Finalistak prest daude Miribillako erritualari ekiteko, urte birik behin Bilbao Arenako oholtzak dakartzan gozamena eta sufrimendua berriro ere bizitzeko. 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean, zapatuan, zortzi bertsolari izango dira, zortzi hautagai txapela irabazteko, onena emateko grinaz: Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti. Zaleentzat ere, egutegian nabarmendutako eguna izango da, antolatzaileek 4.600 ikusle inguru espero baitituzte.

Pandemiaren erruz 2020tik 2021era atzeratutako edizioa “arraroa” izan zela aitortu dute bertsolariek, salbuespenezkoa ia. Horregatik, larunbateko zortzi protagonistek Bilbao Arenan bertan egindako aurkezpenean, behin eta berriro aipatu dute gozatzeko eta gozarazteko asmoa. Aurrekoan baino “ekipo sentsazio” handiagoa sumatzen du Xabat Galletebeitiak aurtengo zortzikotean. Lekeitiarraren helburua zera izango da, urte batzuk barru “gogoratzeko moduko bertsoren bat uztea”; zaleek gogoratu ez arren, norberak luzaroan oroimenean gordetzeko modukoa, behintzat. Hari horri tiraka, gainerako finalistek ere aipatu dute arrastoa uzteko nahia.

Nerea Ibarzabalek, 2021eko txapeldunak, aurreratu du prest dagoela “tripa, larru eta bihotza jartzeko, gu baino handiagoa den honen alde”. Izan ere, txapela berriro irabaztea, parte batean, zoriaren menpe dagoela iritzita, kolektiboaren indarra azpimarratu du markinarrak, bereziki, zortzi finalistek osatzen duten multzoan: “Elkarregaz nagusitu den taldea gara”.

Finalisten talde horretan luzaroen dabiltzanak Jone Uria eta Onintza Enbeita dira. Urteotan bizi izan dituzten aldaketa guztien artean, deigarriena emakumeen kopuruarena da: lehen salbuespena izaten ziren finaletan, baina, zapatuan, gizonak baino gehiago izango dira. “Bost emakume gara, bost gorputz, bakoitzak bere marka dauka”, nabarmendu du Enbeitak. Finalean kantatzeko “ilusioa berreskuratu” du muxikarrak horri esker, “aldaketa agertokitik bizitzeko”. Jone Uria ere baikor dago, baina ez erlaxatzeko eskatu du, “oraindik lana badago”.

Gorka Pagonabarragarentzat lehenengo finala izan zen 2021ekoa, baina ez zen konforme geratu, “finala gainetik pasatu zitzaidala sentitu nuen”. Horrek eragindako zalantzak alboratu ahal izan ditu aurtengo finalean sartuta, “autoestimuarentzat erregalua izan da”. Aitor Etxebarriazarragak ere aurreko edizioan ezagutu zuen Miribillako oholtza, eta berriro sailkatu izana egonkortzearen seinale dela dio. Oihana Bartrak ere bigarren finala du, baina bederatzi urte igaro dira aurrenekotik. “Ez nuen uste hainbeste poztuko nintzenik berriro finalean sartzeagatik”, adierazi du bilbotarrak.

Aissa Intxausti da finalean lehenengoz arituko den bakarra. Udaberriko kanporaketetan hasita, bide luzea egin du Bilboraino. Azaldu duenez, udazkeneko fasean sartu zenean hasi zen bere buruari helburu zehatzak jartzen, pausoz pauso joateko asmoz: “Finalaurrekoak ziren helburua, eta lanak emaitza onak eman ditu”.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 40 urte bete berri dituenez, urteotan guztiotan egindako lana gogoan hartu nahi dute, Elkarteko buru Belate Olabarriak adierazi duenez. Hartara, Begoña Iturriza Zabala aitzindariak jantziko dio txapela zapatuko irabazleari. Elkartearen sorreran parte hartu zuen eta oraindik ere laguntzen aritzen da. “Pozik eta harro” hartu du ardura.

Betidanik bertsozalea izan da Iturriza, Santutxuko Bertso Eskolan zein Bizkaiko Elkartean aritu da, baina, horiek baino lehen, Xabier Amurizak ereindako hazia ezinbestekoa izan zela azaldu du: “Lehenengo txapela irabazi zuenean [1980an], urrats handia izan zen, bertsotan aritzeko modu berri bat ekarri zuen”. Hasiera hartan, emakumeek bertsotan egiteko “girorik” ez zegoela dio, “zorionez, urteak ez dira alferrik pasatzen”.