Galdetu izan didate: “nola aukeratzen duzu hurrengo bidaian nora jo?” Esan ahalko nuke hausnarketa eta informazio bilketa luze baten ostean erabakitako ibilbideak jarraitzen ditudala, baina beti, ala ia beti, hausnarketatik baino, “bote-prontotik” gertuago dagoen erabakiak izan ohi dira. Baldintza egokiak elkartzen direnean, onddoek kolpea jotzen duten moduan, nire buruan burutazio bat agertzen da, plop!. Mapa bat gertu, opor batzuen datak begi-bistan, garagardo bat eskuan (edo ardo bat, edo ura, agian; baina ez, normalean garagardoa) eta nire imajinazioa mapan zehar bidaia-tzen hasten da, GPSaren geziak mapa birtualean bere bidea egiten duen moduan.

Neguan sartuak gaude eta eguraldi umeletik atera ezinik gabiltza azken aldian. Mediterraneoaren epeltasunarekin amesten dut. Pirinioetako munstroaren bizkarrezurra zuritua dago honezkero, hortaz, gehiegi gerturatuz gero, bere elurrezko hozkaden menpe gera naiteke. Ideiari buelta gehiegi eman gabe, etxetik mediterraneora joatea otu zait, Pirinioen iparraldetik, munstro zuritua zoologiko batean bezala, gertu baina ez gehiegi, begi-bistan dudalarik nire eskuinaldean.

Nere aitarekin egin ditut ibilbideko lehen kilometroak. Berak irakatsi zidan, orpoz-orpo eta kilometroz kilometro, txori bat bezain libre sentitzeko ez dela beharrezkoa bi hegal izatea. Nahikoak direla bi gurpil, izterrean indar apur bat eta hurrengo errebueltatik haratago zer dagoen jakiteko irrika.

MUNDUA, ESKURAGARRI Hemeretzi urte inguru nituela, aitak egindako orgatxo bat bizikletara lotu, kanpina, lozakua eta janari apur bat hartu eta lehen bidaia saiakera egin nuen, etxetik gertu, Landetan. Orduan, bat-batean, munduari buruz nuen irudia goitik behera aldatu zen. Ez zen uste nuena baino txikiagoa, baina bai eskuragarriagoa. Denborarekin eta gogoarekin (eta mapa on batekin) munduko edozein txokotara irits nintekeela amestu nuen: Samarkanda, Mongoliako estepa, Timbuktu, Ushuaia, Nordkapp...

Senpereko taberna batean hamaiketakoa egin dugu. Berotik joan da eguna, baina lainoak gure zain daude, ea noiz aterako tabernatik gure gainean hustutzeko. Nire aita buelta erdia emanda mendebalderantz itzuli da, etxera bidean. Inbidia puntu bat sumatu diot agurreko bizkar kolpean. Nik, aldiz, ekialdera jo dut, datozen hamar egunetako norantza finkatuz.

Ezpeletara inguratzen hasi naizenerako lainoak barrenak hustutzen hasi dira. Euri tantekin batera barre algarak entzuten direla iruditu zait. Kanpin dendan lo egiteko asmoa dut, baina halako euriarekin, hobe aterpe bat bilatzea.

Hazparneko hirigunea atzean utzi dudanerako, guztiz blai eginda nago eta amore eman dut, ez dut aurrera jarraitu nahi. Non egin lo, baina? Baserri bideetatik sartu naiz, eliza edo ermita bat topatzeko esperan-tzan. Minhotz auzoan barrena nabilela, elizarik ez, baina niretzako aterpe ezin hobea den Lapurdi barnealdeko tenplu-eraikin bat topatu dut, XVII. mendeko baserri aparta.

HISTORIAREN LEKUKO 1676 urtea du izkiriatuta atariko habe nagusian. Pareta txuri eta kolore gorriko habe eta zutabezko eraikin honen hormek historiako hamaika pasadizoren lekuko izan dira. Bere maisutasunak, baina, ezin izan dio landa eremuaren gainbeherari aurre egin, eta hutsik dago gaur egun. Bere azken maizterrak alboko etxe berrian bizi dira. Bakian izeneko etxeko txirrina jo dut, baserriko atariko aterpean gaua pasa nahi duen txirrindulari bat besterik ez naizela azaltzeko. Hasierako harridura aurpegiak eta hizkuntza gaizki ulertuak gaindituta, baiezkoa eman didate, zalantzati. Iluntzean Jeanine eta Jean-Louis etorri dira nigana, esku zailduetan laborantzan igarotako urte luzeak ikusarazten dituen bikotea. Euren jakin-mina asetzeko gogoz gerturatu dira nire (euren) aterpera eta bide batez, nire gosea asetzeko asmoz ere bai: xingar ogitartekoa eta entsalada apur bat ekarri didate. Berandu denez honezkero, bihar gosaltzera gonbidatu naute.

Goizeko 9etan etxeko txirrina jo eta irribarretsu ireki dit atea Jeaninek. Gosari aparta du niretzat prest, “txirrindula biziki akigarria baita” esanez. Denetarik izan dugu hizpide: laborantzaren egoera, euskara, sagarnoa, etxeko jakiak, baina, batez ere, pilota. Esku-huskako pilota maite du Jean Louisek, batez ere hemendik kilometro gutxira jaio zen Xalak jokatzen duenean. Hizketarako gai bat bestearekin kateatu dugu eta, konturatzerako, eguerdiko 12:00ak direla konturatu gara. Presarik ez badut, bazkaltzera gera nadin gonbidatu naute. “Presa nik? Batere ez, oporretan nago eta”, esan dut. “Bo, guk berdin, guk erretretatuak gara!”, eurek.

Bazkalosteko patxarana eskaini didatenean, alde egiteko unea dela pentsatu dut, nahiz eta tentagarria den bertan geratzea, kanpoko euri zaparrada ikusita. Berriz ere errepidean, euripean baina irribarre-tsu, nire lehen bidaietan izaten nuen munduko beste puntara iristeko grinaz oroitzen naiz. Denboraren poderioz, baina, sosegatu eta ikasi dut mundua, hain ederra, anitza eta interesgarria den mundua, etxeko atarian bertan hasten dela.