Ukrainiari bideratutako “Focus Ucrania: Once I Was a Filmmaker, Now I Am a Soldier” [Una vez fui cineasta, ahora soy soldado / Behin zinemagilea izan nintzen, orain soldadua naiz] izeneko programa berezi bat eskainiko du egun hauetan Bilbon ospatzen ari den ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Larunbat honetan goizean, ekitaldia aurkeztu egin da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan.
Topaketa hau Jaialdiak antolatu du Ukrainian Instituterekin, Ukrainako Kanpo Arazoetako Ministerioaren mendekoa, eta Docudays UA Giza Eskubideei buruzko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiarekin lankidetzan, orain arte urtero Kieven, martxoan, egiten zena.
Ukrainian Instituteko zinema arduradun Natalie Movshovychek eta Iryna Kyporenkok, eta Volodymyr Usyk eta Olha Beskhmelnytsina zinemagileek hartu dute parte ZINEBIk antolatutako topaketan, Errusiak beren herrialdea inbaditu zuenetik Ukrainako herritarrek bizi duten egoera kritikoaren berri emateko eta artearen zein kulturaren arloko profesionalen bizi-baldintzak larriagotu direla jakinarazteko.
ZINEBIk, Ukraina jasaten ari den muturreko egoerari elkartasuna adierazteko, Focus berezi bat programatu du. Bertan, errusiar inbasioaren ondoren ekoitzitako hiru film luze eta hiru film labur erakutsiko dira. Horiek guztiak Guggenheim Bilbao Museoko Auditorioan egongo dira ikusgai.
Hilaren 13an, 17:00etan, “Dana Kavelina Letter to a Turtledove” film laburra eta “One Day in Ukraine” (Volodymyr Tykhyy, 2022) film luzea proiektatuko dira; 19:00etan, bere aldetik, Dmytro Sukholytkyy-Sobchuk zinemagileak zuzendutako “Liturgy of Anti-Tank Obstacles” (Cannesko Jaialdiaren aurreko edizioan lehiatu zen “Pamfir” bere lehen film luzearekin) eta Mantas Kvedaraviius lituaniarrak zuzendutako eta Hanna Bilobrova alargunak amaitutako “Mariupolis 2” (soldadu errusiarrek zuzendaria harrapatu eta hil egin zuten Mariupol hirian, apirilaren hasieran, filmatzen ari zela).
Hilaren 15ean, 19:00etan, programa bikoitz batek emango dio amaiera Guggenheim Bilbao Museoaren Focus honen proiekzioei, zehazki, “Peace and Tranquility” (Myro Klochko eta Anatoliy Tatarenko, 2022) film laburrak eta “Ukraine. Overcoming the Darkness”, Kinodopomoha Mugimenduak sinatutako film luzeak osatua.