Interneten dagoen eduki askeko entziklopediarik handienetako bat da Wikipedia, mundu osoko boluntarioek lankidetzan editatua. 37 milioi artikulu inguru ditu egun, 302 hizkuntzatan argitaratuta. Bada, 37 milioi artikulu horietatik ia 336.900 euskaraz ida-tziak daude. Eduki kopuruaren arabera, munduko sailkapenean 29. postuan dago Euskarazko Wikipedia, besteak beste, turkiera, armeniera eta grezieraren aurretik.

Espainian mintzatzen diren hizkun-tzen artean sareko hirugarren entziklopediarik handiena da euskaraz idatzitakoa, gaztelaniaren eta katalanaren atzetik. Frantzian ere hirugarrena da Euskarazko Wikipedia, frantsesezko eta katalanezko Wikipedien atzetik eta bretoieraz, okzitanieraz edota korsikeraz idatzitakoen aurretik. Erabiltzaileei dagokienez, 30.000.000 bisita baino gehiago izan zituen iaz.

2001ETIK martxan 2001. urtean idatzi zuten Euskal Wikipediaren lehen artikulua eta 2003. urtetik aurrera auzolanean antolatutako komunitateak martxan jarri zuen edukiak euskaratu eta artikuluak euskaraz sortzeko erronka. Ordutik, etengabe hazi da euskaraz idatzitako artikuluen kopurua: 2007an 17.000 artikuluen muga gainditu zuen Wikipediaren euskarazko bertsioak, 25.000 edukien langa gainditu zuen hurrengo urtean eta 2010erako 60.000 eduki ziren jada Wikipedian euskaraz irakur zitezkeenak.

Mugarri garrantzitsua izan zen 2011ko maiatzaren 22koa. Gaueko 0:42ak aldera, 100.000. artikulu historikora iritsi zen Euskal Wikipedia, kolaboratzaile guztien artean gaia eztabaidatu eta landu ondoren. Euskararen debekua izan zen 100.000. artikulu hori, historian zehar euskarari ezarritako debekuak biltzen dituena, “jazarpen soziopolitiko baten baitan, euskara galarazi eta haren ordez botere-tsuen erdarak nagusitzeko asmoz” egindako esku-hartzeen errepasoa.

2011n, euskarazko Wikipediaren 10. Urteurrenean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuaren erabakiz eta Elhuyar Fundazioak gauzatuta, Lur hiztegi entziklopedikoaren eta Lur entziklopedia tematikoaren edukiarekin aberastu zuten Interneteko euskal entziklopedia askea. Hala, euskaraz idatzitako 11.015 sarrera landu zituzten sarean; horietako ia 9.000 sarrera berriak ziren eta gainontzekoak Lur entziklopediaren eduki gehigarriekin sakondu zituzten. Urte berean Euskal Wikipediaren edizio maratoia antolatu zuten Durangoko Azokan, bertaratutakoek Wikipedian zuzenean editatzen ikasi eta eduki sortzaile kopurua handitzeko asmoz.

2017an, bestalde, euskarak Wikipedian duen presentzia hobetzeko hi-tzarmena sinatu zuten Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak. Ordutik, ia 800 artikulu berri sortu dituzte Euskarazko Wikipediarako eta beste 1.200 inguru hobetu. Hein handi batean unibertsitateekin izandako lankidetzari esker egin ahal izan da hori: azken bi ikasturteetan EHUko 2.000 ikasle inguruk parte hartu dute Euskarazko Wikipedia osatzeko proiektuan. Beste unibertsitate batzuetako ikasleak ere aritu dira lanean, 200 inguru, eta batxilergoko beste 300 ikaslek ere parte hartu dute proiektuan. Ez alferrik, artikuluen sakonerari eta kalitateari erreparatuta, munduko lehenengo 50 Wikipedien artean dago Euskal Wikipedia.

Txikipedia Txikipedia izan da euskal wikilariek sortutako azken proiektua: haurrentzako moduko lexiko batean landutako entziklopedia. Eskolako beharretara begira egindako entziklopedia izan arren, euskara ikasten ari diren helduen-tzat ere baliagarria izan daitekeela diote wikilariek, euskara errazean idatzitako wikipedia izatea baita haren helburua. Euskaraz idatzitako 2.600 artikulu inguru ditu Euskal Wikipediaren bertsio honek.

2018ko uztailean iritsi zen Interneteko euskal entziklopedia askea 300.000 edukietara, Euskararen jatorria artikuluarekin. Ordutik 36.000 artikulu gehiago egin dira, eta euskal wikilarien elkarlanari esker, askoz gehiago izango dira datozen urteetan.