aldetik ere erabat eredu modernoa duten doinuak sareratzen. "Argi ikusi genuen munduan errotzen ari zen estilo urbano eta estetika hori egin nahi genuela; pentsatu genuen gu ere gai ginela ikusten genuen hori egiteko". Aurretik, beti izan dute lotura musikarekin, nahiz eta fase ezberdinak bizi. Rock talde bat izan zuten lehenbizi, Oribek elektronika ere ekoiztu izan du noizbait, eta punk estiloan ere aritu dira inoiz, beti sormenarekin "jolasten".

APURTZAILEAK Hasi eta buka. Ezberdinak izan nahi dute Dupla taldeko kideek, zentzu guztietan. Kantuak entzuleari hurbiltzeko bide berriak urratu ez ezik, doinuen estiloan, estetikan edota zuzenekoan ere ahalegintzen dira "betikotik" alden-tzen: "Aspertuak geunden betiko kontuekin", nabarmendu du abeslariak. Eraldaketa hori logika oso baten baitan ikusten dute: "Egiten duguna egiten dugula beti du puntu bat gehiago, aldaketatxo bat; eta era naturalean ateratzen zaigu hori egitea".

Sortzaile eraldatzaileak diren arren, oinak lurrean jarrita ekin diote bideari: inguratzen dituen mundua dute abiapuntu. "Bizi dugun testuinguruak inspiratzen gaitu, ezagutzen dugunaren inguruan kantatzen dugu: prekarietatea, drogak, herri bizitza€". Finean, Agurain herria bera eta Arabako lautadan duten bizimodua dute hizpide. Era horretan, estilo "hiritarra" bere egiten dute, ikuspuntu propioa txertatu guran: "Gure iruditegian ez dago adreiluzko eraikinik, landa eremua dago eta hori da gure bideoetan erakusten duguna", azpimarratu dute. Nahasketa bat sortu nahi dute, sustraietako tradizioaren eta bidelagun izan duten modernitatearen artean.

Prozesu horren ondorio da, hain zuzen, Folklore lana. Betiere, euren esentziari jarraiki: "Gurea B folklorea da, pertsona bezala eraiki gaituen guztia da gure folklorea: gure errutinak, gure irakaspenak€". Bide horretan bi munduren arteko batuketa egin nahi dute. "Folklorea lotuta egon da trikitia bezalako kontuekin; eta hori ere bada. Baina Internet, sakelakoa edo regetoia ere badira gure folklorearen parte".

ZUZENEKOAK Esperimentazio bide horretan zuzenekoak dituzte beste elementu esanguratsu bat. Performance eran antolatzen dituzte, kontakizun bat sortu nahian baliabide teknologiko ezberdinak baliatuz: argiak, doinu elektronikoak, jan-tziak€ dena da ikuskizunaren parte. "Istorio bat kontatzea da asmoa; antzerki itxura izan dezake, dantza ere badago, argiak efektu bisualekin jolasteko€ estetikari garrantzia ematen diogu". Uriarteren ahotsa eta Oriberen perkusio doinuak oso bestelako osagaiekin kontrastean eta elkarlanean lotzen dira kontzertuetan, taldearen esentzia eraldatzaileari segida emanez.

Zuzeneko emanaldiek, gainera, balio erantsi bat gehitzen diote taldeari, "belaunaldien arteko mugak hautsiz", Uriarteren aburuz. "Egia da ziur asko gaztetxoek gure musika sakelakoan entzungo dutela, baina kontzertuetan ez dira hainbeste, helduagoak dira gehiengoa". Horrekin, mezua "guztiz" ulertzen ez dela iruditzen zaion arren, zabalpen handiagoa lortzen dute aguraindarrek. Durangoko Azokan abiatu zuten Folklore Tour izenpean egingo du bira bikote arabarrak.