Zazpi urte pasa dira Ursula Strong eta Koldo Soret musikariek Niña Coyote eta Chico Tornado taldea osatzea erabaki zutenetik. 2012an hasi ziren gitarra, ahotsa eta bateriaz jositako doinu desertikoak osatzen. Hasiera batean, luzerako izango zen ez bazekiten ere, dagoeneko hiru disko luze kaleratu dituzte, azkena, AitzStar izenekoa, atzo bertan argia ikusi zuena.

Lan berriarekin oso pozik daudela ziurtatu du bikoak. “Gauzak beste modu batean egiteko gogoa genuen eta oso gustura geratu gara emai-tzarekin”, adierazi du Soretek. Ohiko basamortuko rock basatiari psikodelia puntu bat gehitu diote oraingo honetan. “Estilo ezberdin gehiagoren eragina dago. Lehen diskotik hona soinua ere nahiko aldatu da, helduagoa dela esan dezakegu”, nabarmendu du gitarra-joleak.

Eboluzio horren adierazle nabarmenetariko bat, akaso, Neutazeu edo BaiBye abestietan antzeman daitekeen ironia jolastia da. “Hitzetan, gehiago ateratzen zaigu gure amorruaz eta desadostasunez hitz egitea, maitasunaz baino. Ironiak eta esanahi bikoitzek ere tarte handia dute gure hitzetan”, kontatu du Soretek. Jolasteko gogo hori diskoaren izenburutik bertatik ere antzeman daiteke, non harri eta izar hi-tzen arteko lotura egin duten.

LAN aberatsagoa Orotara, hamaika abesti berri dakartza AitzStar lan berriak, non betiko erritmo gogor eta pisutsuak eta riff sakon eta indartsuak topa daitezkeen. “Diskoaren hezurdura betiko gitarraren efektuekin eta bateriarekin egin dugu, eta, ondoren, une gutxi batzuetan, beste soinu batzuei ireki diegu atea. Emai-tza aberatsagoa lortu dugula uste dugu, borobilagoa, gure nortasuna galdu gabe”, azpimarratu du Donostiako bikoak.

Lan berrienean ez dute mezu zeha-tzik transmititu nahi izan. Izan ere, jakitun dira abesti berberak entzule bakoitzari “zerbait ezberdina transmititzea” ohikoena dela. “Gertatzen da, pertsona berari, bi egun ezberdinetan, kantu berberak gauza ezberdinak sentiaraztea. Oso gustuko dugu hori”, aitortu dute donostiarrek. Finean, haien helburua “zuzenean jotzeko dibertigarriak eta entzuteko atseginak izango diren kantuak sortzea da”. Izan ere, disko berri honetan arnasa hartzeko tarterik badago ere, egurra gustuko dutela argitu dute Niña Coyote eta Chico Tornadok. “Ez gara lasaitasuna ematekoak”, diote.

Begirada diskoan Sorkuntza prozesuan buru-belarri ibili da bikoa eta zazpi hilabete zuzenean jo gabe egon dira diskoa presta-tzeko. Beraz, sorkuntza prozesu lasaia izan dute, begirada horretan jarrita, beste ezertan pentsatu gabe. “Lehen aldiz, denboraz eta lasaitasunez egindako lana izan da”, adierazi dute. Horretan ere lagundu du aukeratutako estudioak, Tarragonako Casamurada, hain zuzen. XII. mendeko masia batean dago kokatuta, inguru lasai batean. 15 egun eman zituzten bertan, Ricky Falkner ekoizlearekin eta Jordi Mora soinu ingeniariarekin. “Eguna estudioan pasatzen genuen eta, batzuetan, gauak ere bai. Oso esperientzia ederra izan da. Familia bihurtu ginen egun horietan”, kontatu dute donostiarrek. AitzStar diskoko kantu asko lokalean bertan grabatutako inprobisazioetatik atera dira; beste batzuk, berriz, etxean landu dituzte.

Hainbat kolaborazio izan dituzte Strongek eta Soretek disko berrian, batez ere, musika arloan. Horrela, David Solerrek pedal steel-a sartu du kantu pare batean, Ricky Falknerrek Hammond eta Moog bat beste hainbat kantutan eta, azkenik, Zigor DZ-a scra-tchet-az arduratu da. Hitzei dagokionez ere izan dute kolaboraziorik: aurreko diskoetan bezala, Harkaitz Cano idazleak Azeri eta herio abestiaren letrak idatzi ditu, ipuin formatuko singlea izan dena.

nazioartean Estudioko lana burutu ostean, eta Jordi Mora diskoa nahasten aritu zen bitartean, Niña Coyote eta Chico Tornado taldea Mexikon eta Kalifornian biran ibili zen. “Bira bakoitzean esperien-tzia eta momentu errepikaezinak pasa ditugu, asko ikasten baita etxetik urrun jotzen”, onartu du Strongek. Japonian, AEBetan, Errusian, Italian, Txilen, Holandan, Belgikan eta Estatu espainiarrean aritu dira jotzen azken urte hauetan. “Hilabeteak eman ditugu etxetik kanpo, eta 50etik gora izan dira eskaini ditugun kontzertuak”, gogoratu dute. Mad Cool, Resurrection Fest, Bilbao BBK Live edota Tsunami Xixon festibaletan izan dira jotzen, besteak beste.

“Niña Coyote eta Chico Tornado proiektuarekin hasi ginenean ez genuen pentsatu noraino eramango gintuen guzti honek, baina hemen jarraitzen dugu”, diote. Sekretua? Elkar oso ondo ulertzen dutela eta musikari dioten “engantxea” konpartitzen dutela. “Taula gainean konexio garbia eta zuzena dago gure artean eta ez dago hori zikintzen duen ezer”.