Asko izan dira sorkuntzari hauspoa eman eta euskal kultura hartu nahi izan dutenak, eta sortzaile eta kulturazaleek bat egin dute lau egunez garatu den Durangoko Azokan. Euskal kulturaren plaza handiak ateak itxi zituen atzo eta balorazioa, nola ez, oso baikorra izan da. “Durangoko Azokak daukan zabalkundeari esker, euskal kulturgintzak lekua hartu du espazio publikoan, eta aterki horrek euskal kultura bizitzeko bidea ematen die zaleei. Kulturazaleei Durangoko Azokara etortzeko deia egin genien, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko katebegia direla aitortuz, eta egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak erakutsi digu kulturazaleak ardura hori hartzeko prest daudela”, azpimarratu zuten Gerediaga Elkartetik.
Aurrekoetan gertatu den bezala, antolatzaileek ez dute bisitarien eta salmenten daturik eman, baina azken lau egunetan euskal kulturazaleen joan-etorria etengabea izan da; bai goizez, bai arratsaldez eta zenbait momentutan eguraldi kaskarra eta desatsegina egin duen arren, behin Landako Guneko ateak gurutzatuta giro ezin hobea bizi izan da. “Kulturazaleek agertu duten nahia praktikara eramateko egiturazko espazioak ugarituko bagenitu, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango luke urte osoan zehar. Erronka hori daukagu Durangoko Azoka aurrera ateratzen dugun kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturazaleok”, gehitu zuten.
Egutegiak hala ekarrita, aurtengo azoka bost egunetik lau egunera pasatu da, eta laburragoa izan bada ere, hamaika aukera izan dira. 2024ko ia mila nobedade plazaratu ditu, denetariko gustu eta estilokoak. Hala nola, 639 liburu, 216 disko edo musika produktu, 47 aldizkari, eta bestelako 31 ekoizpen. Eta azokatik haratago guneetako programazioak ez du etenik izan eta 200 kultur ekitaldi inguru aurkeztu dira Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Kabia eta Saguganbara guneetan. “Guneetako aurkezpenak jendetsuak izan dira. Urteak dira esaten ari garela Azoka Landako Gunean hasten den arren, hori baino askoz gehiago dela, eta aurten berriz berretsi egin da. Guneetako egitarauaren irizpideak finkatu izanak euskal kulturgintza bere ertz guztiekin erakusteko bidea eman digu”, gaineratu zuten.
Hitzordu berezia
Aurtengo azokak 153 pardaide izan ditu 274 erakusmahaitan banatuta, eta hainbat idazle, musikari, editore, diskoetxe eta argitaletxek gertutik ikusi, sentitu eta bizi izan dute euskal kulturaren topagune erraldoia. “Beti beldur gara jendea ez ote den gure liburuez, diskoez eta euskal kulturaz nekatuko, baina urtero etortzen dira, oraindik ere masan eta oso pozik gaude”, laburbildu zuen Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko editoreak. “Jendetza izugarria bildu da. Autore askorekin egoteko aukera izan dugu, baita irakurleekin ere... Horretarako dira bereziki azoka egunak eta asko saldu dugu. Haur-literatura inoiz baino gehiago. Kokoak eta Mamuki batez ere, eta bestela, saiakera asko saldu da. Adibidez, Jose Angel Irigarayren Ele eta hitz, ahoz eta idatziz, lehenengo egunean agortu zen eta gehiago ekarri behar izan genituen”, gaineratu zuen Majuelok. Egunei begira, “ostirala erokeria bat izan zen, aurreko urteko egunik onena baino hobea, eta behintzat hitz egin dugun beste argitaletxe guztiei gauza bera gertatu zaie. Beraz, oso pozik, guztion zoriona delako”.
Harriet argitaletxeko Mikel Murok ere ildo beretik jo zuen. “Iaz promozio bat genuen mangari lotuta, aurten izan ez duguna, baina ostiralean, adibidez, oso ondo joan zen eta gainerako egunetan ere bai. Azokak ez du inoiz huts egiten. Ez dakit Gabonak gertu daudelako edo euskal kulturaren topagunea delako den, baina hona jendea erosteko asmoz etortzen da”, eskertu zuen.
Eta sentsazio hori nabarmendu zuten beste argitaletxe batzuek ere. “Egun bat gutxiago izatea bai nabaritu dugu baina oso pozik gaude”, plazaratu zuen Oier Etxebeste Alberdaniako kideak. Salmentei begira, “entseguak izan dute erantzunik onena”. Adibidez, Joseba Zulaikaren Aberriaren inpaseak, Mikel Reparezen Amerikaren arrakalak eta Izaskun Gracia bilbotarraren Basokoak eleberria izan dira argitaletxeak gehien saldu dituenak.
Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Erein argitaletxeak hiru hamarkada daramatza Durangoko Azokara etortzen. “Hilabete askoko plangintza gogorra egin behar izaten dugu etortzeko, baina polita da. Oso ondo joan da eta ez bakarrik salmentei begira”, azpimarratu zuen Asier Beltza Erein argitaletxeko langileak. Izan ere, irakurleekin sortzen den hartu-emana ere oso berezia izaten da eta, beste behin ere, Toti Martínez de Lezea, Jon Arretxe eta Nerea Loiolaren liburuak izan dira arrakasta gehien lortu dutenak.
Musikagintzaren sektorea ere pozik agertu zen jasotako erantzunarekin. “Orokorrean ondo joan da, larunbata eta ostirala egun potenteenak izan ziren. Egun bat gutxiago izanda ere oso pozik gaude. Esan dezakegu diskoak saltzeko kasi gune bakarra dela, eta jendeak artistekin interaktuatzeko bakarra ere”, aitortu zuen Iker Aginaga Baga Biga musika ideiak zigiliko kideak.
Irakurtzea idaztea da, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea, egotea egitea da eta 59. Durangoko Azokan argi geratu da hartzea ematea dela.