Joan berri zaigu Liburuaren Nazioarteko Eguna, mundu mailan ospatzen den gertakaria. Hainbat izaten dira egun berezi hori ospatzeko egiten diren ospakizunak mundu osoan zehar. Euskal Herrian ere badira liburuaren egunari loturiko ekimenak. Baina, liburuari baino gehiago, euskarazko irakurketa sustatzeko azken urteetan udaberri sasoian egiten den bestelako ekimen bat bihurtu da erreferente gurean: Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpaina, hain zuzen.

Euskaltzaleen Topaguneak beste urte batez martxan jarri du egitasmoa, hamahirugarren urtez segidan. Irakurketa sustatzea eta euskarazko literatura ezagutaraztea dira ekimenaren helburu nagusiak. Aldi berean, liburutegien erabilera bultzatu, euskarazko literatura ezagutarazi, euskal liburugintza indartu eta herritarrek kultur kontsumoan euskararen presentzia indar-tzea ere erdietsi nahi dute, Euskaltzaleen Topagunetik azaldu dutenez. Horretarako, besteak beste, parte hartzea saritzen du egitasmoak, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez eta liburua opari bihurtzera gonbidatuz.

HIRU URRATS

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun beronen inguruan. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Liburu bakoi-tzeko txeke bat lortu ahal izango da. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu. Horrez gain, kanpainaren amairean, liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen beste txeke baten zozketa ere egingo dute, irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteen moduan, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 15era artekoa izango da.

Aurten, ondorengo herrietan gauzatuko da Irakurri, Gozatu eta Oparitu: Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Zigoitia eta Gasteiz (Araba); Ondarroa, Ermua, Atxondo, Mañaria, Lekeitio, Zamudio, Igorre eta Getxo (Bizkaia); Soraluze, Ordizia, Legazpi, Lazkao, Zaldibia eta Beasain (Gipuzkoa); Ultzamaldea, Lizarra, Sakana, Berriozar, Antsoain, Aranguren, Zizur nagusia, Malerreka, Iruñea, Noain, Gares-Puente La Reina, Esteribar, Leitzaldea eta Barañain (Nafarroa). Era berean, egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izan du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Txalaparta. Azkenik, aipatu behar da Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatura jarduerak ere antolatu direla herriz herri, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar.

ERAGIN POSITIBOA

Euskaltzaleen Topagunetik azaldu dutenez, ekimena gauzatu den aurreko edizioetan frogatu da kanpainak eragin positiboa izaten duela herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetako bat horixe da: euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihur-tzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa dela diote elkarteko kideek.

Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker burutzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du. Antolatzaileek diote pozik daudela ekimenak hamahiru urtez eman duenarekin eta, hain zuzen, horregatik, Irakurri Gozatu eta Oparitu-ri bultzada berri bat eman nahi dio Euskaltzaleen Topagunek, “irakurleen egungo joera eta beharrak bere egin ditzan eta aurrerantzean ere herritarrak euskaraz irakurtzera tentatzeko”.