Baga, biga, higa izena du Eñaut Elorrietak (Gernika, 1975) eta Mikel Markezek (Errenteria, 1971) ondu duten hitzaldi musikatuak. Baga, iragana; Biga, oraina, eta Higa, etorkizunerako erronkak eta aukerak. 60ko hamarkadaren aurreko garaietatik hasi eta gaur egunera arteko euskal musikaren historiaren gaineko errepasoa proposatu dute musikariek ordu eta erdiko ikuskizunean, “hitzez bakarrik ez, kantuz ere islatzeko euskal musikak Euskal Herrian izan duen garrantzia”, beraien esanetan.

Ezagutza bermatu Duela sei urte otu zitzaien Markezi eta Elorrietari hitzaldi-musikatua martxan jartzea: “Eskoletan kantagintzari eta gure musika ibilbideari buruzko solasaldiak emateko deitzen ziguten Eñauti (Elorrieta) eta niri -kontatu du Markezek-. Bada, ohartu ginen euskal kantagintzan guretzako ageriko erreferenteak zirenak ikasleen artean ezezagunak zirela. Alegia, oso posible zela ingurune euskaldun batean 16 urteko gazte batek Mikel Laboa nor zen ez jakitea”. Horren aurrean, “belaunaldi berriei euskarazko musikaren transmisioa bermatzea eta euskal musika bera sustatzea dira proiektuaren ardatza”, Markezen esanetan.

Asmo horiek helburutzat hartuta, “modu ordenatu, dibertigarri eta ludiko batean”, euskal musikak hamarkadaz hamarkada Euskal Herrian utzitako mugarri esanguratsuenak “hitzaldi-kontzertu multimedia” batean biltzea okurritu zi-tzaien musikariei. “Mixel Labeguerie hartu behar dugu euskal kantagintza berriaren lehen adreilu bezala, eta hortik aurrera, beste guztia”, dio Eñaut Elorrietak. “60ko hamarkadako Ez Dok Amairu; 70eko folk eta rockaren agerpena Oskorri edo Errobi bezalako taldeekin; 80ko krisi ekonomikoarekin batera jaio zen punk-rock mugimendu indartsua eta harekin batera sortutako azpiegiturak; 90eko estilo aniztasuna, tartean heavy musika eta Mikel (Markez) bera ere, eta bukatzeko 2000. urtetik hona sortutako talde eta bakarlari mordoa”, azaldu du Elorrietak.

Hamarkada bakoitzeko esangura-tsuenak iruditu zaizkien abestiak jotzen dituzte musikariek, “garaiko ikur eta adierazle izan daitezkeenak”. Besteak beste, Leteren, Itoizen edota Mikel Laboaren kantuak abesten dituzte zuzenean, baita euren kanta propioak ere.

Gizartearen isla Musikaz haratago, kantagintzak unean uneko gizartearekin izan duen harreman estua dute hizpide Markezek eta Elorrietak: “60ko hamarkadan eta aurretiko urteetan ere Frankismoak ezarritako zentsuraz hitz egiten dugu, 70eko kantagintza politiko-sozialaz, 80eko krisi ekonomikoak gizartean izan zuen eraginaz, 90eko irekieraz eta nola ia munduko musika estilo guztiak euskarara ekarri ziren, eta mende berriarekin batera euskal kantagintzak bizi duen anabasaz ere, oraindik ere non bukatuko dugun oso ondo ez dakigula”, iritzi dio Markezek.

“Finean, hamarkada bakoitzeko kantagintza hamarkada horretako gizartearen isla da”, ondorioztatu du musikari errenteriarrak. “Euskal Herriko historia garaikideko gertakari ezberdinen aurrean euskarazko kantagintzak zein jarrera, kanta eta estilorekin erantzun duen azaltzen saiatu gara”, argitu du gernikarrak. “Oso argi dugu garai batekoak izan zirelako garela gaur egun. Egindakoa egin ez balute, gaur egun Eñaut eta ni ez ginen toki berean egongo”, gehitu nahi izan du Markezek.

Kantagintzaren katebegiak

Hamarkaden arteko lotura eta heldulekutzat musika euskarriak erabili dituzte, “garai bakoitzean erabilitako euskarriak informazio asko ematen baitu aro bakoitzari buruz”, uste du Mikel Markezek. Horregatik, euskarririk gabeko garaietatik hasi eta disko biniloen aroa (60-70eko hamarkadak), kaseten aroa (80ak), CDen aroa (90ak), eta Mp3-aren eta Interneten aroa (XXI. mendea) jorratu dituzte. “Deigarria da ikustea zikloa nola itxi dugun -dio Markezek-. Euskarririk gabeko garai batetik, ahozkotasunetik, abiatu ginen, eta euskarririk gabeko aro modernora iritsi gara, Interneten garaira. Sareko konexioa izanez gero, egun munduko musika guztia daukazu eskura. Kantagintzan aritzen garenok beti esaten dugu egin dugun azken diskoa azkena izango dela, bada, egunen batean hala izango da, ez da diskorik existituko”.

Eskoriatzako Zaldibar Antzokian eskainiko dute Baga, biga, higa hi-tzaldi musikatua, ekainaren 7an, 19:00etatik aurrera. Bertako Berbalagunak taldeak antolatu du emanaldia, ikasturte bukaerarako ekin-tza berezi gisa. “Eskolei, Euskaltegiei edota Berbalagun taldeei begira egiten dugu hitzaldi musikatu hau normalean, euskara zabaltzeko eta euskal zaletasuna hedatzeko, kantagintza tresna eraginkorra dela ulertzen dugulako”, azaldu du Markezek. “Gerta daiteke euskaraz ikasi nahi duen batek arazoak izatea euskaraz hitz egiteko, baina ziur euskal kantu mordoa kantatzeko kapaza dela”, gehitu du.