Musika jaialdietara joaten al zara?

Joan izan naiz, baina ez; nahiago ditut kontzertu solteak, formatu txikiagoak.

Festibalek mistizismo puntu bat mantentzen dute.

Uste dut indarguneetako bat hori dutela, oraindik ere lotzen direla, ez dakit modu justifikatuan edo gabe, horrelako mito fundazional batekin, eta mantentzen dutela aura hori. Beraiek ere mantentzen saiatzen dira transgresio-aura arriskutsu hori eta musikaz harago doan beste zerbaitekiko lotura.

Badirudi, ordea, musikak gero eta garrantzia txikiagoa duela musika jaialdietan.

Horrela esango nuke nik. Hau irakurrita, norbaitek defendatu dezake bera kontzertuak ikustera joten dela jaialdietara. Jakina, kontzertuen eskaintza festibaletan garrantzitsua da eta eskaintza bera interesgarria izan daiteke. Aldi berean, musikazaletasuna ere hor dago. Baina, esango nuke, jaialdi horiek ez direla existitzen emanaldi horiengatik. Alegia, geroz eta gehiago, badagoela publiko festibalero bat, emanaldiak hainbeste inporta ez zaiona. Jaialdiak existitzen baldin badira eta duten indarra, tamaina eta protagonismoa baldin badute, ez zait iruditzen musika emanaldiengatik denik. Beste arrazoi batzuengatik sustatu izan dira.

Jaialdiak ‘on’ eta ‘txar’ kategorietan bereizi genitzake?

Jaialdi batzuk gauza zenbait eskaintzen dituzte eta beste batzuk bestelakoak. Hori garbi esan daitekeela esango nuke. Bakoitzak erabakiko du zeintzuk diren onak eta zein-tzuk txarrak. Liburuan ez dut horretan bereziki sakondu, baina musikazale naizenetik uste dut formatu ba-tzuk askoz egokiagoak direla beste batzuk baino. Gero, bada gehiago aztertu beharko litzateken zerbait: ezberdinen arteko harremanetan oinarritzen den alderdi kulturala, esperientzia komunitarioak bilatzen dituena eta giza beharrak asetzea bilatzen dituena. Esango nuke, jaialdi batzuk beste batzuk baino hobeto zaintzen dutela hori.

Mito fundazionalaren ideia aipatu duzu. Kontrakulturaren magalean jaio ziren mundu anglosaxoian musika jaialdiak. Gaur egun, ordea, Woodstock-ek suposatu zuenaren paradigma “agortua” dagoela diozu saiakeran.

Woodstock aipatzen da beti, baina beste batzuk ere izan ziren. Paradigma horri erantzuten zion ikusmolde bat, non pentsatzen zen esperientzia komunitarioak alienazioaren aurkakoak zirela, ordena apurtzeko gazteen bilkura zirela... Gaur egun nekez esan genezake horrelakorik. Eredu hori agortuta dago eta jaialdiek ez dute horrelako asmorik, batez ere, gailendu diren festibalek. Gerora ospatuko zen Woodstockek berak ere ez zuen horrelako asmorik izango.

Kontrakultura hark oihartzunik izan zuen Euskal Herrian ere. Esperientzia komunitarioaren eta euskal identitatea sortzearen bidetik etorri ziren Ez Dok Amairuk sortutako ‘Baga biga higa sentikaria’ beste hamaika jaialdirekin batera. Aurrerago, ‘Rock radical vasco’ delakoa ere iritsi zen...

Euskal Herrian formatu hori probestu zen, erabat txikituta zegoen garaian euskal identitatea eraikitzeko. Oso eraginkorra izan zen bide horretan eta inertzia horrek urte luzez jarraitu du. Ez Dok Amairuko garaian hasi zen hori, baina 80ko hamarkadan eta, gaur egun oraindik ere, modu batean ala bestean, eusten zaio musikaren eta euskaltasunaren arteko harreman horri.

Garai horiek ez al daude gaur egun idealizatuta?

Bai, ados. Noizean behin titularren bat agertu ohi da, norbaitek “Ez Dok Amairu berri bat behar dugula” esanez. Kasu horietan ez dakit zenbateraino esan dezakegun paradigma hori ere agortua dagoela, baina formula zaharrak bere horretan berriro erabiltzen saiatzea ez da askotan eraginkorra izaten. Askotan euskal kulturari horrela begiratzen diogu; Ez Dok Amairuri, Rock Radical Vasco-ri eta antzeko mito horiei behin eta berriz erreparatzen diegu, horiekin konparatzen gara... Gaur egungo musika proposamenei mesede eskasa egiten dietela uste dut, nekez lortuko duten zerbaiten eskean gabilzkielako.

Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdiaren inguruan aipu bat jaso duzu, berau ez dela “kontsumi-tzen”, “eraiki” egiten dela.

Gakoa hor dago, ez bakarrik festibaletan. Kultura ezin da kontsumitu, sortzen den zerbait da. Eta horrela izan ezean, ikuskizunetik gehiago izango du kulturatik baino.

Euskal Herrian hainbat makro-jaialdi gailendu dira: BBK Live Bilbon, Azkena Rock Gasteizen, Donostia Festibala Donostian eta Festival Santas Pascuas Nafarroan. Horiek guztiak enpresa berberak antolatzen ditu: Last Tour Internationalek.

Euskal Herriaren kasuan Last Tour da nabarmendu beharrekoa. Atzerrira begira, Live Nation aipatu beharko genuke. Ikusteko dago ea Live Nation gure eremuan ere sartuko ote den; iaz egin zuten lehen saiakera. Gurean, Last Tour da nagusi, Hego Euskal Herrian baditu hainbat jaialdi propio eta gero eta euskal talde gehiagoren managementa kudeatzen dute. Hain zuzen ere, aste honetan bertan iragarri dute Herrian izeneko jaialdia antolatuko dutela Bizkaiko zenbait herritan. Kezkatu egiten nau etorkizunean horrek zer ondorio ekarriko dituen. Horrelako monopolioak ez dira onuragarriak izaten inolako alorretan. Enpresa bakarrak horrelako indarra bereganatzen duenean, erakundeen tentakulu modukoa bilakatuko ez ote den pentsatu ohi dut, haien beharrak asetzeko.

Jaialdi hauetan, Last Tourrek finantziazio publikoa jasotzen du, baita pribatua ere, Kutxabanken bidez.

BBK Live-n kasua izango da, agian, ezagunena. 1,4 milioiko laguntza publikoak jaso izan ditu, aurrekontuaren %20aren bueltan. Instituzio publikoek finantzatzen dute, baita banku pribatu batek ere, bestelako marka pribatuekin batera. Badago lotura bat. Beraien zenbait asmo lortzeko jotzen dute Last Tour-engana erakundeek, eta BBK Live beraien buque insignia bihurtu da, dudarik gabe.

Eta zeintzuk dira asmo horiek?

BBK Live-n kasuan, atzerriko begiradak erakarriko dituen ekitaldi erraldoi bat izatea, turistak erakar-tzeko eta Bilbo, Bizkaia eta Basque Country markak munduan koka-tzeko. Helburu horren mesedean egiten du lan Last Tour-ek eta instituzioak dira hori bilatu dutenak.

Saiakeran ‘Guggenheim efektua’ hizpide duzu, BBK Live horren baitan kokatzen al da?

Bai. Guggenheim inauguratu zenean umea nintzen. Iaz 25 urte bete zituen eta faltan bota nuen haren inguruko eztabaida. Bere garaian eztabaida handia sortu zuen proiektuak, ekartzea komeni ote zenaren inguruan asko hitz egin zen. Azkenean hortxe dugu, eta Guggenheimen inguruko kontakizun positiboa gailendu egin da une honetan. Esan beharrean gaude, gaur egungo kultura eredu horrek paradigma horri erantzuten diola. Nolabait esateko, Guggenheimek inauguratu zuen aro berri hau, eta testuinguru horretan musika jaialdiak ezin hobeki txertatzen dira, ikuspegi beraren ondorio direlako.

Euskal kulturari erreparatu beharrean kanpoan zabaldu nahi den ‘Basque’ marka horri erantzuten dioten proiektuak dira, beraz.

Horretarako ekitaldi piloa antola-tzen dira eta festibalak ere horien artean daude. Berdin hitz egin genezake Frantziako Tour-aren etorreraz, pelikulak filmatzeko laguntzez eta abar. Ahalik eta ekitaldi gehien antolatzea, bisitariak erakartzeko asmoarekin. Azpimarratzekoa da, ordea, kultura ulertzeko modu jakin horrek hiria bera nola baldintzatzen duen ere. Kultura arima litzateke, eta horrek gorputza nola aldatzen duen, hau da, hiria. Ez naiz zuri-beltzez ari eta, noski, garai bateko Bilbo industrialarekin alderatuta, garbiagoa eta distiratsuagoa izango da oraingoa, eta alderdi positiboak izango baditu ere, gaitzak ere baditu.

2016ko Donostiako Kultur Hiriburutza ere aztertu duzu ‘Su festak’ liburuan. Hura ere kultura uler-tzeko koordenada hauetan garatu al zen?

Zalantzarik gabe.

Instituzio publikotik eratorritako zerbait izan zen, ordea.

Komentatu ditugun musika jaialdiak pribatuak dira, baina ezin uler daitezke babes publiko garrantzitsurik gabe. Administrazioen aldetik horrelako jaialdi erraldoiak antolatzeko asmo kontzienterik ez balego, ez lirateke bideragarriak izango. 2016ko Donostiako kultur hiriburu-tza Guggenheimen paradigma berean ulertu behar dugu: kultura, garapen urbanistikorako erreminta gisa hartzea, inbertsioak eta turistak erakartzeko lanabes bezala. Kulturaz ari gara eten gabe, baina hor kulturak ez du tokirik.

Kultura non geratzen da, orduan?

Kultura nahikoa alboan geratzen da. Bere benetako funtzioa betetzeko moduko kultura herrikoia garatzeko zailtasun askotarikoak daude. Ikuskizunak zientoka ekartzen dira, baina modu kolektiboan sortutako egitasmoek zailtasun handiak izaten dituzte.

Badirudi kapitalismoak irentsi egin duela kontrakultura.

Auzi interesgarria iruditzen zait garai bateko kontrakulturatik zer salba genezakeen aztertzea. Epilogoan aipatu dut neoliberalismoak gehiegizko erantzuna eman ziola kontrakulturari eta, gainera, okerra. Aldarrikapen horiek itxuraz asetzen ditu, baina praktikan ez da horrela izaten. Gaur egungo panoraman, krisi klimatikoak gure zutabeetako bat izan beharko lukeenaren honetan, zer pentsatua ematen digu; agian beste kontrakultura bat behar dugu, aldarri horien muina mantenduz beste erantzun bat ematen ahal duena. Kapitalak berezkoa du moldatzeko gaitasuna, eta horri iskin egitea zaila izan ohi da. Bulkada berrien beharra badago.

Epilogoan aipatzen duzu Rock Radical Vasco etiketapean sortutako talde batzuk, La Polla edo Hertzainak, esaterako, Last Tour Internationalekin bukatu dutela. Baita azken urteotako fenomeno -antza- kontrakultural batek ere, Chill Mafiak.

Badirudi Chill Mafia eta Zetak oso proposamen kontrajarriak direla –haien arteko beef-a ere izan zuten–, baina biek dute lekua Last Tourren eta bere zigiluan, Oso Politan. Marka horiei eta musika festibalei transgresio-kutsu hori mesedegarri zaie, beti behar dute transgresio gehiago, jakina, beraien egiteko moldeak zalantzan jartzen ez dituzten bitartean. Esango nuke, momentu honetan kasik ez dagoela ezer egiterik marka horietatik kanpo. Hortxe bukatu dute, baita Hertzainak batek eta La Pollak.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Ez naiz bereziki optimista. Maila globalean, sektorean monopolioak handitzen ari direla iruditzen zait; baita Euskal Herrian ere. Iaz Live Nation hemen sartzekotan izan zen. Javier Arnaiz, Mad Cooleko zuzendaria euskalduna da, eta inoiz aipatu izan du baduela hemen zerbait egiteko gogoa. Inbertsio funtsak ere hasi dira festibaletan sartzen. Hemengoak badirudi kontrolatuagoak daudela, baina batzuetan Euskaltelekin gertatutakoaren antzeko zerbait etorriko dela sentitzen dut, hau da, finantziazio publikoa erruz jaso ondoren, bat-batean, egitasmo horiek erabateko pribatizazioan eroriko direla. Joera hori izango dela uste dut. Bada garaia honi guztiari buelta batzuk emateko.