Apirilaren 28an eta 29an, ostirala eta larunbata, Andrés Limak zuzendutako Todas las canciones de amor izeneko obra helduko da Bilbora. Bertan, Arriaga Antzokian konkretuki, egongo da Eduard Fernández aktorea, Santiago Loza idazle argentinarraren testu batean oinarritzen den lan hau bakarka antzezten.

Todas las canciones de amor emakume batek bidaia aparteko, eder eta izugarri baten amaieran, hau da, bizitzaren amaieran egiten duen hausnarketa emozionala da. Eta bizitzaren egunerokotasun horretan mamitzen da emakume bati egiten zaion omenaldia, ama bati, zeinak bizitza besteak zaintzeari eskaini baitzion, oheak egiteari, maindireak tolesteari, sukaldean aritzeari, harrikoa egiteari, erratzez garbitzeari, maitatzeari, isiltzeari… Emakume horrek bere sukaldetik hitz egiten digu, eta bertan bere oroitzapenak eta barne-mundua, bere maitasun-kontuak, bere senarra, bere semea, bere maitasunezko abestiak pintatuko ditugu.

Ikuskizuna popularra da, sakona, polita, eta bihozberatasun eta umore handikoa. Dramaren eta komediaren artean dabil, bizitzaren eta heriotzaren artean, maitasunaren eta ahanzturaren artean. Emakume batek bere bizitzan zehar egindako bidaia ikusiko dugu; emakumeak hitz egiten du bere semeaz, eta hemen, hein handi batean, Fernández bera da semea. Dena den, obrak emakumearen bidaia zentzu poetikoan proposatzen du, pixkanaka oroimena galduz doala eta ezerezerantz doala. Begien bistakoa da istorioak aktoreak berak bizitakoarekin duen lotura (ama Alzheimerrak eragindako endekapen-prozesu baten ondorioz hil baitzitzaion). Baina aktorearekin zerikusia du ere, oroimena galtzeagatik, eszenatokian galduta bezala geratzeagatik, zer esan ez dakiela geratzeagatik… oso teatrala da eta, aldi berean, oso ederra.

Proiektuari buruz

Eduard Fernández eta Andrés Lima duela 25 urte baino gehiago aritu ziren elkarrekin antzerkian Pinter batean, Retorno al hogar obran bi anaiarena egiten. Aspalditik nahi zuten elkarrekin antzezlan bat prestatu, eta egitasmoa Eduardek Andrési deitu zionean hasi zen zehazten, Eduardek liluratu zuen testu bat aurkitu baitzuen Argentinan, Santiago Lozaren bakarrizketen artean: Todas las canciones de amor. Gustatu zitzaion izenburuak maitasuna hitza izatea, eta baita garai guztietako eta gure kulturako maitasunezko 5 abesti aukeratzeko erronka ere. Protagonista emakumea zen, ama bat. Eduarden ama Bartzelonan hil zen 2020an, pandemiaren eta Alzheimerraren ondorioz, eta aktorea ezin izan zen haren ondoan egon agur esateko. Beraz, Eduardek testuak dei egiten ziola sentitu zuen, Andresi bidali eta lanean hasi ziren. Hasteko, Alzheimerrari begiratu zioten, ez hainbeste gaixotasun gisa, baizik eta ahanzturarako igarobide gisa dakarrenari erreparatuz. Pertsona horien oroitzapenik zaharrenak azaleratzen diren heinean, oroitzapen berrienak galtzen doaz. Obra honen bidez, amak bizitzaren ahanzturari buruz eta heriotzarekiko topaketari buruz egindako bidea egin nahi da. Antzezlana, bizitza amaitzen denean egiten den bizitzaren ospakizunaren esplorazio bat da.

Egilea bera, Santiago Loza, Espainiara joan zen eta Fernándezekin eta Limarekin elkarlanean aritu zen dramaturgia eraikitzen, testua berridazten —Eduarden historiara egokitzeko eta hurbiltzeko—, amarekin izandako bizipenen pasarte batzuk gehituz.

Haiek jartzen dituzten osagai batzuk

Todas las canciones de amor-en kasuan bezala, eszenan aktore bakarra dagoenean, bestelako osagaiek laguntzen diote kontatzen den istorioari. Eszenografiak, adibidez, mapping tekniken bidez egindako sukaldea erakusten digu, etxe batekoa eta, horri esker, sukaldeko espazio fisikoa espazio mental bat balitz bezala ere erakusten da; ama sukaldean barrena mugitzen da, bere buruan sartzen gara, eta harekin batera goaz mundu arrotzetan, bere bizipenetan, oroitzapenetan eta abarretan barrena. Musika ere azpimarratzekoa da. Todas las canciones de amor izenez, antzezlanak Eduard Fernándezen haurtzarora eta bere amaren oroitzapenera hurbiltzen gaitu, bere haurtzaroa eta bere belaunaldiko pertsona ugarirena markatu zuten abesti guztietara.