Marabilli Festibala aurrenekoz ospatuko da pandemia eta gero. Aurrenekoz eta azkenengoz. Antolatzaileek azaldu bezala, Ondarroan jaio zen ekimenak ez du berriz jaialdi formatua hartuko, eta, aurrerantzean, urtean zehar egituratuko diren ekitaldi txikiekin jarrai lezake. Baina horrela izan baino lehen seigarren edizioa ospatuko dute, ekimena merezi duen duintasunez agurtzeko, urriaren 6an eta 7an. Izan ere, aurreko edizioetan parte hartu duten sortzaileak puntakoak izan dira kasu guztietan. “Marabilli festibal atipikoa izatea lortu dugu. Artistak parte hartzeko irrikitan daude eta guretzako plazera da”, adierazten du Josu Eizagirrek, Manuelistak kultur elkarteko kideak. Besteak beste, Fermin Muguruza eta Arantza Santesteban zine zuzendariak, Amets eta Maddalen Arzallus bertsolariak, Joseba Sarrionaindia idazlea edota Viva Belgrado eta Belako taldeek parte hartuko dute. 

“Pandemiatik gero talde lana aldatu egin da eta ez daukagu erreleborik, gehiago kostatzen zaigu honelako ekimen bat aurrera eramatea”, argitzen du Eizagirrek, antolakuntza profesionalak ez diren lagun talde batek eratzen duela gogoratu ondoren. Hori izan da, hain zuzen ere, festibala egiteari uzteko erabakiaren arrazoi nagusia. “Bueltatuko gara, baina beste formatu batekin. Beharbada urtean zehar zerbait eginez, gauza txikiagoak”, argitu du Manuelistak taldeko kideak. Ekimena 2012an jaio zen, urtebete lehenago zendutako Aitzol Aramaio Ondarroako zine zuzendariari gorazarre egiteko asmoz. “Aitzol hil zenean blokeatuta gelditu ginen, baina argi geneukan zerbait egin nahi genuela bere omenez”, adierazten du Eizagirrek, Un poco de chocolate edota Terminal lanen arduradunaren lagunak. Hainbat buelta eman ondoren, kultur disziplina guztiak barne hartzen zituen sormen festibal bat antolatzea erabaki zuten. Erantzuna harrigarria izan zen: Marlango, Toti Martinez de Lezea, Alex Angulo, Ruper Ordorika, Maialen Lujanbio edota Mikel Urdangarin izan ziren lehen edizioan.

“Marabilli festibal atipikoa izatea lortu dugu. Artistak parte hartzeko irrikitan daude”

Josu Eizagirre - Manuelistak taldeko kidea

“Urte batzuetan indar gehiago izan du musikak; beste batzuetan, antzerkiak. Sortzaileekin eta sormenarekin jolasten joan gara”, argitzen du Manuelistak taldeko kideak. Edozein kasutan ere, ardatz bat izan dute helduleku. “Aitzol zen bezalakoa eta baita gu ere nolakoak garen kontuan izanik, espiritu kritikoarekin egituratu dugun festibala da Marabilli”, baieztatzen du Eizagirrek, gauzak egiteko modu asko daudela aldarrikatzeko parada ere aprobetxatzen dutela gaineratu ondoren. Horrela, aurten euskarak eta emakumeek izango dute presentzia nagusia eta queer munduari ere keinu egingo zaio. “Marabilli hori da: momentuan gure inguruan gertatzen diren gauza guztiak hartu eta plataforma sortu sorkuntzari leiho bat irekitzeko”, ziurtatzen du Eizagirrek irabazi asmorik gabe ekimenaren inguruan.

Egitaraua

“Aurtengo ediziotik dena azpimarratuko nuke”, dio Eizagirrek festibalaren inguruan. Aperitiboa irailaren 29an hasiko da, Yolanda Eizagirreren argazki erakusketa batekin. “Aurreko edizioetan zehar egindako argazkiak erakutsiko dira, hemendik zenbat jende pasatu den eta egin dugun guztia gogoratzeko”, azaltzen du. Jaialdia, berez, urriaren 6an hasiko da. Orduan, Fermin Muguruzak eta Arantza Santestebanek euren sekuentzia kuttunenak aurkezteko saiakera egingo dute. “Marabillik marka modura sortu duen 10 minutuko hitzordu garrantzitsua ere ospatuko da. Sortzaileei 10 minutu emango dizkiegu euren sorkuntzei buruz hitz egiteko. Maite duten hori azaltzea gauza ederra izaten da”, iritzi du Manuelistak taldeko antolatzaileak. Amets eta Maddalen Arzallus bertsolariak, Asier Altuna zinemagilea, Iker Sanchez orkestra zuzendaria, Irati Bilbao Aranzadiko arkeologo gaztea edota Ainhoa Moiua antzezlea izango dira.

Hurrengo egunean Joseba Sarrionaindia idazlea Mielanjel Elustondo kazetariarekin arituko da berriketan. Zine galan hainbat sari jaso dituen Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie filma proiektatuko dute. Gauez, berriz, Tapia eta Leturia, Viva Belgrado eta Belako taldeek joko dute. Eizagirreren esanetan, “ez da lan makala horrek denak batzea, denbora asko ematen du. Baina meritua haiena da, hona etorri nahi izateagatik”. Sei edizio hauetan zehar nazioartean eta Euskal Herri mailan puntakoak diren egile eta artistak gonbidatu dira, baina herritarrek ere leku nabarmena hartu dute. “Beste gauza batzuk gehitzen joango gara, herriko talde askok parte hartzen dute. Oraindik ez dago dena zehaztuta, baina artisau azoka bat ere ospatuko dugu”, aurreratu du Eizagirrek.