Txikitasunetik erreferentzialtasuna lortzera igaro den hedabidea dugu Zinea.eus. Duela zazpi urte jarri zuten martxan eta dagoeneko asko dira atari honetara informazio bila jotzen dutenak. Maialen Goñik eta Ines Arruek webgunearen nondik norakoaz, euskarazko hedabide txikien egoeraz eta, orokorrean, euskal zinemagintzaren osasunaz hitz egin digute, Donostiako Portuetxe kalean duten egoitzan.

Euskal Herrian gutxi dira sarean dauden komunikabide monotematikoak. Nola sortu zen Zinea.eus?

Mailaren Goñi: Jatorrizko ideia Ritxi Lizartzarena izan zen. Komunikabideen alorrean eta zinemarekin lotuta, hutsune bat zegoela ikusi zuen, ez baitzegoen zinemaren inguruan modu esklusiboan lan egiten zuen hedabiderik euskaraz. Horregatik, 2012an, gaia lantzen hastea erabaki zuen. Horrela, proiektura sartu eta pixkanaka forma ematen hasi ginen. Hasieran, albiste bat edo bi sartzen genituen egunean.

Ines Arrue: Blog baten itxura zeukan eta batez ere sariak sartzen genituen. Garai hartan zinemaren industria ez zen hain handia Euskal Herrian. Bilakaera, beraz, handia izan da guretzako, baina baita zinemaren ekosistemarako ere. Horregatik, hasieran zailagoa zen informazioa topatzea, iturriak ere gutxiago zeudelako. Orain zinemari arreta gehiago jar-tzen zaio hedabideetan. Bakarrak ginen eta hura zen gure borroka.

Aldaketak egiten joan zarete. Ze bilakaera izan du atariak hasieratik?

M. G.: Orain dela bost bat urte, atalak bereizten hasi ginen, landu nahi genuena ikusten eta kolaboratzaile sare bat lantzen. Beraz, urteetako bilakaera izan da, pixkanaka zerbait kontatzen hastetik, hori zabaltzea lortzeraino eta egun hartu duen neurria hartzeraino. Hala ere, oraindik txikiak gara eta badakigu gure neurria hori dela, baina jauzi handia egin dugula ere uste dugu, sektorean erreferentzialtasun bat edukitzea eta jendeak gugana jotzea lortu dugu, bai informazioa bila-tzeko, eta bai informazioa zabaltzeko.

I.A.: Saretze-lan bat egin dugu. Hasi ginenean ez zegoen inongo oinarririk, guk guzti hori zentralizatu dugu. Gu gara orain erreferen-tziazko puntu hori, jendeak informazioa zabaldu nahi duenean gugana jotzen duelako.

M. G.: Bai, eta jeneralistagoak diren hedabideek ere gugana jotzen dute, informazio zehatz baten bila, datu batzuen bila... Estreinaldien errepasoa euskaraz egiten dugu astero, adibidez, eta badakigu hainbat hedabidek hori kontsultatzen dutela, gero beraiena osa-tzeko. Beraz, ez zegoen zerbaitetik zerbait lan-tzea lortu dugu.

Erreza izan al zen horrelako hedabide bat martxan jartzea?

M.G.: Ez dut uste erreza izan zenik, ezta erreza denik ere, zeren etengabe galdetzen diogu geure buruari ea egiten dugun lan honek merezi duen, hau da, zenbat pertsonarengana iristen gara? Zenbat pertsonak kontsumi-tzen gaituzte? Zenbat pertsonarentzako? Orain agian ez hainbeste, baina lehen jendeari deitzen genion elkarrizketak egiteko eta askotan ez zekiten ezta nor ginen ere.

I.A.: Guretzako hizkuntzarena ere balio oso handia da, baina azkenean badakigu horrek ere gure publikoa mugatzen duela, tematikoak gara. Zinemarekin gertatzen denaren antzera, eremu erdaldunago batera heltzea zailagoa da.

M. G.: Bai, uste dut oraindik badagoela ulerkera hori, hau da, euskaraz egiten dena euskal publikoarentzat eta zerbait txikia dela, nolabait; baina egia da baita, pertzepzio hori alda-tzen ari dela eta horretan pelikula handiek ikustarazten lagundu dutela, hau da, ez dugula pelikula hau ikusi behar euskalduna delako, hemen egin delako eta militantzia horregatik joan behar garelako babestera. Beste edozein pelikularen maila berean daude. Muga horiek guk jartzen ditugu, nazioarte mailan inork ez daukalako arazorik film bat azpitituluekin ikusteko, gehiago da hemen daukagun ohitura, beste edozein herrialdetan baino. Hala ere, hori baino askoz gehiago egiten da euskal ikus-entzunezko industrian.

I.A.: Hainbeste sinestarazi digute txikiak garela, azkenean guk ere sinistu dugula eta ez dugu haratago begiratzen. Handia-ren kasua hor dago, adibidez, mundu osoan zehar sariak irabazi ditu. Gu ere ingelesezko pelikulak ikustera joaten gara, zergatik ez dira joango euskarazko film bat ikustera?

M.G.: Bestalde, publiko orokorrera iristen ez diren film labur askok nazioarte mailan sekulako ibilbidea egin dute eta hemen ez daukagu horien berririk. Guk geure buruari jartzen diogun muga da, azken finean. Zinea.eus-en kasua errealagoa da, hau da, pelikulak azpititulatuta zabaltzen dira eta gure kasuan, ataria euskaraz bakarrik dago eta beraz, publiko euskaldun batek bakarrik kontsumitu dezake, baina gure txikitasunetik zerbait handiagoa egiten joan gaitezkeela uste dugu eta horretan ari gara. Gure helburua ez da horrenbeste jendearengana iristea edo bisitak lor-tzea, baizik eta hor jarraitzea, pixkanaka handitzen, ez dagoelako gure ezaugarriak dituen besterik.

I.A.: Ez dira asko, baina aldi berean sektorean erreferente diren pertsonek jarraitzen gaituzte: ekoiztetxe gehienek, aktore askok, erakundeek, eragile mota desberdinek. Beraz, komunitate horrek balioa duela uste dugu, hori izan da gure lorpena.

Hasiera batean, ataria eguneratzea ez zela erreza izan komentatu duzue. Gaur egun, aldiz, beti duzue eskaintzeko zerbait. Zeintzuk dira irizpideak gai bat edo beste bat aukeratzerako orduan?

M. G.: Batez ere hemen egiten den euskarazko zinema da gure langaia, eta gero Euskal Herrian egiten dena. Horrek ez du esan nahi hemendik kanpoko albisteren bat sartzen ez dugunik, baina normalean izaten da euskal proiekturen batek kanpoan arrakasta izan duelako. Egunero hiruzpalau albiste egiteko eduki nahikoa egoten da.

I.A.: Bai, dela proiektu bat saritu dutelako, dela erakunde edo eragile batek deialdi bat atera duelako, jaialdi baten informazioa iragarri dutelako? Kontrakoa dirudien arren, asko da zinemaren inguruan Euskal Herrian mugi-tzen dena.

Blogariak ere badituzue, ezta?

M.G.: Bai, eta horrek ere asko lagundu digu. Astean behin blogari batek, bere irizpideen arabera, bururatzen zaion gai baten inguruan artikulu bat idazten du. Horrek aukera ematen du egunerokotasuneko albiste horietatik ere gai atenporalagoak edo zinemarekin agian lotura hain zorrotza ez dutenak sartzeko.

I.A.: Ez dira artikulu informatiboak, desberdinak dira, eta helburua ludikoagoa izan daiteke. Bestalde, kritikariak diren kolaboratzaileak ere baditugu, zinema ikasketak egin dituztenak eta gai batzuetan gehiago sakontzen dutenak, guk beste modu batera ezingo genukeelako egin, ez dakigulako edo ez garelako iristen.

Eta kolaboratzaile guzti horiek nola ekarri dituzue zuenera?

M.G.: Kritikarien kasuan, urtero lehiaketa bat egiten dugu; deialdi hori irekia izaten da, hau da, ez da bereziki zinemaz jakin behar, gustatu baizik ez zaizu egin behar, eta urtebeteko konpromisoa hartu beharko du pertsona horrek. Denbora horretan, astero zinemara joan beharko du eta ikusten duen filmaren inguruan orri bateko testutxo bat idatzi. Aurten bosgarren edizioa izango da eta oso ondo funtzionatu du. Blogarien kasuan, webgunea martxan jarri ahala, ikusten joan ginen zein-tzuk izan ahal ziren. Gazteak izan zitezen saiatu gara batez ere eta ez horrenbeste beste hedabideetan kolaboratzen dutenak.

Orain dela hiru urte Ganbara ere martxan jarri zenuten.

M.G.: Bai, Ganbara sortu zen zinearen egunerokotasunean beste hutsune bat nabaritu genuelako eta pelikula askoren inguruan informazio asko falta zelako. Izan ere, Euskadiko Filmategian badaukate zerrenda bat Euskal Herrian sortutako pelikulekin, baina partikular batek egindakoa da eta ez dago osatuta. Gu hori lantzen hasi ginenean, Eusko Jaurlaritza gurekin jarri zen harremanetan. Garai hartan, Kultura Auzolanean proiektu sorta lantzen ari ziren eta zinemaren alorrean katalogazio lan bat egin nahi zuten, bai euskaraz egindako, eta bai euskarara ekarritako pelikulak zerrendatzeko. Beraz, lanean hasi ginen; hasieran, ekoizleen elkarteekin harremanetan jarri ginen, guk behar genuena bidaltzen genien eta saiatzen ginen beraiek guri informazio hori helarazi ziezaguten. Horrekin, lehenengo zerrenda luze bat sortu eta online jarri genuen. Azkenean, Ganbara garatu genuen eta edozeinek kontsulta dezake, doakoa da eta oso tresna interesgarria dela uste dugu. Egunetik egunera hobetzen eta osatzen ari gara, oraindik pelikula asko falta direlako.

I. A.: Etengabe sortzen ari dira filmak, beraz, amaierarik izango ez duen iturri bat izango da. Bolumen handia hartzen ari da, gaur egun 3.000 fitxatik gora kontsultatu daitezke eta horietatik 900 filmak dira.

Euskal Herrian kalitatezko zinema egiten dela diozue; hala ere, asko ez dira areto komertzialetara heltzen. Film labur edo dokumentalen kasuan are okerragoa da panorama.

M.G.: Zaila da. Bai laburren eta bai dokumentalen zirkuitua jaialdiena izaten da eta egia da jaialdi hauetatik kanpo ez direla horrenbeste iristen. Baina norbaitek interesa baldin badauka, geroz eta ekimen gehiago daude eskaintza komertzialetik kanpo. Zinema klubak, adibidez. Donostian, esaterako, egunero ikusi dezakezu pelikula bat areto komertzialetatik kanpo. Egia da, beraz, eskaintza hori zabaltzen ari dela, baina oraindik salto handi bat dago egiten denaren eta ikustera joaten garenaren artean.

I.A.: Orain, adibidez, EZAEk film luze bakoi-tzaren aurretik ikasleen film labur bat botako du, film laburren kultura zabaltzeko.

Nola ikusten duzue Zinea.eus hemendik aurrera?

M.G.: Gure helburua ez da ikaragarri handi-tzea, baizik eta pixkanaka pausoak ematen joatea eta behar duenarentzat hor egotea. Sektorea handitzen ari da eta horrek mesede egiten digu, gu ere pixkanaka handitzen ari garelako. Esan daiteke egonkortuta gaudela jada eta erreferentzialtasun bat lortu dugula.

I.A.: Batez ere horri eustea, ahal dugun gauzetan hobetzea eta saretzen jarraitzea, uste dugulako hori dela indargune bat, kolabora-tzaile eta inguruko jendearen sarea dugulako. Sektorea eta zinema zaleak dira gure adar nagusia eta horietara iristen eta beraiekin harremana sendotzen jarraitu nahi dugu.