BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiak 'Warming Up' tradizionala egingo du larunbatean
Bi solairuko autobusa egun osoan ibiliko da
Datorren ostiraletik igandera bitartean Bilbon ospatuko den Festival Internacional Arte Sobre Ruedas Villa de Bilbao jaialdiak ekitaldi berezi bat jasoko du bere programazioaren barruan: BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiaren Warming Up ikuskizun ibiltari tradizionala, Bilbobuseko bi solairuko autobus turistiko batean egina.
Autobus horren goiko aldetik, Bwatzabal Band talde lokalak kaleak girotuko ditu zuzeneko musikarekin, rock-ereserki handiak interpretatuz hiriaren erdigunea zeharkatzen duten bitartean. Hala, Bilbon lehen aldiz joko du musika-talde batek zuzenean autobusa dabilen bitartean. Mugarri berezia, hiribilduko kultur agendan.
Bi solairuko autobusa egun osoan ibiliko da, eta, 19:30ean, Arriaga Antzokian hasi eta, hiribilduko Kale Nagusian barna, Plaza Biribiletik, Moyua plazatik eta Jesusen Bihotza plazatik igaroko den bi eta lau gurpileko ibilgailuen desfile handian ere izango da.
Antolatzaileek herritarrei dei egiten diete asteburu osoan Bilboko erdigunera hurbiltzera, kaleak erritmoz beteko dituen gurpil gaineko musika-proposamen berezi horretaz gozatzeko, eta motorraren alorreko zinezko harribitxiak hurbiletik ikusteko. Izan ere, Arte Sobre Ruedas Jaialditik kanpo ezinezkoa izango litzateke erlikia klasiko horiez bertatik bertara gozatzea.
Doako eta publiko guztientzako proposamen honen helburua zuzeneko musika kaleetara eramatea eta hirian giroa sortzea da, BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiaren hasiera ofizialerako egun gutxi falta direla. “Legends” jaialdia datorren asteburuan egingo da, ekainak 13 eta 14, Bilbao Arenan, eta, aurtengo kartelean, Alan Parsons Project, Blue Öyster Cult (data esklusiboa Espainian), The Dead Daisies (data esklusiboa Espainian), Lita Ford, Samantha Fish eta Errobi izango dira, besteak beste.
BBK Bilbao Music Legends Festaren eta Arte Sobre Ruedas Jaialdiaren arteko lankidetzaren bidez, ondare klasikoa goratzearen balio partekatua azpimarratzen da, bai motorraren munduan, bai musikarenean. Historia, nostalgia eta kultura elkarrekin lotzen dituzten bi unibertso, herritarrei Bilboz gozatzeko aukera paregabea eskainiz, aire zabalean irekitako agertoki handi gisa.
Arte Sobre Ruedas Jaialdian hainbat jarduera egingo dira, hala nola Nazioarteko I. Dotorezia Lehiaketa, Automobilgintza Kluben Nazioarteko II. Kongresua, Bilbo Hiria Rallya - Loizaga Dorrea, Santiago Herrero motoziklismoaren pertsonaia historikoari omenaldia, iraganeko autoentzako etorkizuneko erregai baten aurkezpen esklusiboa eta ibilgailu klasikoen eta kirol-ibilgailuen (bi eta lau gurpilekoen) erakusketa ikusgarria.
Arte Sobre Ruedas Jaialdiaren eta BBK Bilbao Music Legends Festaren arteko lankidetzak hiriko kultur programazioa indartu eta bi ekitaldien proiekzioa handituko du. Hala, milaka bisitari erakarri dituzte hirira.
BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdira joan nahi dutenek –datorren asteburuan, ekainak 13 eta 14, Bilbao Arenan– egun baterako sarrerak eta bi egunerako bonuak eros ditzakete dagoeneko, jaialdiaren webgune ofizialean.