Dagoeneko martxan da Barriek programaren VIII. edizioa. Bizkaiko Foru Aldundiaren urteroko programa honen baitan, Arte Sorkuntzarako Bekak jaso dituzten sortzaileen lan plastiko eta bisualak erakutsiko dira datozen hilabeteetan. Endika Basaguren, Oihane Iraguen, Irati Urrestarazu eta Pau Figueresek beren lanak jarriko dituzte ikusgai Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan, urrira bitartean.

Aurtengo programazioaren aurkezpenean Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak nabarmendu zuenez, ekimen honen helburu nagusia “Bizkaiko sormen-talentuen lana ikusaraztea eta haien ibilbide artistikoan laguntza ematea” da. Izan ere, gizarte bizi eta zorrotzago bat edukitzeko sormena garatzea ezinbestekotzat jotzen du Bilbaok. “Lan artistikoei esker eboluzionatu eta balioak hobetzen ditugu”, ziurtatu zuen.

Erakusketak txandaka erakutsiko dituzte, eta bi hilero aldatuko dituzte, 2019 osoan zehar. Gainera, aurten, duela zenbait urte beka jaso zuen artista bat berreskuratuko dute aukeratutako beste lau gazte bekadunen lanak aurkezteko. “Foru-erakundearen eskutik aspaldi babesa jaso zuen sormen-talentua berreskuratzeaz gain, egin berri diren lanei ikusgarritasuna emango zaie horrela”, azpimarratu zuen Bilbaok.

Aurten, Cristina Gutiérrez Meursen lana izango da ekimen honi hasiera emango diona. Martxoaren 10era arte bisitatu daiteke sortzaile honen Trapos sucios izeneko erakusketa. Bertan, 2016. urtetik genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeen izenak brodatu dituzte gorbata multzo batean.

Honez gain, marrazkien almanaka bat, testu bat horman idatzita eta soinua topatuko ditu martxoaren 10a baino lehen Rekalde Aretora hurbilduko den bisitariak. Bere lan guztietan gizarte-errealitatearekiko konpromisoa erakutsi du beti Gutierrezek, sari ugari jasotzeaz gain arte-azoka ezberdinetan parte hartuz, besteak beste, ARCO, Art Franfurt edo FIG Bilbaon.

LAU ARTISTA Martxoaren 12tik maiatzaren 5era, Endika Basagureren (Bilbo, 1978) Memoriaren aztarnak ezabatu izeneko lana aurkeztuko da. Proposamena zirriborro bat da, artistari lan berria sortzeko bidea irekiko diona. “Ezinezkoa da gure iragana erabat ezabatzea, eta gure oroitzapenak gogora ekarriz errealitateak zentzua hartzen du, gure nortasun pertsonala berretsiz”, azaldu du Basagurenek. Bideoz eta argazkiz osatutako aurreko lanaren zati handi bat suarekin suntsitzean datza proiektua. Hortaz, geratzen diren errautsak eta hondakinak dira antropometriak, autoerretratuak eta orbanak garatzeko Basagurenek erabili dituen baliabide bakarrak.

Maiatzaren 7tik ekainaren 30era Oihane Iraguenen (Bilbo, 1985) txanda izango da. Bere ustez, “entzunez sortu, inprobisatu eta sor-tzen da espazioa”. Hortaz, soinu-praktikari ekin dio, eta ikus-en-tzunezko zein eskulturari lotutako euskarriak erabili ditu lagungarri gisa. Soinuak espazioan presen-tzia oso anbiguoa duela gogorarazten duela uste du Iraguenek, eta, denborari dagokionez, iragankorra dela. “Praktika akusmatikoak aurpegirik eta gorputzik gabeko praktikak dira, hau da, bozgorailu, gortina edo pantaila bat; arrotza zaigun hori (ber)aitor-tzera akuilatzen gaituzten gailu ezagunak eta oihartzunak”, nabarmendu du sortzaile gazteak.

Inguruan eta egunerokotasunean topatzen dituen elementuak erabiltzen ditu, bere aldetik, Irati Urrestarazuk (Bilbo, 1989). “Txikitan herdoildutako hiltzeak edota hondakinetako adreilu zatiak biltzen nituen, eta kontrakotasunak beti erakarri nau, zuk urdina nik berdea”, aitortu du Bilboko Okela Sormen Lantegiko kideak. Prozesuak ezartzen duen bideetatik egiten du lan Urrestarazuk, azken aldian eskulturatik edo objektualizaziotik ibiltzen bada ere. Urrestarazuren lana uztailaren 2tik 1era arte egongo da ikusgai.

Azkenik, Donde las patatas, la Coca-cola y la Fanta izenburupean aurkeztuko du bere lana Pau Figueresek (Donostia, 1976), irailaren 3tik urriaren 20ra. Lan hau hipermodernitatearen gehiegikerietatik sortu da, nostalgiari aukera bat emateko. “Haurtzaroko oroitzapenek orainaldia deseroso egiten dute, negozio forma berriei modu arrotzean begiratzen diete eta turisten kamerek antzematen ez duten imajinario berri batean jartzen dute arreta”, kontatu du Figueresek. Iraganeko objektuen eta orainaldia eraikitzen dutenen arteko nahasketa horretan, ikonokrazia eta souvenir produktuak agertzen dira tarteka.