Lucía Martínez Odriozola (LMO) Kazetaritza Feministaren IV. Biltzarra datorren urriaren 16an ospatuko da Bilbon, Bilborock aretoan. Ekitaldia ‘Pikara Magazine’ aldizkari feministak eta hari lotutako kazetari sareak antolatu dute, eta sare bidez zuzenean jarraitu ahal izango da. Hasieran bi egun iraun behar zuen, baina urriaren 15eko jardunaldia bertan behera geratu da Palestinaren aldeko greba orokorraren harira. “Ez dugu ulertzen antikoloniala ez den feminismoa”, azaldu dute antolatzaileek.
Biltzarrak 20 hizlari inguru bilduko ditu, kazetariak, ikertzaileak eta gizarte mugimenduetako kideak barne. Haien artean, Ana Requena, Ana Marcos eta Zuriñe Rodríguez izango dira sexu erasoei buruzko informazioaren tratamenduaz eztabaidatzen; eta Paula Cáceres eta Tatiana Romero, berriz, pertsona migratuen inguruko komunikabideetako narratibak aztertuko dituzte.
Antolatzaileen esanetan, “ikasteko, eztabaidatzeko eta elkar hausnartzeko espazioak” behar dira, ikuspegi feministatik gaur egungo erronka nagusiak —hala nola sexu-indarkeria, diskurtso matxisten normalizazioa edo eskuin muturraren aurrerapena— nola jorratzen diren aztertzeko. “Kazetari asko beren herrialdeetatik erbesteratu behar izan dira lanbidean jarraitu ahal izateko”, gehitu dute ‘Pikara Magazine’-ko kideek.
Horren harira, biltzarrak Luciana Peker kazetari argentinarra, Valeria Guzmán salvadortarra eta Khadija Amin afganiarra izango ditu gonbidatu. Hiru kazetariek euren esperientzia pertsonalak partekatuko dituzte, talde autoritarioen eta eskuin muturraren presioaren ondorioz beren jatorrizko herrialdeak utzi behar izan dituztelako.
Beste mahai-inguru batzuetan, internet feminista eraikitzeko aukerak eta gorroto-diskurtsoen aurkako narratiba biralak jorratuko dira. Horietan parte hartuko dute, besteak beste, Noemí López Trujillo, Marta G. Franco eta Pantube edo Afrocolectiva bezalako proiektuetako kideek.
Biltzarraren programak, halaber, erredakzioetan ikuspegi feminista zeharkakoa nola ezarri aztertuko du, Amagoia Mujika (‘Berria’ko zuzendaria) eta Isabel Valdés (‘El País’-eko genero-korrespontsal) kazetarien arteko solasaldiaren bidez. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza Matxistaren Behatokia aurkeztuko da, ‘Pikara Magazine’-ren proiektu berriaren barruan.
Guztira, 60 pertsona baino gehiago hartuko dute parte aurrez aurre edo sare bidez, tartean EHUko ikasleak ere bai. Antolakuntzak parte-hartze aktiboa bultzatzeko dinamikak prestatu ditu, eta mahai-inguruen artean tarte irekiak egongo dira elkarrizketa informalak eta sare-lanak sustatzeko.
Biltzarrean, gainera, Lucía Martínez Odriozola Kazetaritza Feministaren II. Saria banatuko da. 300 euroko saria izango du, eta ‘Pikara Magazine’-k argitaratuko du irabazlearen erreportajea. Lehiaketaren xedea da genero-ikuspegia txertatzen duten kazetaritza eta ikus-entzunezko lan akademikoak aitortzea.
Ekitaldia Emakunderen babesarekin finantzatu da, eta Bilboko Udalaren eta EHUko Bitartez ikerketa taldearen laguntza ere badu. Jardunaldia Alicia Ramos artista eta ‘Pikara Magazine’-ko kolaboratzailearen emanaldiarekin itxiko da.
Gainera, aldizkariak urriaren 17an ospakizun berezia egingo du Bilboko Sarean espazioan, bere 15. urteurrenaren harira. Sarrerak 5 euro balioko du eta bertan izango dira Elisa Collen ‘Gloria’ bakarrizketa eta DJ Eromenaren emanaldia.
‘Pikara Magazine’ 2010ean sortu zen, eta ordutik kazetaritza feminista eta independentea egiten duen erreferente bihurtu da. Hamabost urteotan, aldizkariak urtekariak, monografikoak eta argitalpen digitalak kaleratu ditu, eta bere esperientzia eta ikaskuntzak partekatzeko konpromisoa du.