Mundu osoko 80 artista baino gehiagok hartuko dute parte uztailaren 9tik 11ra bitartean Kobetamendin ospatuko den Bilbao BBK Live jaialdiaren 20. edizioan. Nazioarteko artista garrantzitsuez gain, musikaren orainaldia markatuko duten ahots berriak ere bilduko dira. Bilbo oinetan duela, jaialdiari esker, hiru egunez, musika-esperientzia beste era batera bizitzen den leku bihurtuko da Kobetamendiko muinoa.

Programazioa

Osteguna, uztailak 9

Uztailaren 9an, ostegunarekin, Calvin Harris izango da lehen eguneko zerrendaburu Kobetamendin, eta efektu bereziz eta hitez beteriko show esklusibo batekin dator Penintsulara, musika elektronikoaren arloko diskografia handienetako bat ekarrita. Aurrekoarekin batera, ikus-entzuleek irrikaz espero duten kontzertuetako bat FKA twigs artista sailkaezinarena izango da; izan ere, pop garaikidearen mugak birdefinitu ditu unibertso bisual eta soinuzko guztiz pertsonal baten bitartez, musika, koreografia eta estetika zuzeneko emankizun hipnotiko bezain zehatz batean uztartuta. Izen handien bloke hori osatzeko David Byrne pop esperimentalaren izarra aipatuko dugu, bere zuzeneko ikuskizunak zehaztasun eszenikoaren adierazgarri ezin hobeak direla erakutsi baitigu orain arteko ibilbidean. Konfesionaltasuna Dani Fernández eta Belén Aguilera konpositoreen eskutik iritsiko da; bi-biek letra oso pertsonalak egiten dituzte, eta duela gutxi sinergiak bateratu zituzten Goya sarietan egindako emanaldi gogoangarrian. Halaber, Paris Paloma folk-poparen promesa ere arituko da, eta, Europan lehen aldiz, hemlocke springsek bere art-popa ekarriko du Bilbora, kritikarien ustez urteko lan onenetako bat den The Apple Tree Under the Sea diskoarekin batera. Lehen egun honetako kartela osatzeko, Fatoumata Diawara maliarraren proiektu berezia izango dugu, sustraiak eta modernitatea uztartuta; Apparat, bere elektronika abangoardistarekin; Don West eta bere R&B dotorea; eta Folk Bitch Trio edo Las Petuniasen gordintasun lirikoa. Gainera, gorabideko talentuari ere erreparatuko diogu berriro, eta Sara Zozaya, Hoonine eta GAR gonbidatu ditugu.

Ostirala, uztailak 10

Ostiralean, uztailak 10, Robbie Williams pop britainiarraren ikonoa Long 90’s Tour biraren barruan etorriko da Kobetamendira, bere ibilbidea markatu zuen hamarkadari nostalgiatik begiratuta eta Britpop disko berria kaleratzearekin batera. Alabama Shakes taldearen soul rock sutsua eta Brittany Howard-en ahots bereizgarria ere galdu ezinezko kontzertua izango da, beste hauekin batera: Belle and Sebastianen iruditeria malenkoniatsu eta argitsua, eta La M.O.D.A. taldearen epika herrikoia; bi proposamen horiek oso desberdinak izan arren, zuzeneko ospakizun kolektibokoan egiten dute bat. Elektronikari dagokionez, ordezkari bikainak izango ditugu: Richie Hawtin, inprobisazioaren eta teknologiaren bitartez lurralde berriak arakatzen dituen DEX EFX X0X murgiltze-ikuskizuna aurkezten; Soulwax, europar elektronikaren proiektu garrantzitsuenetako bat; eta Tom Rowlands (The Chemical Brothers) eta AURORAk osatutako TOMORA supertaldea. Gitarrek ere izango dute tartea, hala nola Xoel López pop independentearen ikonoa, Estatuko panorama alternatiboan funtsezkoak diren Depresión Sonora eta La PalomaYerai Cortésen flamenko garaikidea, eta Westside Cowboy, 2026ko talde berri interesgarrienetako bat. Orain arteko edizio guztietan bezalaxe, musika-aniztasuna izango da jaialdiaren ezaugarri, askotariko proposamenekin: CMATen euro-countrya, Thee Sacred Soulsen soul dotorea, Juicy BAEren R&B eta trapa, eta Mietze Conteren dance-pop dibertigarria. Ostiralean arituko dira, halaber, euskal labeldun proposamen hauek ere: Marte Lasarte eta Suave.

Larunbata, uztailak 11

Jaialdiko azken egunean, hainbat eszenatako izen handiak bilduko dira Kobetamendin, hala nola Estatuko musikan gaur egun eragin oso handia duen Dellafuente bere ibilbideko une nabarmenean iritsiko da Bilbao BBK Live jaialdira, uda honetan egingo dituen kontzertu gutxi horietarako sortu duen show berriarekin; IDLES berriro datoz jaialdira gure urteurrenerako, rocka barru-barrutik bizi dutenen eskaerei erantzuteko; Lily Allen abeslariak West End Girl album konfesional txalotua aurkeztuko digu zuzeneko esklusibo batean, disko osoa interpretatuko baitu musikal baten moduan; Interpol, azken hamarkadetako indie-rock talde handietako bat; Charlotte de Witte elektronika garaikidearen funtsezko figura; ZAZ pop frantsesaren ikonoa; eta horsegiirL eta bere rave elektronika berriaren ikuspegi azeleratu eta probokatzailea. Era berean, Estatuko panorama hainbat angelutatik eraldatzen ari diren artistak ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu, besteak beste, Ralphie Choo, BB Trickz, AMORE, Queralt Lahoz edo CERVATANA; baita Italiako eszena berriko ahotsak ere: Nu Genea (live band) eta Mind Enterprises. Azkenik, euskal ordezkariak aipatuko ditugu, sentsazio berrien txanda izango baita: Aimarz eta BARRRK.

Basoa. Baso hedonista

Jaialdiko babesleku nagusietako bat izango da, aurten ere, Basoa: elektronikak eta naturak bat egiten duten gunea Kobetamendiko baso bete-betean, dantza-pista zentzumenen bidezko murgiltze-esperientzia bihurtuta. Asteburu osoan, hainbat soinu-paisaia hedatuko dira agertokian, egun bakoitzeko erritmoaren lagun.

Ostegunean, disco musikaren espirituak eta cosmic house undergroundenak markatuko dute Basoaren bidaia, rave kultura post-punkaren herentziarekin eta clubaren euforiarekin uztartzen dituzten artistekin: 2manydjs, Erol Alkan b2b Optimo (Espacio), Dee Diggs, Paula Tape eta Guim. Ostiralean, lurralde ilun eta hipnotikoagoetan murgilduko gara Basoan, Donato Dozzy, DJ Nobu, Vlada, Sedef Adasï eta Miravallesen saioetako techno sakonenarekin trantze kolektiboko gune bihurtuko baita. Larunbatean, agertoki honetan lehen aldiz arituko dira Nicolas Lutz, DJ Koze, Badsista, Bashkka eta Mattias El Mansouri, eta dantza-pista lurralde psikodelikoagoetara eramango dute, jai-giroan, Basoa datorren urtera arte agurtzeko.

Lasai. Tempo motelak ingurune natural batean

Lasai egoteko gunea ere izango dugu, ostera ere, jaialdiaren barruan: tempo geldoagoak, arreta handiagoz entzutea, BPMak jaitsi eta esperientzia introspektibo bat bizitzeko gonbidapena, atzealdean Bilbo hiria izanik. 20. urteurren honetako programazioa kuradoreen laguntzarekin atondu dugu, egun bakoitzari nortasun propioa emanda. Minor AM kolektiboak emango dio hasiera ostegunean, Suze Ijó, James Massiah, Livwutang, Joni DJ eta Amelia Holt talentu berriak bilduko dituen showcase batean. Ostiralean, Meritxell de Soto izango da protagonista saio esperimentalago batean, honako hauekin batera: Elena Barker, Genosidra, Somadamantina (live) eta Torus. Larunbatean, digger espiritua nagusituko da DJ hauekin: Ylia, Toni Bass, Alexis Le-Tan, Jeffrey Sfire eta XXX, club giroko saioarekin amaiera emanik ibilbideari.

Gorria. Jaialdia Klub bihurtuko da

Iazko arrakasta ikusita, Bilbao BBK Live jaialdira itzuliko da Gorria, egungo panoramako izen interesgarrienetakoak protagonista izango diren bi gautan. Vampirina Club by Metrika & D.Basto proposamena izango dugu ostiralean, eta Castelloko artista bere crew eta bere DJrekin batera arituko da, Metrika eszena berriko fenomeno berezienetako bat bihurtu duen unibertso estetikoa eta soinu-unibertsoa sortuta pistan. Larunbatean, Hotcore Party: Taichu and Friends festa bat izango da, artista argentinarra izanik buru; jaialdiko agertokietako bat ixteaz arduratuko da bere soinuzko imajinario performatiboaren ildoari jarraituko dion saio esklusibo batekin.

Bilbao BBK Live: usika baino gehiago, bizipen paregabea

Kobetamendiko natura-ingurunean, Bilboko ikuspegi zoragarriak izanik eta hiritik 10 minutu eskasera, Bilbao BBK Live jaialdi bat baino askoz gehiago da: musikatik haratago doan esperientzia da. Kontzertu bakoitzaren hasierako zirrararekin hasi eta jaialdiaren amaierako magiarekin bukatu, edizio bakoitzak arrasto ezabaezina uzten du esperientzia bizi dutenengan.

Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaileok gure esker ona adierazi nahi diegu, bereziki, Bilboko Udalari, BBK Banku Fundazioari eta Repsol eta San Miguel etxeei, ekitaldi hauek gauzatzeko ezinbestekoa baita haien guztien laguntza, gainerako babesle eta laguntzaileekin batera.

Eguneko sarrerak promozio-prezio berezian daude salgai, martxoaren 24ko (asteartea) 11:00ak arte, eta bonuak ere eros daitezke jaialdiaren webgunean.