Arriaga Antzokiak denboraldi berria aurkeztu du
Antzokiak eta Leioa Kantika Koralak 'Lamiako 1979' koproduzituko dute, Jon Saenz Rubiok konposatutako euskarazko opera garaikide bat
Asteaken honetan goizean, 2026ko abuztutik 2027ko ekainera bitartean garatuko den Arriaga Antzokiaren 2026-2027 denboraldiaren aurkezpena egin dute. Bertan parte hartu dute Arriaga Antzokiko zuzendari artistiko Calixto Bieitok eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok.
Zehazki, gaur iragarritako berritasunak irailaren erdialdetik aurrera etorriko denari buruzkoak dira. Gogoan izan behar dugu jada iragarri zela eta salgai daudela udako programazioko ikuskizun nagusirako sarrerak: aurten La Cubana konpainia katalanaren produkzio berria izango dugu ikusgai, La cuisine de ma cousine izenekoa, abuztuaren 13tik irailaren 13ra, Aste Nagusia barne.
Arriaga Antzokiak askotariko programazioaren aldeko apustua egin du, bere ateak publiko guztientzat ireki nahi baititu. Datorren denboraldian bertako eszenari bultzada bat ematen jarraituko du, euskarazko ekoizpenei arreta berezia eskainiz, bai bere proiektu eta kolaborazioen bidez, bai euskal konpainien lan ugari ikusgai jarriz. Gainera, Arriagak Espainiako Estatuan egiten den antzerkirik onena programatzen jarraituko du, eta nazioarteko esparruan duen posizionamendu onari eutsiko dio, Bilbora hainbat herrialdetako ikuskizun interesgarriak ekarriko baititu.
Arriaga marka
Arriaga Antzokiak berak sortutako proiektuak oholtzara eramatea da, oraindik ere, funtsezko helburuetako bat. Azken urteotan, Arriaga Antzokiak ekoizpen lan handia egin du, eta horren emaitza gisa, ikuskizunen katalogo zabal bat dugu jadanik. Errealitate horrek, duela hiru urtetik hona Arriaga Antzokiak Theatre Green Book-aren irizpideekin bat eginez bultzatzen duen jasangarritasun politikarekin batera, eragin du noizean behin ekoizpen propio horiek jendeari berriz eskaintzeko berreskuratzeko erabakia. Joan den denboraldian horixe egin zen Moto-Membra Jesu Nostri antzezlanarekin, eta datorren urterako Arriaga Antzokiak Johannes-Passion berriro taularatzea erabaki du; hala, 2027ko apirilaren 2an eta 3an itzuliko da agertokira.
Johannes-Passion, Calixto Bieitok 2018an zuzendu eta Arriaga Antzokiak Parisko Théâtre du Châtelet-ekin batera ekoitzitako oratorio zirraragarri antzeztua, bai Bilbon, bai Frantziako hiriburuan antzeztu zen, arrakasta handiz. Johann Sebastian Bachek konposatuta, musikaren eta artearen historiako lan goren bat da. Orain, Konrad Junghänelen zuzendaritza musikalarekin, aukera paregabea dugu maisulan hori berriro eskaintzeko, sei ahots bakarlarik, Bilboko Opera Abesbatzak eta Friburgoko Orkestra Barrokoak (Freiburger Barockorchester) interpretatuta. Abeslarien artean, Joshua Ellicott eta Carlos Mena barrokoan espezialistak diren interpretatzaileak daude, 2018an ere ahots talde horretan parte hartu zutenak, eta, haiekin batera, Hera Hyesang Park, Anthony Gregory, Cody Quattlebaum eta Sreten Manojlović egongo dira, ibilbide ikusgarriak izaten ari diren nazioarteko lau abeslari gazte.
Eremu lirikoan kokatzen da ere Lamiako 1979, Arriaga Antzokiaren eta Leioa Kantika Koralaren arteko koprodukzioa, zeina otsailaren 5ean eta 6an estreinatuko baita. Euskarazko opera garaikide hori Jon Saenz Rubiok konposatu du eta Hegoa Álvarezen libretoa du. Musika zuzendaritzaz Basilio Astúlez arduratu da, eta berak zuzenduko du Leioa Kantika Korala; eszena zuzendaritzaz, berriz, Lucia Astigarraga arduratu da. Obra Lamiako auzoan dago girotuta, XX. mendearen amaieran, eta mitologia eta herri memoria nortasun kolektiboa eraikitzeko tresna gisa berreskuratzeko aukera aztertzen du. Musikaren eta hitzaren bidez, kide izateari, galerari eta iraganarekiko loturari buruzko hausnarketa bat planteatzen du. Operak, gainera, lau bakarlari, instrumentu talde bat eta musika elektronikoa ditu.
Beti bezala, eta hurrengo denboraldian ere hala izaten jarraituko du, Arriaga Antzokia ukondoz ukondo aritzen da lanean hurbileko erakundeekin hainbat ikuskizun aurrera eramateko. Lankidetza espiritu horren emaitza da Arriagaren Aterkia, euskaraz ere antzeztuko dena, gaztelaniazko gaintituluekin. Arriaga Antzokiak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean bultzatutako musika ikuskizun poetiko eta oniriko bat da, eta aurtengo urriaren 17an eta 18an estreinatuko da. Obra Juan Crisóstomo de Arriagaren partitura ahaztuen eta harena izan zen aterki baten irudimenezko aurkikuntzarekin sortu zen. Objektu magiko horretatik abiatuta, musika-ikuskizunak bidaia bat proposatzen du memorian, denboraren joanaren eta bizitzaren etapetan zehar. Obrak omenaldia egiten die, bai Arriagaren musika ondareari, bai Bilboko hiriari berari, eta hiriko elementu ikoniko ugari txertatzen ditu. Hori guztia Nerea Alberdi eta Aitor Etxebarria konpositoreek sortutako soinu unibertsoarekin nahasten da, Arriagaren doinu ezagunenetako batzuk ere integratuko baitituzte. Hainbat ahots solista eta hiru aktore egongo dira agertokian: Loli Astoreka, Leire Ucha eta Itziar Manero. Bilboko Koral Elkarteko hainbat talderekin lotutako ehun gaztek baino gehiagok parte hartuko dute ikuskizun kolektibo horretan, Aitor Biainen zuzendaritza musikalarekin eta Ane Pikazaren eszena-zuzendaritzarekin.
Lamiako 1979 edo Arriagaren aterkia publiko guztiei zuzenduta daude, noski, baina balio erantsia dute, bereziki interesgarriak baitira nerabeentzat eta gazteentzat, lehena, eta haur eta familientzat, bigarrena. Ez da kasualitatea: Arriaga Antzokia hainbat alderdi indartu nahian dabil, besteak beste, publikoen eraikuntza eta ikus-entzuleen aniztasuna.
Arriaga Antzokiaren eta Bilboko beste erakunde baten —kasu honetan (BOS) Bilbao Orkestra Sinfonikoaren— arteko lankidetzatik sortutako beste ikuskizun bat Beethoven Film Concert da, 2027ko ekainaren 18an denboraldiari amaiera emango diona. Ludwig van Beethovenen heriotzaren 200. urteurrena dela eta, haren bizitzari buruzko film bat berreskuratuko da, Beethoven, zeina 1927an estreinatu baitzen, lehen mendeurrenarekin bat etorriz. Fritz Kortner aktore handiak paper nagusia egiten duela, film mutu horrek konpositorearen bizitzako etapa garrantzitsuenak erakusten dizkigu, eta bere bizitza bere obra handiekin lotzen du. Nacho de Pazek zuzendutako BOSek Malte Giesen konpositore alemaniarrak, Beethovenen musika inspirazio iturritzat hartuta, 2020an filmerako konposatu zuen orkestra partitura interpretatuko du. Publikoak filma pantaila erraldoian ikusiko du eta, aldi berean, orkestrak zuzenean joko du. Arriaga Antzokiak antzeko esperientziak eskaini izan ditu azken urteotan, besteak beste, Vertigo, Nosferatu eta Los nibelungos filmekin.
Antzerkiari dagokionez, Arriaga zigilua Rigor Mortis obran agertzen da: Dorleta Urretabizkaiaren euskarazko obra bat da, zeina Gasteizko Principal Antzokiak, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak eta Bilboko Arriaga Antzokiak bultzatutako 'Antzerkigintza berriak-Nuevas dramaturgias' programan hautatua izan baitzen. Orain, Txalo eta Tanttakaren produkzio exekutiboarekin gauzatu da muntaketa, eta Arriaga Antzokiak emanaldi bat eskainiko du irailaren 30ean. Mireia Gabilondok zuzentzen du eta oholtzan antzezle arituko dira Dorleta Urretabizkaia bera, Garazi Urkola, Aizpea Goenaga eta Joseba Apaolaza.
Horrez gain, Arriaga Antzokiak euskal sortzaile edo taldeek egindako beste bost ikuskizunekin dihardu elkarlanean, eta horien guztien estreinaldiak eskainiko ditu. Lehena urriaren 23an eta 24an izango da, eta Una historia de Bilbaoizango da, Lander Otaolak idatzi eta Ramón Ibarrak zuzendu duten obra. Otaola bera eta Asier Hormaza dira emanaldi horretako aktoreak. Handik gutxira, urriaren 27an, beste estreinaldi bat izango dugu: Bizipoza, Patxo Telleriarena. Euskaraz egindako Pabellón 6-en produkzio bat da, eta Telleriak berak zuzentzen du muntaketa. Arriagan estreinatuko da, halaber, Khea Ziater konpainiaren hurrengo produkzioa, I´m bathizenekoa eta Alex Gerediagak zuzendutakoa. Otsailaren 11n bertsio elebiduna estreinatuko da (euskara/gaztelania) eta 12an gaztelaniazkoa. Aurrerago, martxoaren 3an, Arriagak euskarazko beste estreinaldi bat eskainiko du, zehazki Arturo Ui eta bere gorakada jasanezinaobrarena, zeina Bertolt Brechten testuan oinarrituta baitago eta Galder Irustak moldatu baitu (bera arduratuko da ere antzerki proposamenaren zuzendaritzaz). Euskarazko itzulpena Patxo Telleriak egin du. Azkenik, Arriaga Tanttakaren Grounded (Lurrean / En la tierra) ekoizpenean elkarlanean aritu da: George Brant-en jatorrizko testua Broadwayko agertokietara eraman zuten arrakasta handiz, eta Anne Hathaway aktorearen antzezpena oso txalotua izan zen. Testua Isabelle Stoffelek itzuli du eta, orain, Fernando Bernuesek zuzenduko du produkzio hau, zeina euskaraz apirilaren 13an eta gaztelaniaz 14an estreinatuko baita.
Temas
Más en Cultura
-
El Bellas Artes abre de forma excepcional su nuevo atrio el 24 de junio con una jornada de puertas abiertas
-
El Guggenheim nombra a Florence Ostende directora de Programas y Contenido Artístico
-
El alma minera de 'Mitoaroa III'
-
Arrieta prepara la primera Bienal de Arte Contemporáneo con un recorrido artístico por sus calles