Síguenos en redes sociales:

Felip Pedrellen omenezko errezitala jasoko du Arriaga Antzokiak

Datorren asteartean, urtarrilak 17, ekitaldi berezia jasoko du Arriaga Antzokiak. Hala, arratsaldeko 19.30etik aurrera, Joan Martín-Royo baritonoak eta Rubén Fdez. Aguirre pianistak omenaldia egingo diote Felip Pedrelliri, kontzertu bat eskainiz. Emanaldi hau Arriaga Antzokiak 2023ko lehen seihilekoan piano eta ahots formatuan eskainiko dituen sei kontzertuetako lehena izango da.

Emanaldi honetan, Martín-Royok eta Fdez. Aguirrek ikusleak hain ezaguna ez den konpositore alderdi horretara hurbildu nahi dituzte eta, zehazki, ahots eta pianorako abestien konpositore gisa egindako lanera. Errepertorioan, frantsesezko, katalanezko eta gaztelaniazko abestien askotariko sorta egongo da.

Felip Pedrell i Sabaté (Tortosa, 1841eko otsailak 19 – Bartzelona, 1922ko abuztuak 22) hil zeneko mendeurrena bete zen 2022an. Funtsezko pertsonaia da Espainiako musikan eta, garrantzi itzeleko musikologoa den arren, ez da oso ezaguna (ez goraipatua) konpositore gisa, jarduera hori bigarren mailan geratu baita. Izan ere, Pedrellek lehentasuneko tokia du Espainiako musikaren munduan pedagogo eta musikologo gisa egin duen lanagatik. Espainiako iragan musikala ezagutzeko funtsezko ekarpena egin zuen, eta hari zor zaio, besteak beste, Tomás Luis de Victoriaren obra osorik argitaratu izana. Espainiako musikologia modernoaren sortzailea da, eta musika-kantutegiaren egile (folklore-musikaren esparruan egin zituen ikerketa-lanen bilduma historikoa). Gainera, musikagile ospetsu askoren maisu izan zen, hala nola Albéniz, Granados, Gerhard, Turina eta Fallarena. Ondo merezitako omenaldia jasoko du, beraz, Felip Pedrellek datorren asteartean Arriaga Antzokian.

Lied Arriagan zikloa

Joan Martín-Royoren eta Rubén Fdez. Aguirreren kontzertua Arriaga Antzokiak ziklo horren baitan programatutako sei kontzertuetako lehena da. Hurrengoa otsailaren 14an izango da, eta Xavier Sabata kontratenorrak eta Francisco Poyato pianistak Winterreise interpretatuko dute. Hilabete geroago, martxoaren 21ean, Natalia Labourdette sopranoaren eta Victoria Guerrero pianistaren txanda izango da, beren Petite Mort-ekin.

Apirilean, zikloak bere jarduerei helduko die berriz, Vanessa Goikoetxearen eskutik. Sopranoak, Rubén Fdez. Aguirre pianoan duela, omenaldia egingo dio Isasiri, Isasi, Bilbao-Berlín izeneko errezitalean. Bosgarren proposamena maiatzaren 23an izango da, eta Schumannen musika interpretatuko dute Anna Alàs i Jové mezzosopranoak eta Aurelio Viribay pianistak, zehazki, Heinrich Heineren poemetan oinarritutako Lieder, op. 24 zikloa eta Zwölf Gedichte von Justinus Kerner, op. 35 zikloa (Justinus Kerne).

Azkenik, Lied Arriagan zikloari amaiera emateko, David Alegret tenorrak eta Rubén Fdez. Aguirre pianistak Josep Carner egile katalana gogoratuko dute Carneriana izeneko kontzertuarekin. Ekainaren 13an izango da hori.