Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretako ikasketak burutu ostean, Bartzelonara joan zen Maite Gurrutxaga (Amezketa, 1983), ilustrazio arloan ikasketak osatzera. 25 urte zituela liburuak ilustratzen hasi zen eta azken urteetan eskarmentu handia pilatu du alor horretan. Azken 10 urteetan, liburu, komiki, kartel, poster, aldizkari eta diskoetarako hainbat ilustrazio ondu ditu. 2014an Euskadi Saria jaso zuen, Habiak komikiarekin. Hamar urte igaro ondoren, irudiak sortzen eta koloreztatzen jarraitzen du amezketarrak. Oraingoan, Txori bat leihoan erakusketa zabaldu du Donostiako Tabakalera Zentroan. Katapulta plataformak antolatu du erakusketa, Kutxa Kulturrren kolaborazioarekin.

Artistak azken urteetan egindako ilustrazioe bilduma da Txori bat leihoan. Ilustrazio horien bereizgarritasun nagusia da eskuz egindakoak direla denak. Izan ere, horixe da Gurrutxagaren sortzeko modua. Metafora txiki bat erabili du artistak erakusketari izena emateko, irudietan ikusten ez dena ikusten dena bezain garrantzitsua baita ilustra-tzailearentzat. Horren harira, txoriaren figura erabili du ideiatzat eta leihoa norberaren barneko eta kanpokoaren arteko metafora moduan irudikatu du. “Horren ingurukoa da testua: noiz etorriko den txoria leihora -dio Gurrutxagak- hau da, noiz iritsiko den ideia eta nolalantzen duzun prozesua”.

BI ATALETAN

Erakusketa bi zatitan banatu du gipuzkoarrak. Alde batetik, bozeto liburuak daude; eta, bestetik, azken urteetan egindako bost liburuetako 21 original. Bozeto liburuak erantsi nahi izan ditu Gurrutxagak,sorkuntza lana prozesua ulertzeko modu bat bezala ikusten duelako. “Nire lan pertsonalena ikusteko modu bat da, izan ere, hor botatzen ditut lehenengo ideiak”, argitu du amezketarrak. Bestalde, aukeratutako bost liburuetatik zenbait ilustrazio hartu ditu, lortu duen lan sorta interesgarria osatzeko.

Hain zuzen, Maria Barandarekin egindako La enormenada (FCE Mexico, 2015) poema liburua edo Ernst Hoffmanen eta Virginia Woolfen Cascanueces y el Rey Ratón (Nordica, 2018), Las aventuas agrícolas de un cockney eta Las aventuras de un padre de familia (Nordica, 2017) ikusi daitezke erakusketan. Haur literaturan ere aritu izan da Gurrutxaga, hala nola, Alaine Agirrerekin osatutako Martin (Elkar, 2016) liburuan, eta proiektu horretako lan batzuk ere sartu ditu bilduman. Azkenik, Harkaitz Canoren Tigre batekin bizi (Elkar, 2017)poesia libururako egindako ilustrazioak ere bildu ditu erakusketan.

Original bakoitza lan indibidual moduan ulertzea lortu nahi izan du Gurrutxagak. “Nire buruari galdetu nion zer ikusi nahiko nukeen erakusketa batera joango banintz, ikusle bezala”, azpimarratu du. Artistak kolore gutxi erabiltzen ditu bere lanetan, eta gehienetan primarioak, “forma hobeto kontrolatzeko”, bere hitzetan. Kolore berdeak, gorriak eta horiak oso nabariak dira bere ilustrazioetan.“Egia esateko, berdearena kuriosoa da:erabiltzea asko kostatzen zaidan kolorea izan arren, lanak eraman nau berdea erabiltzera, ez dakit oso ondo zein arrazoiengatik”, kontatu du.

Idazleek testua bidaltzen diotenetik marrazkia egiten hasten den arte, gauza asko gertatzen dira. Normalean, artista bakoitzak bere lan egiteko modua izaten du. Gurrutxagaren kasuan, lanerako denbora nahiko edukitzea eskertzen du, testua jaso eta behin eta berriz irakurtzen duen fase hori ondo lantzeko. Hori da Gurrutxagaren lehen urratsa: “irakurri eta segidan egiten dudan marrazki hori, normalean, erabat nabarmentzekoa izaten da, ideiak burura etortzen hasten diren unean; behin testua “mastikatuta” dagoenean, marrazten jartzeko momentua izaten da”.

ESKUZ EGINAK

Gurrutxagak eskuz egiten ditu bere ilustrazioak. “Gehienetan, iristen zaizkidan proposamenak narratiba lanak izaten dira, eta horientzako egokiagoak iruditzen zaizkit teknika manualak”, arrazoitu du. Ordenagailua noizbait erabili izan duen arren, erosoago sentitzen da irudiak eskuz lantzen, hau da, forma emateko arkatza erabiliz edo kolorea gehitzeko akuarelak, adibidez. Hala, ordenagailua bigarren plano batean geratzen da artista gipuzkoarrarentzat. Dena den, ba-tzuetan beharrezko ikusten du beste zenbait tekniken laguntza. “Ordenagailua erabili izan dudanean izan da lanak horrela eskatzen zuelako edo iruditzen zitzaidalako lan hori ondo gelditzeko aproposena zela”.

Ilustratzaileen munduan, lanaren zati bat irakurlearena dela dio Gurrutxagak. “Zuk gako batzuk ematen dizkiozu, edo nola ulertu duzun testu hori, baina bion lana da interpretazioa”, dio artistak. Testu baten gainean hainbat irakurketa egin daitezkeen moduan, irudiekin berdin gertatzen dela uste du. Hori da, hain zuzen, testuen eta marrazkien magia: norbere bizipenen arabera informazioa modu batean edo bestean jaso-tzea. Era berean ulertzen ditu Gurrutxagak irudiak: “nik irudiak egiten ditut irakur daitezen, hala ulertzen dut nik ilustrazioa, irakurri behar diren irudi bezala”.