Síguenos en redes sociales:

Batman, protagonista FANT jaialdiaren kartelean

Bilboko Udalak antolatzen duen Jaialdiak, PreFANT zikloan, 'Aves de corral' filma aurrestreinatuko du otsailaren 17an

Batman, protagonista FANT jaialdiaren karteleanB. U.

Jaialdiari hasiera emateko hiru hilabete falta diren arren, FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoa jaialdiaren antolatzaileek aurten maiatzaren 8tik 16ra bitartean ospatuko den 32. edizioaren kartela aurkeztu dute. Edizio honetako kartelaren protagonista Batman izango da.

FANT Bilbaok aurreko urteetako ildo grafikoarekin jarraituko du, zinema fantastikoko pertsonaiarik mitikoenak ikusaraziz. Era horretan, oraingo honetan, saguzarra agertzen da 2026ko edizioa iragartzen duen kartelean, urte honetan, telebistan lehen Batman agertu zeneko 60. urteurrena ospatzen baita.

Michael Keaton, George Clooney, Val Kilmer, Christian Bale, Ben Affleck edo Robert Pattinson bezalako aktoreek Batman pertsonaiaren papera egin dute pantaila handian, baina lehendabiziko aldiz 1966. urtean agertu zen, Adam West aktore estatubatuarrarekin.

“Batman the movie” izen bereko telesailarekin lotutako film luzea da, garai hartan arrakasta handia izan zuena, eta 1966ko uztailean estreinatu zen (Estatuan 79an). Bob Kaneren komiki ezagunaren egokitzapen honetan, Batmanek eta Robinek aurre egingo diote kriminal talde bati, eta, horien artean, Joker eta El Pingüino betiko arerioak daude.

FANT 2026ko kartelak Batmanek DCn duen jatorri ilustratua gogorarazten duen estetika du, eta, bertan, Zaldun Iluna aurkezten da beste ikusle bat bezala zinemako besaulkian, hiriaz gozatzen, eta, oraingo honetan, Gotham City izan ordez, Bilboko skyline da.

FANT jaialdiaren 32. edizioaren kartela.

Pertsonaia Zinemaldiaren programazioan ageriko da, Tim Burtonen “Batman” filma ikus ahal izango baita martxoaren 24an, asteartea, Azkuna Zentroko Golem-Alhondiga aretoetan, jaialdiaren egoitza nagusian. Emanaldi zinematografiko hori PreFANT zikloaren barruan sartzen da, datorren maiatzean izango den programazio osoaren atarikoa.

Sarrera doakoa izango da, baina aurrez leihatilan jaso beharko da, emanaldiaren egun berean, 16:30etik aurrera. FANTekin lotutako merchandising-arekin (kamisetak, poltsak, programa…) nahiz Batmanekin lotutako elementuren batekin joaten diren pertsona guztiek lehentasuna izango dute gonbidapenak jasotzeko orduan.

Antonio Vicenten 'Aves de Corral' filmaren aurrestreinaldia

'Decorado' eta 'Gaua' filmen ondoren, FANTek PreFANT zikloarekin jarraituko du datorren otsailaren 17an, asteartea, Antonio Vicent zuzendariaren opera prima den “Aves de corral” film luzearen aurrestreinaldiarekin. Filma 19:30ean emango da Golem Alhondiga zinemetako 1. aretoan, eta, beste batzuen artean, zuzendaria bertan izango da.

Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte, baina gonbidapena zinema-aretoko leihatilan jaso beharko da aurrez, emanaldiaren egun berean, 16:30etik aurrera. FANTekin lotutako merchandising-arekin (kamisetak, poltsak, programa…) joaten diren pertsona guztiek lehentasuna izango dute sarrerak jasotzeko orduan.

Egun berean goizean, filma komunikabideen aurrean aurkeztuko dute Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak; Amaia Domingo FANTeko zuzendariak; zuzendari Antonio Vicentek, baita taldeko beste hainbat pertsonak ere.