Síguenos en redes sociales:

Ane Odriozola: “Irakurleekin hitz egiteko esperientzia paregabea da”

‘El valle del hierro’ Ane Odriozolaren laugarren eleberria da, misterioz beteriko thriller historikoa

Ane Odriozola: “Irakurleekin hitz egiteko esperientzia paregabea da”José Mari Martínez

Ane Odriozola idazle gipuzkoarra 1979an jaio zen Legazpin, eta Arrasateko Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan egindako lana bere pasio handiarekin uztartzen du: istorioak idaztea. “Durangoko Azoka irakurleekin, elkarrekin egoteko eta hitz egiteko esperientzia paregabea da. Normalean idazlearen lana nahiko bakartia izaten da, baina gero horrelako azoka batean, benetan ikusten duzu zure lanak zer eragiten duen irakurleengan eta zer sentsazio dituzten. Ikaragarria da hona etortzea”, nabarmendu zuen.

2018an El secreto de Gibola, bere lehen eleberria, argitaratzea erabaki zuen, XX. mende hasierako Legazpiko errealitatea islatuz. 2020an Gibolaren historia jarraitu zuen La sombra de Gibola argitalpenarekin, eta 2021ean Conspiración en Gibola eleberriarekin itxi zuen trilogia. Egun hauetan “beti ekarri izan dudan trilogia dago eskuragarri eta, aurten, beste nobedade bat daukat”. Izan ere, El valle del hierro, bere laugarren eleberriarekin, Ane Odriozolak argitaletxe tradizionalera jauzi egin du NdeNobelaren eskutik. NdeNovela Planeta Taldearen fikzioaren zigilu berria da, eta kalitate literario handiko istorioak eskaintzen ditu, bokazio komertzialarekin.

El Valle del Hierro thriller historiko bat da. Orain arteko liburu guztiak dira thriller historikoak, baina kasu honetan denboran atzerago noa, zehazki, XVI. mendera eta aprobetxatzen dut kontatzeko nola bizi zen garai hartan, baino baita misterioz beteriko istorio bat kontatzen dut, orduan irakurlea istorioan harrapatuta egongo da eta garai hartako gauza asko ikasiko ditu”, aurreratu zuen.

Eleberria 1577ko gau euritsu batean kokatzen da. “Domingo Harria ikazkina bere baserritik atera eta Mirandaolako burdinolarantz joango da. Bertako jabeak, Plazaolatarrak, zain ditu han. Asenciak, bere emazteak, hurrengo goizean jakingo du Domingo ez dela etxera itzuli, eta alarma emango du. Ez da bailaran norbait desagertzen den lehen aldia; ezta azkena ere”.