bidaia koadernoa

Lurpeko pasabide sekretuak

Napoli azpian korridore infinituz osaturiko beste hiri bat azaleratu dute arkeologoek. Barruan edateko ur putzuak dira protagonistak, baina baita bonbetatik babesteko aterpeak ere. Pasabide horietan ezkutatu ziren napolitarrak II. Mundu Gerran

09.02.2020 | 01:43
Goian, munduko pasabide sare zaharrenetako honen sarrera.

Esaldiak dio drammaticamente bella edo dramatikoki polita dela Napoli. Eta ez da gutxiagorako. "Hiria bisitatu eta gero hil egin zaitezke", esan zuen Johann Wolfgang Goethek. Topikoak? Eliza barrokoak, bornoien garaiko arkitektura, janari ezin hobea, kaosa eta herritarren alaitasuna. Baina hori guztia eta gehiago eskaintzen du hiriak.  

Via dei Tribunali kalearen erdian, Napoli Sotterranea edo Lur Azpiko Napoli irakur daiteke. Bertan elkartu gara Vincenzo Albertini arkeologoarekin. "Munduko pasabide sarerik zaharrenetarikoa da hemengo hau. Eta kuriosoena da duela hamarkada gutxira arte askok ez zutela lurpeko hiriaren benetako dimentsioa ezagutzen", kontatu digu. Albertinik gaztetatik uztartu ditu bere bi pasioak: arkeologia eta turismoa. "Hiri degradatua zen Napoli. Turistek bizkarra ematen zioten mafia zela eta, segurua ez zelakoan. Bisitariek nahiago zuten Erroma edo Milan bisitatu, hona etortzea baino", gogoratu du Albertinik. 

ILUNTASUNEAN

Arkeologoak bere azken proiektu profesionala ezagu-tzera gonbidatu gaitu: "Lur azpiko hiria bisitatzerik nahi?". Linternak eta foko txikiak eskuan, ehunka eskailera jaitsi eta pasabideen iluntasunean murgildu gara.  Barruan, hezetasuna eta hotza. Museo batean gaudela jakin badakigun arren, hunkigarria da barruko isiltasunaz jabetzea. Ez da erraza halako handitasuna aurretik imajina-tzea.

"Greziarrak izan ziren iristen lehenak. K. a. VIII. mendean, tufoa edo harroka bolkanikoa ateratzen hasi ziren. Mende batzuren ondoren, lehen hirigunea osatu zuten, alegia, Neapoli", esan digu Albertinik. Greziarrek, gainera, ur sare sofistikatua sortu zuten tufoan egindako indusketetan uharkak osatuz eta akueduktuak eraikiz.

Milaka urtetako pasabideak zeharkatuz, zaila da klaustrofobia ez sentitzea. "Turista askok nahiago dute ibilbide estuetan ez barneratzea", irizten dio arkeologoak, "pasabide askotako sarrerak itxita daude, indusketak egiten ari direlako. Oraindik ezin dituzte publikora ireki". Une batez, Indiana Jones ospetsuaren film bateko agertokia dirudi guztiak. 

Baina errealitatea oraindik miresgarriagoa da, izan ere, napolitarrek oso harreman estua dute pasabide sistemarekin. "1885era arte, hau da, hoditeria sarea eraiki zen arte, Napoliko herritarrek uharka hauetatik hartzen zuten edateko ura. Eraikin denek putzu bat zuten, kuboekin eta sokekin ura hartzeko. Guztira 14.000 putzu zeuden hiri zabalean", esan du Albertinik.

KONDAIRA UGARI 

Lur azpiko hiriaren inguruan hamaika kondaira asmatu ziren. Adibidez, pozzaro izeneko langilearena. "Pozzaroa pu-tzuen mantenuaz arduratzen zen. Etxeko zuloetatik uharketara jaitsi eta matxurak konpontzen zituen. Hain ondo ezagutzen zituen pasabide guztiak, putzuetatik ezkutuan neska-lagunaren etxera sartzen zen". Denboraz, pozzaroaren irudiak kutsu negatiboa eskuratu zuen. Napoliko herritarrek superstiziosoak izatearen ospea dute, beraz, hirian gertatzen ziren ezbehar guztien errua botatzen zioten pozzaroari. "Notre Dameko Cuasimodoren antzera, bazterkeriara kondenaturiko pertsonaia bilakatu zen pozzaroa", erantsi du Albertinik. 

Halere, lur azpiko Napolik baditu historia are ilunagoak. Izan ere, II. Mundu Gerran, milaka pertsonen aterpe bilakatu zen. Albertinik hala azaldu digu:"1943an gogorki bonbardatu zuten Napoli, eta, orduan, herritarrak lurpean babestu ziren. Guztira 200 aterpe baino gehiagok 500.000 pertsona babestu zituzten. Imajinatu, milaka pertsona gau eta egunez pasabideetan bizitzen". Egun, gerra garaian eraikitako komunak edo logelak daude erakusgai, baita ibilgailu zaharrak edo napolitarren maletak ere. "Belaunaldi gazteei erakutsi nahi diegu haien aiton-amonek umetan bizi izan zutena". Hainbat ordu pasa dira eta dagoeneko klaustrofobiaren sentsazioa handiegia da.