Biolina jotzea du ogibide Maite Larburuk (Hernani, 1979), eta Europako antzinako hainbat musika taldetan ibili izan da. Duela urte batzuk Neighbor taldea osatu zuen Josh Cheatham viola da gamba-kontrabaxulari estatubatuarrarekin. Amsterdameko auzo batean sortu zen bikoa, Larburu eta Cheatham bizilagun ziren garaian. Antzinako musika klasikoa elkarrekin egiteari utzi gabe, trukatze musikal pertsonalago bati ekin zioten. Hala sortu ziren Ura patrikan (2013) eta Hau (2016). Orain bakarlari gisa dator hernaniarra Hezurren azpian diskoarekin (Gaztelupeko Hotsak), nahiz eta aitortu duenez, Neighbor-tik ere baduen lan berriak. Ahotsa, biolina, gitarra klasikoa zein elektrikoa, ukelelea, gaileta kaxak eta piña potoak ditu osagai hamaika kantuz osatutako bildumak.

Bakarlari moduan kaleratzen duzun lehen diskoa da ‘Hezurren azpian’, Neighbor bikoa alde batera utzita, baina aldi berean, presente.

Neighborren hirugarren lana izatera zihoan lan hau, baina azkenean, bakarkako disko bihurtu da. Tira, bakarkako baino, nire izenean irten dela esango nuke, distantziak Josh-ekiko harremana zailtzen duelako. Jada ez gara fisikoki bizilagunak, Ura patrikan diskoa kaleratu genuenean bezala. Hau lana ere, dagoeneko, Amsterdametik urruntzen hasia nintzela sortu zen eta Hezurren Azpian Euskal Herrian garatu da, osoki. Hala ere, bihotzean bizilagunak izaten jarraitzen dugu, eta izango gara, hori ez da edonola amaituko. Atseden hartzeko tarte bat dela esango nuke. Bestalde, Hezurren Azpian nire izenean kaleratzeak zuzenekoak eta kolaborazioak errazteko aukera emango didala uste dut. Gainera, ikasketa prozesu bat ere bada; nire gaitasunek garatzeko behar zuten zerbait, kantuei amaiera bat ematerako orduan.

Zein da aurreko bi diskoekiko desberdintasun nagusia?

Estilo edota formari dagokionean, Neighborren ere kantuak nik sortzen nituen, baina disko honetan ez dago Josh-en ekarpenik, hori da desberdintasun nagusia. Hala ere, Josh-en asko dago oraindik lan honetan: bere bi gitarra, adibidez, eta beragandik ikasi ditudan hainbeste gauza. Hezurren Azpian ikaragarri gustatu zaio, gainera, eta badakit lehenago edo beranduago nirekin izango dela, kantu hauek eta zaharrak zuzenekoren batean partekatzen.

Disko hau zure musikagintzan sakontzeko modu bat dela diozu. Biolinak aurreko lanetan baino presentzia handiagoa hartu izana horren arrazoietako bat izan daiteke?

Bai, biolinaren presentzia handiagoak nigan existitzen zen distantzia bat laburtu du. Orain arte, oso zaila egin zait “Maite-Neighbor” eta “Maite biolin-jotzaile klasikoa” uztartzea. Ezin nuen, blokeatuta nengoen. Hezurren Azpian diskoan zerbaitek “klik” egin du eta bide bat ireki da. Horretaz gain, kantuak bakarrik amaitzen ere ikasi dut, pittin bat...

Antzinako musika gustuko izan arren, esperimentaziorako bidea ere hartu duzu. Gaileta kaxak, piña potoak edota koilarak ere musika tresna bilakatu dira disko honetan. Arriskuak hartzea gustuko duzu?

Batak ez du bestea kentzen. Antzinako musika mugimendua 80ko hamarkada inguruan sortu zen, garai bateko musika tresnak eta pentsamoldea ulertu nahi izan zirelako, musika hark zer nolako soinua izango ote zuen gaur egunera ekarrita. Helburu hori ehuneko ehunean ezinezkoa denez, gertura-tze nahiak berak esperimentaziora zarama-tza. Musikaren erreinua oso zabala da eta haren historia oso luzea. Denetatik egon da eta dago oraindik ere. Esperimentatu gabe, ez dago ikasterik, ez dago deskubritzerik.

Bestalde, piña potoak, gaileta kaxak? erabiltzea ez da hain gauza ezohikoa. Dagoeneko modaz pasatuta dagoela ere esango nuke. Poto, lapiko, gaileta kaxa edo perkusio set-a dagoeneko existitzen zen Euskal Herrian, nik lapurtu baino ez dut egin. Nagore Legarreta argazkilariak Hysteron deituriko erakusketa baterako asmatutako instrumentuak dira, latekin eginiko argazki bilduma osatu eta bilduma horri latekin egindako soinu banda eman ziolako. Beñat Iturrioz eta Aida Torres izan ziren zeregin hartan ere perkusio jotzaile, eta nik nire diskoan parte hartzeko eskaera egin nien.

Disko berria ‘topo-egite baten ondorioa’ dela diozu.

Bai, hamabost urtez Herbehereetan bizi ostean, aspaldiko elementu, gizaki, izaki eta lekuekin egin dudalako topo: Hernaniko familia, aspaldiko lagunak, ibaia, hizkuntza... Topaketa horretatik sortu dira kantuak.

Diskoko lehenengo kantua bidaia batekin hasten da.

Guztia da bidaia bat, puntu batetik bestera joaten ari gara etengabe. Nire bizitzan, gehiegitxo dago horretatik, musikari nomada naizelako, eta beti nabilelako herrialde batetik bestera. Bi punturen arteko ibilbidea nola egin, bi puntuak nola uztartu aztertu nahi izan dut eta 2daia1 kantua horren ondorio da. 2 ia 1 da, 2 da ia 1... baina ez da, oso gertu egon arren. Deserrian bizi zarenean, bi puntuak, hangoa eta hemengoa, bakar bihurtzea nahiko zenuke. Euskal Herrian, esaterako, Europa erdialdeko giro kulturala eduki nahiko zenuke, eta Herbehereetan berriz, familia eta mendiak, baina ezin da. Emaitza bidaia bat da, eta 2 ia 1 bada, agian, bi puntu horiek bat egiten duten lekua, ni neu naiz. Bestalde, disko bat hasteko modu egokia ere iruditu zitzaidan: diskoa entzuten hasi, bidaia batean barneratuz.

Itzulera ere oso presente dago diskoan, zure bizitzako etapa berri baten hasiera edo beste baten bukaera.

Beti ari gara zerbait hasi eta zerbait amai-tzen, baina badira mugarri moduan funtzionatzen duten uneak. Mudantza bat, deserriratzea, harreman baten amaiera, seme-alaba baten jaiotza, heriotza... edo sorterrira bueltatzea. Hala ere, itzulera ez da guztiz existitzen, bueltatzen zarenean ez zarelako 22 urterekin deserriratu zen pertsona bera, eta urte guzti horietan, bueltako lekua ere aldatu egin delako. Hala ere, badira berrelkartze txiki zenbait, oso hunkigarriak. Ibaiak hor jarraitzen du, mugimenduan beti. Euskarak ere bai eta baita etxeko maiteek ere, zorionez.

Distantzia ere ageri da kantuetan. Zer balio hartzen du distantziak hainbeste urte kanpoan egon eta gero?

Distantziaren inguruan eginiko gogoeta bat ere bada Hezurren Azpian. Distantzia, azken batean, neronek sortzen dudala esan diezazuket. Nire ideia, aurreiritzi, amets, uste, sinesmen eta baldintza horiek guztiak direla bestearengandik aldentzen nautenak. Baita beste lekuetatik ere. Nire “hezurren azpikoarekin” bat egiten dudanean besterik ez dira gauza guzti horiek birrintzen, distan-tziak apurtzen.

Hezurren azpian bizi zarela diozu eta hori dela, hain zuzen ere, Euskal Herrira itzuli eta aldatu ez den bakarra.

Hezurren azpian dagoena naiz ni eta baita zu ere! (barreak). Azaleko guztiak kenduta, tipulari kapa guztiak eranzten zaizkionean bezala, hor behean, ni nago. Baina ez ni Maite Larburu bezala, ni, izate bezala. Horrekin konektatzen dudanean, zoriontsu naiz, modu oso xume eta lasai batean.

Antzinako musika gustuko izan eta ogibide bihurtzeko helburua betetzeko Euskal Herritik kanpo bilatu behar izan zenuen bidea. Orain, itzultzean, nola moldatuko zara?

Proiektuka egiten dut lan, bi aste hemen, bost egun han, zazpi etxean. Nire etxea orain Hernanin dago, lehen Amsterdamen zegoen bezala. Orain urrunago nago kontratatzen nauten talde holandar eta belgikarretatik. Hori da desberdintasuna. Baina, era berean, gertuago nago frantsesetatik. Besteak beste, Eslovakian eta Finlandian izango dira nire hurrengo kontzertuak, horiek ere urrun xamar, baina behin bidaiatzen hasita...

Oraingoan abesti guztiak euskaraz sortu dituzu, aurreko bi diskoetan ez bezala. Euskal Herrira bueltatzearekin zerikusia du horrek?

Bai, noski, eta Harkaitz Canorekin kolaboratu izanarekin ere bai. Gauza nahiko intuitibo eta naturala izan da, hala ere, ez da izan kontzientea.

Harkaitz Cano aipatu duzu. Berak idatzi ditu diskoko hainbat kantu eta ‘Gona’ kantuaren bideoklipean ere parte hartu du.

Harkaitzenak dira disko berriko bi kantu: Katekorratzarena eta Maletadun maitalea. Beste bi elkarlanean egin ditugu; tira, hobe esanda, bere hitzetan nireak itsasteko baimena eman dit... Esan beharrik ez dago, Harkaitz maisua dela hitzen eremuan. Sekulako luxua da berarekin lan egitea. Bere hi-tzek berezko duten musika arretaz entzun eta hori transkribatzen saiatzea besterik ez dut egin nik.

Disko berria kontzertuetan defendatzen hasi zara jada. Nola prestatu dituzu zuzeneko horiek eta nor izango duzu alboan?

Garajean prestatu ditut. Anaia soinu teknikaria da eta bere laguntza ezinbestekoa izan da. Carlos Taroncger klarinete-jolea ere ondoan izan dut. Aida Torres eta Beñat Iturrioz ere gerturatu dira entsegu batzuetara. Zuzenekoetan formatu desberdinak eskaini ditugu eta etorkizunean ere hala izatea espero dut: bakarka, Carlosekin edo laurok. Uste dut kantuek formatu horiek guztiak onar-tzen dituztela. Diskoko moldaketa jantziagoak onartu dituzten modu berean, hezurretan daudenean ere funtzionatzen dute kantu hauek.

Aipatu duzunez, nomadatzat duzu zeure burua. Euskal Herrian luzaroan geratzeko asmoa duzu? Non eta zer egiten ikusten duzu zeure burua hemendik aurrera?

Antzinako musikaren zirkuituan lan egin nahiko nuke eta baita kantuak sortu eta horiek plazaratu ere. Itxaron, hori dagoeneko egiten dut! (barreak). Badakit: Artikutzako pago eder horietako bat izaten ikasi nahiko nuke, pittinka-pittinka, izatea lortu arte.