Pronostikoetan Nerea Ibarzabal zen 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazteko faborito nagusia, 2021ean ere bera galendu zenez gero. Ia lau orduko saio zirraragarriaren ostean epaileek txapela bigarrenez eman zioten arren, markinarraren eta gainerakoen arteko aldea txikia izan zen. Bakoitzak mila puntu baino gehiago batu zituzten arren, Ibarzabal lehenengoaren eta Jone Uriaren arteko diferentzia zazpi puntu eta erdikoa baino ez zen izan, 1.036,5 eta 1.024 puntu, hurrenez hurren.

Buruz burukoan, Ibarzabal eta Uriaren ordez, Xabat Galletebeitia (616,5), Gorka Pagonabarraga (609), Onintza Enbeita (607) edo Oihana Bartra (606,5) ikusi izan bagenitu ere, bertsozale gutxi harrituko ziren. Sailkapenean atzerago amaitu zuten Aitor Etxebarriazarragak (556,5) eta Aissa Intxaustik (550), baina hauek ere izan zuten tartea euren arrastoa uzteko zenbait bertsoalditan.

Bazkalosteko nagiagatik edo kanpoko hotzagatik, berotzea kostatu zitzaien Bilbao Arenan batutako ia 4.500 zaleei, baina saioak aurrera egin ahala, kiskaltzeko moduko giro sutsua sortu zuten. Zortziko handiko ariketa oharkabe samar igaro zen, bertsolari bakoitza lekua hartzen aritu zen. Zortziko txikian hasi zen publikoa esna-tzen, umorezko ateraldiek xaxatuta. Onintza Enbeita egurrean ibili zen ariketa horretan. Xabat Galletebeitia kantukideak, aurten, Enbeitari loteriarik ez erostea erabaki zuen, eta tokatu egin zen. Lekeitiarraren damuzko berba politen aurrean, hala bota zion Enbeitak: “Nik txuleta jango dut, ta zuk zure hitzak”. Ondoren, “loteria polita, gordoa benetan / baina ez naiz jausiko, zure eskuetan”.

Puntu erantzunetan denetarik egon zen, tartean Jone Uriaren potoa, baina hori ez zuen traba izan buruz burukorako bidean. Adimen artifizialaren gaiarekin Oihana Bartrak emandako erantzunak ederrak izan ziren. Hamarreko txikian, Intxaustiren eta Enbeitaren artekoa gogoz txalotu zuen publikoak eta Bartrak eta Pagonabarragak izandako trukea ere dotorea izan zen. AHTren lanak hasi baino lehen, Pagonabarragaren baserrira joan zen Bartra argazkilaria, eta, urte askoren ondoren, berriro itzuli zen. Inguruaren gainbehera zehaztasunez azaldu zuen durangarrak puntuz puntu eta bilbotarrak hala erantzun zion: “Nahiz pertsonala den, zuk duzun trantzea / guztion ardura da, hau enkuadratzea”. Argazkilaritzako terminoekin Bartrak egindako hitz jokoak goi mailakoak izan ziren.

Bakarkakoa zen kale edo bale egiteko azken ariketa, eta igarri zen zortzi finalistak ordurako berotuta zeudela. Xabat Galletebeitia gazte friki baten azalean jarri zuten, eta ikaskideen jazarpenari hala kantatu zion: “Gero ez etorri nire hiletara, negar batean chavales / bere sutea begiratzera, doan piromanoa lez”. Oihana Bartraren bertsoak ere oso txalotuak izan ziren, lo egiteko pilulak hartzen dituen gaztearen ahotik: “Guztia dela estresa, mina ta antsietatea / ia-ia mirari bat da, zoriontsu izatea”. Uriari, ostera, artisten adierazpen askatasuna defendatzea egokitu zitzaion, pailazoaren begiradatik, arratsaldeko bertsoaldirik txalotuenetako batean: “Nahiz soilik batzuek jan-tzi, sudur gorri eta margo / gure gizarte honetan, pailazo gehiegi dago”.

Saioak goia jo zuela zirudien, baina bi onenen arteko buruz burukoa falta zen artean. Hor ere, publikoak gozatu egin zuen. Uria heldu zen azken fase horretara aurretik, gutxigatik. Nerea Ibarzabalek buelta eman zion, beraz, azken unean. Zortziko txikian, Uria igarlea zen, eta Ibarzabali esan zion bezperan hil behar zuela, baina ez zuen asmatu. “Bueltaidazu dirua, edo eman tiroa”, esan zion markinarrak; algortarrak, segituan: “Ezin dizut itzuli, hutsa daukat poltsa / herenegunerako, zen nire herio-tza”. Seiko motzean ere bizi ibili ziren, orain dela hogei urteko finalean agertu ziren zale biren azalean. Azkenik, ganbaran, hauxe gaia: “Kasualitate hutsa izan zan, baina, orain, inoiz gertatu jatzun onena dala uste dozu”. Ibarzabalek bikotekidea taberna batean aurkitu zuenekoa kontatu zuen. Istorio harrigarria eraikita, dibortziatu egin zirela, baina, urteak pasatuta, euren arteko adiskidetasunari eutsi diotela kantatu zuen markinarrak. Hala biribildu zuen lana: “Urezta-tzeko kaktusak, garbitzeko leiho ertzak / pozik prestatuko nuke, jardin eder bat zuretzat”. Uriak matematika ikastea erabaki zuenekoaz kantatu zuen: “Edozeinek ez du lortzen, pozik joatea lanera”.

Berdintasuna nagusi izan zen saio guztian zehar, zaleen gozamenerako. Batek irabazi behar zuen, baina, eta Ibarzabalen alde egin zuten epaileek. Begoña Iturrizak, orain dela ia mende erditik bertsolaritzan eragile izan den aitzindariak, jantzi zion txapela irabazleari. Era horretara, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen 40. urteurrenean, inurri-lanean eta isil-isilik ari diren eta aritu izan diren guztiak omendu zituzten. Bestetik, finalista guztiek jaso zuten Unai Gaztelumendik egindako marrazki pertsonalizatu bana.

Agurren tartea, behin ariketa puntuagarrien zama atzean utzita, aldarrikapenerako erabili zuten bertsolariek. Publikoak hauspotuta, mezu indartsuak zabaldu zituzten denek, gorputz eredu guztien, zerbitzu publikoen, eredu ekonomiko bidezkoagoen zein euskararen alde, besteak beste. Txapela Nerea Ibarzabalek jantzi zuen, baina Jone Uria bigarren sailkatuak agurrean nabarmendu zuenez, zaleek bertsolari guztiei berdin egiten diete txalo. Azkenean, denak saridun eta, irabazle nagusia, Bizkaiko bertsogintza. l

Puntuazioak

Nerea Ibarzabal 1.036,5

Jone Uria 1.029

Xabat Galletebeitia 616,5

Gorka Pagonabarraga 609

Onintza Enbeita 607

Oihana Bartra 606,5

Aitor Etxebarriazarraga 556,5

Aissa Intxausti 550