Dena prest BIME Bilbao 2025 ospatzeko
BIMEk jarduera berri ugari erantsi dizkio bere programazioari
Bilbo prest dago mundu osoko profesional eta artistei ongietorria emateko musika-industriaren erreferentziazko topaketan, BIMEn. Programazioa gaur bertan osatu duen lau eguneko hitzordua urriaren 28an hasiko da eta hiria musikaren eta kulturaren Iberoamerikako hiriburu bihurtuko du. Besteak beste, elkarrizketak, tailerrak eta masterclassak izango dira Euskalduna Bilbao jauregian BIME Proren eskutik (urriaren 28tik 30era), eta zuzeneko musika lau egunez BIME Liveren eskutik (urriaren 28tik 31ra). Gainera, BIMEk 2022an Kultura Ministerioarekin hasitako lankidetza-bideari jarraituko dio, Conexiones i-ren bidez. Ekimena musikaren munduko enpresei eta profesionalei zuzendutako gaikuntza eta nazioartekotzeko laguntza-ibilbide bat da eta BIMEren programazioan biltzen da.
BIME Pro, edo nola definitu musika-industriaren etorkizuna
BIME Prok sektoreko eragile eta ahots garrantzitsuen ordezkaritza zabala izango du, hala nola Rubén Blades, Mon Laferte, Leire Martínez eta Zahara artistena, baita hainbat profesionalena ere, besteak beste Europako Batzordeko Hezkuntza, Gazteria, Kirol eta Kulturako (EAC) zuzendari nagusi Normunds Popens; RTVEko komunikazio eta partaidetza zuzendari María Eizaguirre; Cadena SER kateko “Hora veintipico” programaren zuzendari Héctor de Miguel; DAZNeko Senior Marketing Executive – Acquisitions Antonio Casado; Emerge agentziako zuzendari Marisa Moya eta El Mundo egunkariko kazetari Pablo Gil. Izen horiei Manuel Alejandro gehitu behar zaie, gaztelaniazko musikaren konpositore garrantzitsuenetako bat, eta Raphael, Rocío Jurado edo Julio Iglesias bezalako artista handien abesti ezagunenetako batzuen egilea. Alejandro solasaldi eder baten protagonista izango da Billboardeko zuzendari exekutibo Leila Coborekin batera.
BIME 2025en unerik garrantzitsuenetako bat Live on KEXP Sessions enblematikoen grabazioa izango da, zeinak lehenengoz egongo baitira Espainian, Argentinatik eta Mexikotik igaro ondoren. Mundu osoan ezagun diren saio horiek gorabidean diren zein dagoeneko ospea duten artisten esentzia harrapatzea lortzen dute, eta oraingoan Alcalá Norte, Depresión Sonora, Tanxugeiras, Queralt Lahoz eta Rosario La Tremendita izango dituzte protagonista, besteak beste. Saioak Gizakunde Elizan grabatuko dira, ateak itxita, eta BIME, AEBko KEXP irratia, Sounds from Spain, AIE eta BASQUE.MUSIC-en arteko lankidetzaren emaitza dira.
Gainera, urriaren 29an eta 30ean, BIMEk Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko I. Kongresua (CIIIC) hartuko du. UIC Barcelonak eta BIMEk antolatu dute foro akademiko eta profesional hori, eta unibertsitateak, ikertzaileak eta kultur eragileak bilduko ditu sormen-industrien erronkei buruz eztabaidatzeko, eta bertan, argitaratu gabeko lau txosten aurkeztuko dira, horien artean, BIMEren lehen txostena.
Aurten, gainera, BIME Prok zabaldu egingo du bere programazioa Musik & Pintxos espazioarekin. Musik & Pintxos bertaratutako akreditaziodunen esperientzia aberasteko pentsatutako topagunea da, eta, haren eskutik, Euskalduna Bilbaon bertan showcase sorta zaindu batez gozatu ahal izango dute Johnnie Walker agertokian, tokiko proposamen gastronomiko batez lagunduta. Musik & Pintxos espazioa urriaren 28an eta 29an egongo da irekita akreditazioa dutenetzako, eguerdian eta arratsaldean, eta atseden hartzeko gune perfektua izango da, giro lasai batean hainbat artisten zuzenekoez gozatzeko: Jesse Baez (GT/US), Isla de Caras (AR), Fedesttar (CO), Esteban Rojas (CO), Laaza (ES), Arroba Nat (MX), Alaide (MX) eta Lara91K (AR).
Urriaren 29an, gainera, BIME Prok herritarrei irekitako bi jarduera izango ditu Euskalduna Bilbaon. Alde batetik, topaketa bat Fito Cabralesekin, El monte de los aullidos disko berria argitaratu eta egun gutxira, zeinetan musikari bilbotarrak bere ibilbideari buruzko bizipenak, pasadizoak eta gogoetak partekatuko baititu. Bestetik, OMARA: Cuba’s Legendary Diva dokumentalaren Espainiako estreinaldia. Filmak begirada intimoa eskainiko digu Kubako musikaren kondaira bizia den Omara Portuondoren bizitzari buruz, eta amaitzeko, elkarrizketa bat izango dugu Hugo Perez zuzendariarekin, Jonathan Finegold piezaren gainbegirale musikalarekin eta online konektatuko den Omara Portuondorekin. Jarduera horietara joan nahi dutenek esteka hauetan aurkituko dute informazio gehiago:
Amaitzeko, urriaren 30ean, BIMEk Aupa! sarien bigarren edizioaren sari-banaketa ekitaldia hartuko du. Sari horien helburua, txaloak eskaintzea ez ezik, musikaren industriako sormen-lanak, lan arriskutsuak, ausartak edo altruistak ikusaraztea eta balioan jartzea da. Sari-banaketa ekitaldia 12:15ean izango da, Euskalduna Bilbaon, eta saria emango zaie, besteak beste, Manuel Alejandrori, Amaiari, Som Valenciari, Zaharari eta Donostiako Jazzaldiari.
BIMEren programazioaren barruan, ekintzailetzari, berrikuntzari eta enpresa-garapenari eskainitako guneak agenda osatu bat izango du, Bizkaiko Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoko Sailaren laguntzarekin, eta kultura- eta sormen-industriek garapen ekonomiko eta sozialerako motor gisa duten zereginari balioa emango dio. Esparru horretan egingo da Impacto! topaketaren 2. edizioa. Topaketa erreferentziazko gunea da inpaktua duen inbertsioari eta kulturari dagokienez, eta sektoreko hogei fundazio eta profesional baino gehiago bilduko ditu, besteak beste, Lucía Casani, Daniel eta Nina Carasso Fundazioko zuzendari nagusia, eta Adama Sanneh, Moleskine Foundationeko CEOa, eta bertan izango dira Open Value Foundation, SpainNab, Albéniz Fundazioa, Harmon eta Ship2B Fundazioa ere.
Daniel eta Nina Carasso Fundazioak, gainera, Startup! programan parte hartuko du, zeinak aurten ere MusicTecheko nazioarteko erreferenteak bilduko baititu, hala nola Christine Osazuwa, Jakob Wredström eta Karim Fanous. Horrez gain, case study bat ere izango da musikaren industrian etorkizun handia duen Sesh startuparen eskutik. Espazio horrek sektoreko startup disruptiboenen hautaketa zaindu bat ere bilduko du, eta teknologiaren eta eragin sozialaren arteko lotura sustatuko duten elkarrizketak eta networking- topaketak antolatuko ditu.
BIME Live: musikaren eta kulturaren ospakizun bat hiriaren erdi-erdian
Zuzeneko musika izango da protagonista urriaren 28, 29, 30 eta 31n. Urriaren 28tik 30era, Kafe Antzokia, Bilborock, BBK Aretoa, Stage Live, Back Room, Crystal, La Ribera, Dock BBF eta Cotton Club aretoek 70 showcasetik gora hartuko dituzte. Iraupen laburreko kontzertuak izango dira, ezin hobeak profesionalek eta herritarrek Iberoamerikako egungo proposamen abangoardistenak ezagut ditzaten (edukiera mugatua izango da eta akreditaziodun profesionalek izango dute sartzeko lehentasuna).
Urriaren 31n aire zabaleko musikaren txanda izango da bi agertokitan: San Miguel eta San Miguel On Air. Uribitarte pasealekuan egongo dira, Bilboko Udaletxearen ondoan, eta honako artista eta talde hauen emankizunak eskainiko dituzte: Delaporte (ES), Villano Antillano (PR), Silitia (ES), Flaca (AR/ES) eta Ruptura (ES). BIME Liveren helburua programazioa kongresura bertaraturiko publiko profesionalari zein musikazale guztiei hurbiltzea da, herritarrei irekitako musika-proposamen aberatsa eskainiz hiriko erdigunean bertan.
BIME Livek Bilboko Udalaren eta Cervezas San Miguelen babesa du, eta beste erakunde askoren laguntza, hala nola Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, BASQUE.MUSIC., INAEM (Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionala), ICEX-Sounds from Spain, AIE (Espainiako Artista Interpretatzaile edo Exekutatzaileen Elkartea), Navarra Music Commission, Andaluziako Kultur Erakundeen Agentzia, Txile (MinCAP, ProChile eta Chilemúsicaren bitartez), Murtziako Eskualdeko ICA, Catalan Arts, Kolonbiako Kultura, Arte eta Jakintzen Ministerioa (Argentinako Musikaren Institutu Nazionalaren eta Argentinako Kanpo Harremanetarako, Nazioarteko Merkataritzako eta Kultuko Ministerioaren bidez), Institut d 'Estudis Baleàrics, Extremadurako Junta, Bogotako Arteen Distrituko Institutua, Universal Music, Mondo Sonoro, Johnnie Walker, Thomann, Interscope, Emerge, Altafonte, Caliko Garapen Ekonomikoko Idazkaritza, Seitrack, eta Walter Kolm Records.